Pilotari bakoitzak ditu bere erronka eta motibazioak eta larunbat honetan Bilbon kaiolarekin aspaldiko zorrak kitatu nahi dituzten bi nafar arituko dira elkarren aurka; Unai Laso eta Iker Salaberria. Bizkarreta-Gerendiaingoak iaz ezin izan zuen txapelketan parte hartu aldakako ebakuntzatik osatze prozesuan zegoelako eta ia bi urte badira txapelketa honetan aritu ez dela –2022ko urriaren 29an aritu zen azken aldiz, final laurdenetako ligaxkan eta 22-11 galdu zuen Ezkurdiaren aurka–, nahiz eta aurtengo sanferminetakoan bi partida jokatu zituen, Agirre eta Jakari erraz irabazi eta Peñaren aurka galduta. Aspeko goizuetarrak, aldiz, iaz lortu zuen lehen aldiz lehen mailako ligaxkan sartzea final zortzirenetan Mikel Urrutikoetxeari Tolosan 22-14 gailenduta, baina ligaxkaz gozatzerik ez zuen izan, lehen partidan, Lekunberrin, Ezkurdiaren aurka eskua txikitu eta Jaka eta Peio Etxeberriaren aurka jokatu beharreko partidei uko egin behar izan zielako.
«Bi urte eta gero ilusioarekin heltzen naiz, beti kontrako eztarritik joan izan zaidan modalitate bat da Lau eta Erdikoa, baina ondo sentitzen naiz eta erakutsi dut nire jokoa atera dezakedala, paper on bat egin dezakedala eta gauzak ondo egiterik dudan», azaldu zuen 2021 urtean Altunaren aurkako finala 22-20 galdu zuen nafarrak.
Uda nekatu xamar amaitu omen zuen erroibartarrak, baina irailaren 24tik Logroñon partidarik jokatu gabe, gorputza oxigenatu ahal izan du eta «pilota gosez» irtngo da Bizkaia pilotalekura.
Beste aukera bat
Iker Salaberriak, bere aldetik, «onenekin lehiatzeko» beste aukera bat bezala hartzen du larunbateko partida eta aurten ligaxkaz gozatzea gustatuko litzaioke. Lasoren aldean, aurreko larunbatean bertan kaiolako partida bat jokatzetik dator –22-16 irabazi zion Dariori Ezkarain– eta itxura ona emanaz gainera. Gainera, bere aurkariarena ez bezala, kaiola da Salaberriaren buruz buruko modalitaterik gustukoena eta uda honetan bertan, Jokin Altuna bezalako espezialista handi bat oso estu hartu zuen Zumarragan jokatutako sanferminetakoan (22-20).
Pronostikoetan Baikokoa irtengo da faborito, baina Salaberriak aurreko astean bezala sakearekin eta gantxoarekin asmatzen badu, edozeini susto bat emateko gai da.
Arerio zuzenak Tolosan
Astelehenean Tolosan Elordi eta Zabaletak jokatuko duten lehiak ere badu mamirik, final laurdenetako ligaxkarako txartelaz harago, enpresa barruan duten estatusa ere jokoan izan baitezakete Elordik eta Zabalak.
Azken hilabeteetan badirudi binakako torneoetan 2023ko Binakako eta Buruz Buruko txapeldunaren aurretik dabilela errioxarra, baina ute zail baten ostean, bizkaitarrak egoerari buelta eman nahi dio, berez, bere dohainetara hobeto moldatzen den txapelketa batean.