Arnaitz Gorriti

Portugalen erdizka utzi zituen lanak borobiltzea izango da Super Amara Bera Beraren helburua

Benficari EHF European Leagueko bigarren kanporaketako joaneko partidan 28-30 irabazi zion Imanol Alvarezen taldeak, baina zortzi goleko aldea ere izan zuelarik, aho zapore mikatzarekin itzuli zen etxera. Etxeko lanak egiteaz gain, taldearen «bertsio onenera hurbiltzea» bilatzen du orain.

Esther Arrojeriak taldeak «bere sentsazio oneneak berreskuratzea» nahi du.
Esther Arrojeriak taldeak «bere sentsazio oneneak berreskuratzea» nahi du. (Jon URBE | FOKU)

«Taldea gogotsu dago, baina ez kanporaketa pasatzeko bakarrik. Batez ere sentsazio on horiek berreskuratu nahi ditu», adierazi du Super Amara Berara taldeko jokalari Esther Arrojeriak Benficaren aurka EHF European Leagueko bigarren kanporaketari dagokion itzulerako dema jokatu bezperan. Larunbat eguerdiko 12.00etan Josean Gasca pabiloian pasa den igandean erdizka utzi zuten lana borobiltzea nahi baitute donostiarrek.

Besterik gabe, kontua partida irabaztea balitz, bideratuta dutela gogoratu behar da; izan ere, Imanol Alvarezek entrenatzen duen taldeak 28-30 irabazi zion arerio portugaldarrari joaneko neurketan. Ondorioz, gauzak ondo, MKS Lublin talde poloniarraren jokatzeko aurka arazorik gabe sailkatu beharko lukete donostiarrek.

Baina Arrojeriak aintzat dituen «sentsazio on» horiek alde egin zuten neurketaren azken aldera. Hain zuzen, zortzi goleko abantaila ia erabat galtzen utzi zutelako gipuzkoarrek.

«Kanporaketa ia erabakita izatetik guztiz irekia geratu da berriz ere. Benfica bere aukerekin dator hona, sinetsita egongo dira partida ona jokatuz gero kanporaketa beraiena izan daitekeela, eta beraz, gure zeregina izango da hasieratik argi uztea kanporaketa hau etxean geratzea nahi dugula», azpimarratu du Usurbilgo jokalariak.

Imanol Alvarez berak ere zer gertatu zen garbi izan arren, onartu du, halaber, Lisboan azken minutu horietan jazo zitzaiena «ez dela normala. Defentsa biguna izan zen, erasoak ez zituen jaurtiketak ondo aukeratu eta, aitzakia ez izan arren, epaileen erabakiak ez ziren egokiak izan minutu horietan».

Entrenatzaile ermuarraren iritziz, aldeari begira jardutea alperrekoa da. Hain zuzen, bi partidak amaitu ostean azken emaitza berdindurik balego, kanpoan sarturiko gol kopuruak ez luke garrantzirik izango eta kitarakoa penalti jaurtiketetan bilatu beharko lukete talde biek. Bada, baldintza horien karietara «partida irabaztera jokatu behar da; hau da, partida irabazten duen taldeak kanporaketa gaindituko du».

Aurreneko 50 minutuetan Super Amara Bera Berak egindako jokoa ontzat eman arren, Imanol Alvarezen hitzetan «Lisboan baino hobeto jokatzeko gai» badirela adierazi du eta horretarako bere taldeari «aukerak alperrik ez galtzeko» eskatu dio. «Gure azken helburuan kontzentratuta egon behar dugu, egin beharreko gauzetan, irabaztera irten behar dugu, eta gainera etxean talde boteretsua gara».

Teknikari bizkaitarrak dioena bere horretan bete dadin, bere taldeari «defentsan intentsitatea igotzea eta erasoan patxada gehiago izatea», eskatu dio: «kontrol handiagoz jokatzea eta egoera argiagoak bilatzea», hain justu. Alvarezen ustez, «gure gabeziak kontrolatzen ditugunean askoz talde indartsuagoa izango gara. Horregatik, orain elkarrekin arraun egin behar dugu, defentsako eta erasoko lan handiagoa eginez eta lasaiago jokatzeko gai izanez, gure piboteak zein erasoko beste aukera batzuek bilatuz».