Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Hernaniko hezkuntza komunitateak euskararen taupada indartu nahi du

Gu Geok plataforma aurkeztu dute Hernanin, ikastetxe guztietako ordezkaritzarekin. Kezka batetik sortu da, «euskararen erabilera moteltzen» ari delako, «euskararen inguruko kontzientzia lausotzen» eta «euskal kulturaren transmisioa apaltzen». Oxigeno-baloi bat izan nahi duen dekalogoa adostu dute.

Hernaniko ikastetxe guztiek bat egin dute Gu Geok plataforman.
Hernaniko ikastetxe guztiek bat egin dute Gu Geok plataforman. (Maialen ANDRES | FOKU)

Egonezin partekatu batetik sortu da Gu Geok plataforma, gaur Hernanin aurkeztu dutena. Bertan elkartu dira herriko ikastetxe guztiak, eskola horietan denetan sumatzen ari diren joera batekin kezkatuta: euskararen erabilera moteltzen ari da, euskararekiko kontzientzia lausotzen eta euskal kulturaren transmisioaren haria ahultzen. Aratz ikastolak, Elizatxo ikastolak, Hernani BHI Institutuak, Hernaniko Haurreskolak, Langile Ikastolak, Txirrita ikastetxeak eta Urumea ikastolak parte hartu dute prozesuan.

Duela urtebete abiatu zen gogoetaren emaitza da Gu Geok. Hezitzaileen artean galdeketa bat egin dute azken hilabeteotan eta ondorio kezkagarriak jarri ditu mahai gainean. «Hizkuntza guztiei trataera bera emateko joera antzeman dugu, gizartean elebitasun orekatu batean biziko bagina bezala». «Ikasleei ez zaie baliabide nahikorik ematen euskarak bizi duen azpiratze eta minorizazio egoera ulertzeko. Ondorioz, diskriminazio positiboan oinarritzen diren eta euskalduntze prozesua sustatzea helburu duten neurri hezitzaileak aplikatzea gero eta konplexuagoa da». «Euskara bere unibertsotik bereizteko joera antzeman dugu; euskara bere lurralde eta kulturatik bereizita transmititzekoa». «Ikas-materiala azterturik, ondorioztatu dugu euskararen lurraldeari eta Euskal Herriaren errealitateari muzin egiten dioten testuliburu eta materialak direla nagusi gure eskoletan», nabarmendu dute besteren artean.

Hartara, diagnostikoan eta kezkan geratu gabe, pauso bat aurrera ematea erabaki eta dekalogo batean bildu dituzte hartu asmo dituzten neurriak. «Hezkuntza komunitate guztiari dagokio –irakasle, hezitzaile nahiz guraso– euskalduntze prozesuaren eragile aktiboa izatea. Guztiok gara euskara irakasle eta euskararen biziberritzean eredu izateko ardura daukagu ikastetxeok», adierazi dute.

Dekalogoa adostu dute

Aipatu ikastetxeetako klaustroek dekalogo bat adostu dute eta bertan jasotzen diren urratsak garatu eta gauzatzeko konpromisoa hartu dute. Batetik, euskararen diziplinarteko izaera indartu nahi dute, «ikasgai guztiak eta ikastetxeko egoera guztiak dira ikasleen hizkuntza-gaitasunak eta hizkuntza-joerak hobetzeko abagunea».  

Euskal hiztun aktiboak hezteko konpromisoa ere jaso du dokumentuak, «ez da aski euskara irakastea. Eskolak euskal hiztun aktiboak sortu behar ditu, euskal unibertsoarekiko atxikimendua eraiki». Soziolinguistika ikasleen prestakuntza-arlo gisa ulertzeko beharra nabarmentzen du dekalogoak. «Heziketa soziolinguistikoa garatu, ikasleei gizartearen hizkuntza-praktikez hausnartzeko baliabide analitikoak eskaini eta ikasleen hizkuntza-jarreretan eragiteko», jasotzen du zehatz.

«Elkarbizitza eta kultura aniztasuna», «arnasguneak eskoletan», «euskaldunen ahalduntzea» edota «curriculumaren euskal dimentsioa jorratu» bezalako konpromisoak ere adostu ditu Hernaniko hezkuntza komunitateak. Testuliburu eta material didaktikoan eragiteko beharra ere nabarmendu da, «euskararen herria aintzat hartzen duten testuliburu eta materialak aukeratu eta erabiliz». «Euskarazko kulturgintzaren zaleak sortzea» eta «hezkidetza eta euskara» ardatz dituen eskola jostea dira dekalogoak biltzen dituen beste konpromisoak. Eskola bakoitzak bere errealitatetik, euskarari arnasa eman nahi dion dinamika martxan da.