NAIZ

Tuterako zezena lurrera bota du Ernaik, Tafallako manifestazioaren bezperetan

Tafallan larunbat honetan faxismoaren aurka deitu duen mobilizazioaren atarian egin du ekintza Ernai gazte antolakundeak. «Ez dugu españolismoaren goratzea egiten duen sinbolorik nahi, Euskal Herria antifaxista bere luze zabalean aldarrikatzen jarraituko dugu». 13.00etan abiatuko da mobilizazioa.

Tuterako zezenaren aurkako ekintza, gauez burutua.
Tuterako zezenaren aurkako ekintza, gauez burutua. (Ernai)

2015. urtean, Hispanitate Egunaren aurretik ere, egin zuen ekintza errepikatu du Ernaik: Tutera ondoan kokaturik dagoen zezen erraldoi aski ezaguna lurrera bota du, gauez egindako ekimenean. Zenbait irudi zabaldu ditu, eta bideo bat ere bai.

 

Osborne etxeko zezen horiek 50eko hamarkadatik ageri dira espainiar Estatuko errepide askoren ondoan. Tuterako hau Euskal Herrian gelditzen den bakanetakoa da gaur egun, Arabako Ribabellosatik gertu. Denborak aurrera egin ahala, espaniartasunaren ikur bilakatu dira eta horri egin nahi izan dio eraso Ernaik.

Tafallan larunbat honetan faxismoaren aurka deitu den mobilizazioaren bezperan gertatu da ekintza. 13.00etan abiatuko da mobilizazioa bertako plazatik.

Hori iragartzeko mezuren batean Tuterako alkate den Alejandro Toqueroren jokabidea politikoa salatu du Ernaik.

 

«Espainolismoaren eta faxismoaren normalizazioan, Hispanitatearen Egunak jokatzen duen papera ukaezina dela ongi dakigu. Horregatik Tafallan mobilizatukok gara. Gu Nafarroako etorkizuna gara; haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi utziko diegu», azaldu du Ernaik.

Oraindik indarrean den 1978ko Erregimena, «nazioarteko eskuin muturraren gorakadarekin batera, faxismoaren oldarraldi baterako agertoki bikaina da», ohartarazi du. «Dagoeneko gorakada horren ondorio batzuk bizitzen ari gara: ‘Cara al sol’ abesten Tuteran, gure ikurren debekua Atarrabian, jai herrikoi eta euskaldunak debekatzen Lizarran, Vox-en gorakada hauteskundeetan, euskara meritua legez kanporatua osasungintzan, eta abar luze bat».

Gauzak honela, «urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko, irabazteko baizik. Antifaxismoak irabatzeko, Euskal Herria irabaztera goaz!», adierazi du gazte erakundeak.

Toquero, haserre

Tuterako alkate Alejandro Toquero (UPN) oso haserre azaldu da sare sozialetan Ernairen ekintzaren aurrean. «Nafarrak eta espainiarrak izateaz harro gara. Nahi dituzten zezen guztiak bota ditzakete. Ezker abertzaleko intoleranteek botatzen duten bakoitzean, zezena berriz altxatuko dugu», adierazi du.

PSN eta Contigo Tudela udal taldeak ere Ernairen ekintzaren aurka azaldu dira.