Migrazioak gora egiten jarraitzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta azken bost urteetan «nabarmen» hazi da, ondorio ekonomiko eta sozial garrantzitsuak izan dituen pandemia izan arren. Denera, atzerritar jatorriko 277.564 pertsona bizi ziren hiru herrialdeetan 2023an, hau da, erkidegoko biztanleria osoaren %12,6. Zifra hori handituz doa urtetik urtera: 2010ean 179.582 ziren (%8,2), 2014an 195.245 (%9) eta 2018an 211.208 (%9,7).
Hala jakinarazi dute ostegun honetan Gasteizen Nerea Melgosa Lakuako Gobernuko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak, 2023ko Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestaren ondorio nagusien aurkezpenean. Lakuako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko organo estatistiko espezifikoak egin du inkesta, eta «Euskadin bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen errealitatearen argazki finkoa eskaintzen du».
%49,8, latinoamerikar jatorrikoak
Datuak kontuan hartuta, atzerritar jatorriko biztanle multzorik handiena latinoamerikar jatorrikoa da, guztizkoaren %49,8. Afrikar jatorriko kolektiboa EAEko atzerritar jatorriko biztanleriaren %26,2 zen 2023an.
EAEra iristen diren emakumeak gehiago dira gizonak baino. 2023an, atzerritar jatorriko biztanleen sexuaren araberako banaketak kolektiboaren feminizazioa islatzen jarraitzen zuen, baina emakumeen pisu erlatiboa murriztu egin zen. Horrela, 2023an kolektiboaren %52,2 dira, eta 2018an %55,1 ziren.
Izan ere, atzerritar jatorriko kolektiboan gizonek eta emakumeek duten proportzio orokorrak desoreka handiak ezkutatzen ditu jatorriaren araberako talde askotako sexuaren araberako banaketan. Horrela, adibidez, emakumeen proportzioen batez bestekoa %59koa da latinoamerikar jatorriko biztanle-taldeetan, eta %28,4koa jatorria Senegal duen biztanlerian.
Atzerritar jatorriko biztanleen nukleo nagusia 22-44 urte bitartekoa da, %38,4 baitira, eta, ondoren, 25 urtez azpikoak %30,6 dira (16 urtez azpikoak %20,1 dira eta 16 urtetik 24 urtera bitartekoak, %10,5). Ia heren bat (%31) 45 urtetik gorakoa da, segur aski pertsona horietako batzuek urte asko daramatzatelako Euskal Herrian errotuta. Kolektibo hori 2010ean aztertutako biztanleriaren %19 baino ez zen.
%7,9k ez du bizileku baimenik
Atzerritar jatorriko biztanleen administrazio egoerari dagokionez, nabarmendu behar da heren batek baino gehiagok, %37k, lortu duela espainiar nazionalitatea. Gainera, %0,1 baino ez dira EAEn bertan erroldatu gabe bizi direnak (2010ean %0,4 ziren, 2014an %0,8 eta 2018an, %0,5). Bizileku baimenari erreparatuz gero, atzerritar jatorriko biztanleen %7,9k ez dute bizileku baimenik edo, 16 urte edo gehiago izanda, lan baimenik.
16 urtetik gorako atzerritar jatorriko lau pertsonatik hiruk (%76,1) ez du ikasketa kualifikaturik. Inolako ikasketarik gabeko pertsonak %14,3 dira, oinarrizko ikasketak egin dituztenak %18,7 eta kualifikatu gabeko lehen mailakoen ondorengoak egin dituztenak %43,1 (%35,9k bigarren mailakoak dituzte eta %7,3k, erdi-mailako LHkoak). Ikasketa kualifikatuak dituztenak %23,9 dira, eta horien artean %7,7k goi-mailako LHko ikasketak ditu eta %16,2k hirugarren mailakoak, bidean edo amaituta.
Nabarmendu behar da bigarren mailako ikasketak dituen biztanleriak egin duela gehien gora EAEn atzerritar jatorriko 16 urtetik gorako biztanleen artean; 2018an 51.597 ziren eta 2023an 79.559.
