Donostiako San Telmo Museoaren klaustrora eraman ditu ‘Jakin’ek herri agintariak, euskalgintza eta kulturgintzako ordezkariak eta jakinminean bazka topatzen duten herritarrak, proiektuaren eraberritzea aurkeztu eta ospatzeko aitzakian. Poltsa bana jaso du bakoitzak, eta poltsa bakoitzak, bi liburu: bat, lehen ale berria, ‘Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka’ izenekoa; gaurko begi gazteak jarri ditu euskal gatazkaren aldi hari begira eta jaso du, behingoz, esateko duten hori. Bi, bilduma bat: ‘Jakin’en, 1956ko bere sorreratik, noizbait argitaratu diren 222 autoreen esaldi mamitsuak.
«Dabilen pentsamendua» leloak lagunduko du ostegun honetan ireki den aldi berria, eta horri fidel, atzeko lanei begira hasi du Lorea Agirre ‘Jakin’eko zuzendariak metamorfosiaren aurkezpena, zeren, ziur agertu da, haustura oro segida bat da, hala esaten zuen Joxe Azurmendik. Duela hamar urte, 2014an, Jakineko «belaunaldi kolosal, emankor eta eskuzabalari» erreleboa hartu zien taldeak ez zuen bidea hautsi. «Horien ideia askoren gainean, galderak egin beaharraren gainean, gabiltza ondorengook zutik», zehaztu diote betetako klaustroari Agirrek eta bere oihartzunak.
Talde horrek ‘Jakin’en proiektuari heldu zionetik hiru xederi segutu zioten: egungo auziak «gaur eta hemendik» identifikatzea, «aldatzen ari denari erreparatzea eta datorrenari usaina hartzea», lehenengoa, zuzendariaren hitzetan. Bigarrena eta hirugarrena, aldizkariaren –eta webgunearen, eta podcastaren, eta...– orri zuriak hobeto banatzea: azken hamar urteetan 350 artikulutik gora argitaratu dituzte, horietatik erdia baino gehiago emakumeek idatzi dituzte, eta horietako 116 gazteek, 35 urtetik beherakoek, jakinarazi du Agirrek.
Segidak hautsiz, eta hausturak segituz, aurten 68 urte egin dituen ‘Jakin’ berria da jada. Dabilen pentsamendua ehizatuko du, zeren «euskal pentsamendua badugu gure buruari eta munduari eskaintzeko», ziurtatu du Agirrek.
Munduak gizakia egiten duen eran, gizakiak mundua egiten duela esan du, berau pentsatzeko ahalmena izanez gero. Bada, «gutasun» horri eta munduari erreparatzeko ezinbesteko lau begirada erabiliko ditu ‘Jakin’ek: krisi ekosozialaren betaurrekoak jantziko ditu, «diruaren gurtza oinarrian duen gizarte neoliberal eta hiperkapitalistak sortzen dituen prekarizazioa, arrazismoa, kolonialismoa», eta abarrak ezin direlako hori gabe ulertu. Betaurreko feministak jantziko ditu, horiek gabe gabe ezin delako azterketa zoli bat egin; eta «euskaldun izatearen, hizkuntza minorizatu eta nazio ukatu bateko kide izatearen baldintzapena eta indargunea» izango du azken hanka.
Kontseilu editorial berria
‘Jakin’ aldizkaria berrituta dator. Kanpotik, lehenengoz, azalean argazki bat erakutsiko du, eta barrutik, nobedadeen artean, Itziar Ugarte kazetari eta literaturgileak hartuko du garaiko galderak garaiko kulturgileei zuzentzeko ardura. Baina Jakin ez da soilik aldizkaria, Haritz Azurmendi jakinkideak ohartu duenez. Gogoratu du proiektuan gero eta pisu handiagoa hartu dutela euskal pentsamenduaren digitalizazioari eskainitako atalak, eta baita ikus-entzunezkoek ere. «Norabide horretan hazten jarraitzeko pauso bat da berritze hau, garaian garaiko auzi unibertsalei euskaraz heltzeko eta euskal pentsamenduaren plaza zabaltzen jarraitzeko», adierazi du.
Gorputzaz gain, burua ere aldatuko du ‘Jakin’ek. 2014an kontseilu editoriala sortu zuen lehenengoz, proiektuak jasoko zituen gaiak, horiei eman beharreko enfokeak, luma nori eman eta bestelako erabaki eta eztabaidak hartzen zituen erreferentziazko taldea. Orain, seikote berri hau jarriko da mahai buelta horretan: Garazi Arrula idazlea eta editorea (1987); Sustrai Colina: Urruña bertsolaria eta kazetaria (1982 ); Cira Crespo idazlea eta historialaria (1980); Xabier Landabidea ikus-entzunezko komunikazioan aditua (1981); Iratxe Retolaza literatur kritikaria eta idazlea (1977) eta Mikel Urdangarin filosofian doktorea (1994).
Azalpenen ostean, hainbat gonbidatuen ahotsak biderkatu ditu San Telmoko klaustroaren oihartzunak. Ekitaldian parte hartu dute Miren Narbaiza MICE musikariak, Harkaitz Cano idazleak, Irati Zubia filosofoak, Danele Sarriugarte idazleak eta Maialen Lujanbio bertsolariak.