Asier Robles
Bilbo

Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak aztertu ditu Martin Arbeok Iratzarren saiakera berrian

Bizi dugun trantsizio geopolitikoan, non kokatzen da Europa? Mendebaldearen gainbehera eta mundu multipolarraren nondik norakoak aztertu ditu Martin Arbeok ‘Liluraren kontra. Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak’ liburuxkan. Iratzar Fundazioaren Iparrorratza bildumaren bederatzigarren liburua da.

‘Liluraren kontra. Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak’ liburuaren aurkezpena.
‘Liluraren kontra. Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak’ liburuaren aurkezpena. (Mikel Mtz DE TRESPUENTES | FOKU)

Martin Arbeok ‘Liluraren kontra. Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak’ liburuxka aurkeztu du ostegun honetan Iratzar Fundazioak Bilbon duen egoitzan. Berarekin batera, Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko editorea eta Andoni Olariaga Iratzarreko ordezkaria izan dira.

Geopolitikaz hitz egiterakoan ohikoa da fokua AEB eta Txinaren arteko lehian kokatzea, baina askotan Europa ekuaziotik kanpo uzten da. Horregatik galdera luzatzea funtsezkoa da: non geratzen da orain historikoki hegemonikoa izan den gure kontinentea?

Saiakera liburuxka honetan Arbeok agerian uzten du trantsizio geopolitiko batean gaudela eta trantsizio horren sintoma eta gako nagusiak aztertzen ditu.

Liburua bost ataletan sailkatu du: Munduaren aldaketa eta trantsizio geopolitikoa, mendebaldearen gainbehera eta mundu multipolarra dira lehengo kapituluan jorratzen dituen gaiak; bigarrenean, berriz, kaos sistemikoak eta gerra soluzioa. Hirugarrenean, AEBen eta Txinaren arteko lehia azpimarratzen ditu. Laugarrenean, Europako Batasunaren noraezaz eta berrarmatzea prozesuaz ari da; eta azken atalean gerra eta sozialdemokarazia dira jorratzen dituen gaiak, bakea eta bizitzarekin batera.

«Mundua abiadura bizian aldatzen ari da: gaurdaino ezagutu dugun nazioarteko ordena hautsi egin da, ezegonkortasuna da nagusi eta indar militarren erabilera normaltzen ari da. Trantsizio geopolitikoa martxan da, hots, munduko boterearen birbanaketa fase sakona. Testuinguru horretan, gatazka eta tentsio geopolitikoak areagotu baino ez dira egingo. Ameriketako Estatu Batuen hegemonia gainbeheran da, eta orain arte izan duten nagusitasuna beste herrialde batzuek lehiatzen diote. Mendebaldearen dekadentzia prozesu horri krisi ekologikoa batu zaio, gainera; krisi bikoitza krisi bakarrean. Arriskua argia da: gerra bilakatu daiteke gatazka horien guztien soluzio», dio liburuaren sinopsiak.

Iparrorratza bildumaren 9. liburuxka da ‘Liluraren kontra. Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak’. Saiakera bilduma honek ikerketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoko planteamendu originalei erantzuten dieten gai berritzaileen liburuak eskaintzen ditu, «gaur egungo eztabaidak jorratzen dituzten liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian».