«Makina bat partida irabaziko nituen kirol mailaz-eta itxura batean garrantzitsuagoak, baina gaurkoaren bezainbesteko poztasunik ez. Ez dira aste errazak izan. Halako momentuak kudeatzea zaila da. Ez nuen inondik inora ere pentsatuko jokatuko nuekin; oso etsita nengoen», adierazi du Iñaki Artolak Joseba Ezkurdiari 11-22 irabazi ondoren. Baikoko pilotariak Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetarako ligaxkarako txartela lortu du. Datorren igandean jokatuko du lehen partida, Eibarko Astelehena frontoian, Jokin Altunaren aurka.
Joan den ostiralean jakinarazi zuen alegiarrak Lau eta Erdiko Txapelketako final-zortzirenak jokatuko zituela. Zalantzaz betetako bi asteak azkar argitu ditu kantxan Artolak, partida ona jokatuta kaiolan trebea den Ezkurdiaren aurka.
Dema gogorra izan da Lekunberrin jokatu dutena Artolak eta Ezkurdiak. Bereziki hasieran. 2-3 zihoazela markagailuan, 32 pilotakadako tanto luzea bezain gogorra jokatu dute. 2-4koa Artolaren alde.
Nahiko berdintsu zihoan lehia, batetik, Ezkurdiak aukera zuenean aurrera eginez, eta bestetik, Artolak tantoa patxadaz hartuz, noiz errematatuko zain.
Lehen atsedenaldian 10-12 joan dira aldageletara, alegiarra aurretik. Orduan hautsi du partida Baikoko pilotariak, bi tanto sakez eginda, eta bolada on hori 20. tantoraino luzatuta. Hamar tanto egin dizkio segidan alegiarrak arbizuarrari.
Orduan egin du behera Ezkurdiak, bere burua kantxan topatzen ez zuela. Azkenerako, 11-22 Artolaren alde. Pozez zoratzen zegoen alegiarra, eta honelaxe aztertu du lehian gertatutakoa.
«Konfiantzak gehiago balio du fisikoak baino»
«Jokoan gauza batzuk gaur baino hobeto egin izan ditut. Adibidez, sakatzera beldurrez joaten nintzen, zabalera ibili luzeetan ere bai. Konfiantzak gehiago balio du fisikoak baino. Ia entrenatu gabe etorri naiz, baina konfiantzarekin. Aurreko partidak ondo jokatzetik nentorren eta begira».
Partidaren gakoa non egon den galdetuta, Artolak ezker pareta aipatu du. «Frontoi honek ezker pareta oso irregularra du, eta zorua ere bizia da. Bagenekien sakea egiterakoan ezker pareta jotzen asmatzen zuenak min handia egingo zuela. Tantoa ekartzeko zaila zegoen. Abiadura ematea baino, hobeto zen luze-luze paretara ateratzea».
Ezkurdiaren inguruan ere hitz egin du. Alegiarrak adierazi du «akaso ez duela egunik onena izan»: «Berak duen ibilbidearekin, partida hau nahitaez irabaztekoa zuen. Ni, ordea, hankarekin presiorik gabe etorri naiz, eta sekulako oparia izan da. Orain astebete daukat hanka hobeto errekuperatzeko. Gaur ez dut ezer sentitu. Beste zazpi egun ditut».
FITXA TEKNIKOA
Joseba Ezkurdia: 11
Iñaki Artola: 22
Pilotakadak: 237 pilotakada. Iraupena: 46 minutu. Markagailua: 0-3, 1-3, 2-4, 3-6, 6-6, 7-7, 8-8, 9-10, 10-10, 10-12, 10-20, 11-20, 11-22. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 4 Artolak. Egindakoak: 6 Ezkurdiak eta 14 Artolak. Galdutakoak: 8 Ezkurdiak eta 5 Artolak. Gorabeherak: 100/40 Ezkurdiaren alde apustuak. Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan jokatu dute Lau eta Erdiko final zortzirenetako kanporaketa. Lehen sakea, urdin.