Amaia U. Lasagabaster

Athleticen erakusketa: Ez dago familiarik emakume barik

«Emakumea Athletic Cluben: itzaletik argira» erakusketa eta «Hamaika andra zurigorri» dokumentala aurkeztu ditu Athleticek, denbora luzez aitortu ez den emakumeek klubaren bilakaeran izandako partehartzea ikusarazteko eta omentzeko asmoarekin.

Nekane Diez jokalari oiha eta Sara Estevez kazetari aintzindaria, erakusketan.
Nekane Diez jokalari oiha eta Sara Estevez kazetari aintzindaria, erakusketan. (O. MATXIN-EDESA | FOKU)

 Familia. Ziurrenik erantzun nagusia hori da, Athleticeko partaideei, zale beteranoenetik futbolari gazteneeraino, klubaren esentziari buruz galdetzen zaienean. Eta emakume barik familiarik ez dagoenez, ezinbestekoa izan da haien ekarpena, erakundeak 126 urteko bidea ibiltzeko. Baina etxe gehienetan ez bezala, Athleticeko familia argazkietan ez dira agertu mende luze honen zati handi batean. Bidegabekeria hori zuzentzeko eta klubaren arlo guztietan egin duten lana aldarrikatzeko eta omentzeko, Athleticek “Emakumea Athletic Cluben: itzaletik argira” erakusketa atondu du eta “Hamaika andra zurigorri” dokumentala ekoitzi du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Labayru Fundazioarekin batera.

San Mamesen ikusi ahal izan ziren biak atzo estreinakoz. Eta protagonistak izan ziren gozatzeko aukera izan zuten lehenengoak. Malkoak irtetearekin mehatxatzen kasuren batean, irribarre zabala aurpegian denetan. Bereziki hunkituta agertu ziren emakumezkoen futbolaren aintzindariak Bizkaian, 70eko hamarkadatik aurrera Sondika bezalako taldeetan jokatzen hasi zirenak. Inoiz ez zuten kamiseta zuri-gorria janzteko aukera izan, baina badakite gaur egungo errealitatea ezinezkoa izango litzatekeela eurek emandako urratsik gabe, eta horrela aitortu zuten bertaratutako futbolari-ohi gazteagoek, horiek ere lagundu dutela, barrutik, Athletic handiagoa izaten.

2002an sortu zen emakumeen taldea, eta San Mamesen hilabete batzu geroago haien lehen partidak bildutako 23.000 zaleek -35.000 izan ziren gero lehen titulua zuzenean ospatu zutenak- erakutsi zuten normaltasunak ez zuela izan behar ordura arte bizi izandakoa, egun horretan idazten hasi zen historiaren atal berria baizik.

Lau urte geroago, Ana Urquijo lehen -eta momentuz azken- presidente emakumea bilakatu zen. Hura izan zen lehen batzordekidea ere -XX. mende osoan egon den bakarra- eta, beraz, San Mameseko palkoan sartu zen lehenengoa ere. Egungo Zuzendaritza Batzordean sei daude, herena. Eboluzioa argia da, nahiz eta bidea geratu eta batzuetan bide hori «matxeteaz ireki behar», Garazi Unibaso batzordekideak adierazi duen bezala.

Ez zen ez arma zuririk ez galtzailerik izan Edurne Salsamendik 70eko hamarkadan ekin zion borrokan. Haren ahaleginari esker, emakumeek bazkideak izateko aukera lortu zuten 1979an. Ordura arte, eta bakarrik 1926tik, abonatuak besterik ezin ziren izan; hau da, gizonek adina ordaintzen zuten, baina ez zuten bozkatzeko edo batzarretan parte hartzeko eskubiderik.

Diskriminazioa are nabariagoa izan da lan arloan. Klubak gordetzen duen dokumenturik zaharrena langileei buruzko erreferentziekin 1929koa da. Emakume bakarra agertzen eta izen barik agertzen den behargin bakarra da ere: «garbiketako emakumea». Ernestina Dosantos eta Pura Fernandez San Mameseko lehenengo txapelgorrietakoak izan ziren: «Gure lan bakarra gizonak emakumeen komunetara sar ez zitezen zaintzea zen, besterik ez. Gure sentipena zen hara bidaltzen gintuztela ez genuelako beste ezertarako balio. Denborarekin, zorionez, asko aldatu da».

Kazetariak, zaletuak, jokalariak, entrenatzaileak, beharginak... Testigantzak ugariak dira, emakumearen presentzia Athleticen ere horrela izan delako, nahiz eta, erakusketaren izenak gogorazten duen bezala, itzalean egon den argitara atera aurretik.

Erakusketa Athleticen Museoan egongo da maiatzaren 11ra arte. Dokumentazioa, argazkiak, kamisetak edo emakume zuri-gorriek irabazitako trofeoak ikusiz, bidaia bat egin daiteke denboran zehar.

Akaitze Kamiruaga zuzendutako dokumentalak, berriz, 32 testigantza jaso ditu, emakume zuri-gorriek bizi izan dituzten zailtasunak, poztasunak, esperientziak eta ilusioak zuzenean beren ahotsetik ezagutzeko. Hurrengo Thinking Football Film Festivalean eta, atalka, sare sozialetan ikusi ahal izango da.