Atzerritar jatorriko 16 urtez azpiko biztanleriari dagokionez, ia bostetik batek (%19k) adierazi du eskolan integratzeko arazo motaren bat izan duela. Balio horrek adierazten du gorakada nabarmena izan dela 2018ko %13,1etik, eta orain arte izandako baliorik handiena da.
Bizi diren lekuko komunikazio hizkuntzari dagokionez, nabarmentzen da oso zabalduta dagoela gaztelaniaren erabilera, 2023an atzerritar jatorriko biztanleen lautik hiruk (%75,6) erabiltzen baitute. Euskarari dagokionez, iritsi diren atzerritar jatorriko %2,1ek adierazten dute etxean erabiltzen duten hizkuntzetako bat dela.
132.409 pertsona lanean, 2010ean baino ia bi aldiz gehiago
Inkestaren urtean, 2023an, atzerritar jatorriko 211.421 pertsona zeuden aktiboa izan daitekeen adin tartean (16-66 urte artean), eta horietatik 132.409 ari ziren beharrean EAEko lan merkatuan. 2018an 98.661 ziren; 2010ean zegoen landunen kopurua baino (77.000) ia bi aldiz handiagoa da. Berez, 2018tik %34,2ko igoera izan da landunen artean.
Atzerritar jatorriko biztanleria EAEko biztanleria landunaren %13,7 da dagoeneko. Kolektiboaren okupazio tasa (%62,6) serie historikoko handiena da (2018an %62; 2014an %48,4; 2010ean %52,1), eta langabeziarena (%19,1), txikiena (2018an %19,5; 2014an %39,4; 2010ean %31). Magnitude horiek EAEko biztanleenekin orokorrean alderatzen baditugu, landunen tasa handiagoa da atzerritarren artean (%62,6 eta %51,8), eta langabezia maila ere bai (%19,1 eta %7,8).
Jatorria kontuan hartuta, alde handiak daude. Txinatik, Europatik eta Latinoamerikatik iritsitako biztanleen okupazio tasak Senegaldik edo Magrebetik iritsitako pertsonenak baino handiagoak dira. Magrebtar jatorriko biztanleen okupazio koefizientea %43,4koa da (2018ko %38,7koa baino handiagoa), eta Afrikako gainerako herrialdeetatik iritsitako pertsonena antzekoa da, %43,7koa (2018an %41,4).
Lanean ari diren atzerritar jatorriko biztanle gehienek zerbitzuen sektorean lan egiten dute: lautik hiruk (%73,6), eta, orain arte bezala, etxeko zerbitzuak (%16,5), ostalaritza (%15,5) eta merkataritza (%13,5) nabarmentzen dira. Baina EAEko ekonomiarentzat funtsezkoak diren beste sektore batzuetan ere badaude, hala nola industrian, eraikuntzan edo lehen sektorean.
Batez ere kualifikatutako eta erdi-kualifikatutako langileak dira: %58,5ek langile kualifikatu edo erdi-kualifikatu gisa lan egiten du (77.417 pertsonak). %22 kualifikatu gabeko kolektiboa da (29.151 pertsona). Eta zuzendariak, teknikariak eta enplegatu administratiboak okupazioaren %19,5 dira (25.840 pertsona).
Gainera, kontratazio mugagabea gora egiten ari da atzerritar jatorriko biztanleen artean, eta kolektiboko soldatapekoen %71,2 dira.
Asmoak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako atzerritar jatorriko biztanleen etorkizuneko aurreikuspenei dagokienez, atzerritar jatorriko biztanle gehienen asmoa bertan geratzea da. %95,8k Euskal Herrian bost urtean geratzeko asmoa du. Gainera, jatorrian helburu horrekin pertsonen %50 baino gutxiago iritsi ziren arren, hamarretik ia bederatzik erabaki dute beren bizi proiektua EAEn garatu nahi dutela (%89k). Balio hori etengabe ari da igotzen 2010eko %75,9tik.