Gaixorik dauden haurrak eta haien familiak babestea eta laguntzea helburu duen Juneren Hegoak elkarteak Erronka Eguna ospatu du ostiral eta larunbatean Errenterian. Xabi Salillasen kirol erronka kolosala da ekitaldiko alderik erakargarrienetakoa: 24 orduko triatloi erronka egin du. Baina bestelako aitzakiak ere izan dituzte herritarrek Gernika plazara hurbiltzeko, besteak beste, paella bazkari solidarioa eta haurrentzako jolasak.
Xabi Salillas 50 urteko hernianarrak hainbat kirol erronka solidariotan parte hartu du, besteak beste, Hernani Wrukorekin, Aurrera Markelekin, Pausoka edo EiTB maratoia bezalako elkarte edo ekimenekin bat eginez. Ostiralean ekin zion Juneren Hegoak elkartea laguntzeko erronka berriari, arratsaldeko zazpietan. Zortzi orduz igeri egin zuen, beste zortzi egin ditu bizikletan, eta 24 orduren buruan amaitu du erronka, larunbat honetako 19.00etan, azken zortzi orduak batean korrika eman ostean.
Alabaina, kirol erronka ez da izan elkarteak prestatu duen eguneko ekitaldi bakara. Ostiralean zumba eta txokolatada egin zituzten, eta larunbatean hainbat ekimen antolatu dituzte: eskulanak, aurpegiak margotzeko guneak, buruhandiak, puzgarriak, photocall-a... Haurrak izan dira festako protagonistak.
Eguerdian, gainera, paella bazkari solidarioa egin dute haur eta helduek, eta magia ikuskizuna eta diskofesta izan dituzte arratsaldean. Salillasek erronka amaitzearekin batera bukatu da Juneren Hegoak elkartearen ekimen handia ere.