Amaia U. Lasagabaster
Elkarrizketa
Nahia Aparicio
Realeko jokalaria

«Exijentzia maila oso altua dugu eta hori fruituak ematen ari da»

2023ko apirilean debutatu zuen Realarekin. Hiru hilabete lehenago lehen taldeko zenbakia zeukan eta denboraldi amaieran minutu gehien jokatu zituen seigarren futbolari txuri-urdina zen. Nahia Apariciok gogor heldu zion aukerari, bere bizitzako taldeko jokalari garrantzitsuenetakoa bilakatuz.

Nahia Aparicio tolosarra.
Nahia Aparicio tolosarra. (Gorka RUBIO | FOKU)

Egun zoriontsuak bizi ditu Realak. Laugarren garaipena jarraian ospatu eta urteko albisterik onenetakoa zabaldu du. Ona, gaztea eta eskarmentuduna, Nahia Aparicio (Tolosa, 2004) proiekzio handiena duen etxeko jokalaria da; gertuko eta urrutiko talde guztien agendetan dago, eta Zubietan jarraitzea erabaki du. 2027ra arte berritu du kontratua, «oso argi» duelako «Realean jarraitu nahi» duela. «Nire etxea da eta hemen hazten jarraitu nahi dut. Etorkizuneko proiektu baten parte garrantzitsua sentitzen naiz, nabaritzen dut, konfiantza transmititu didate une oro eta oso pozik nago».

Berritzea, gainera, zelaian ospatu ahal izan duzu. Ez gaitu harritzen, baina entrenatzaile berri bat etortzen denean zalantzak sortzen dira.

Demostratzen jarraitu behar duzu, baina hori berdin da berria etorri edo ez etorri, ahalik eta gehiena eman behar da entrenamenduetan. Ni saiatzen naiz egunero daukadan guztia ematen eta Jose konfiantza erakusten ari zait. Lehen bi jardunaldiak galdu nituen (Kolonbian zegoen, 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan), eta itzulitakoan, Joseren kontzeptu batzuk ez nituen ulertzen eta bere jokotik gauza asko geratzen zitzaizkidan ikasteko, baina pixkanaka banoa eta gero eta hobeto sentitzen naiz.

Nolakoa da Sanchez Vera? Oso-oso zorrotza dirudi.

Intentsitate handia eskatzen du, partida zein entrenamendu guztietan. Beti esaten digu dena emateko, gure artean lehiatzeko, baloi guztiak lehiatzeko eta, batez ere, gauza errazak egiteko baina intentsitate altuarekin, horrekin aurkariei gauzak zail jartzen dizkiegulako. Eta momentuz gauzak ondo irteten ari dira.

«Exijentzia» hitza askotan entzuten diogu.

Oso handia da, baina ez da bere ezaugarri bakarra. Adibidez, sistema aldatu dugu, eta, sistema horrek abantailak emateko, intentsitateak eta exijentziak asko laguntzen dute. Gu abantaila horiek apreziatzen ari gara dagoeneko.

Berriei eskaintzen dizkiegun txaloek aurrekoek merezi zituztenak estal ditzakete. Batzuetan badirudi Natalia Arroyo ezer berezirik egin gabe pasatu zela hemendik.

Nataliarekin gauza asko eta politak lortu ziren. Ni azken urtean egon nintzen bakarrik eta agian ez zen oso ona izan emaitzen aldetik, baina gauza handiak egin ditu hemen. Bigarren geratu ziren, Championsa jokatu... Oso entrenatzaile ona izan da guretzat. Eta nire kasuan zer esan, debutatzeko aukera eman bazidan...

Debutatu eta taldean egonkortu. Zure lehen urtean minutu gehien jokatu zituzten futbolarietakoa izan zinen.

Oso eskertuta nago. Niretzat entrenatzaile garrantzitsu eta berezia izango da beti, agertu zidan konfiantzagatik. Azkenean lehen taldera igo eta berehala hasi nintzen jokatzen. Hasieran ez duzu sinistu ere egiten, baina esaten duzu, “joe Nahia, ba zeozergatik izango da”. Eta, horretarako, Nataliak eman zidan konfiantza izugarria izan zen.

Sanchez Vera bide beretik. Egia da zentralen aldetik taldea justu samar dabilela, baina Kolonbiatik itzuli eta postua bereganatu zenuen hasierako hamaikakoan.

Bai, Valle lesionatuta egoteak aukera gehiago ematen digu jokatzeko, eta asmoa minutu guztiak aprobetxatzea da.

«Zentral» hitza erabili dut eta Verarekin ez omen dugu besterik erabiliko. Zelai-erdia faltan sumatuko duzu?

Aspaldi ez nabil erdian. Egia da partida onak ateratzen zitzaizkidanean, oso gustura sentitzen nintzela, euskarri postua, garrantzitsua izateaz gain, zaila delako. Erdian zaude, gauzak azkarrago egin behar dira... Eta gauzak ondo irteten zaizkizunean... ostras! Baina orain zentrala naiz eta hor ikasten jarraituko dut.

Zuk jokatu dituzun lau partidak irabazi dituzue. Aurreko bi porrotek ez zuten islatzen talde honen errealitatea, baina oraingo boladak egiten al du?

Lehen bi partidetako bat Bartzelonaren kontra izan zen eta, galdu arren, taldea oso ondo ibili zen, Reala zer den demostratuz, gola ere sartuz... Eta Sevillaren kontra defentsan akatsak egon ziren, baina hortik aurrera ajusteak egin ziren eta hobeto ari gara. Nik uste dut denok daukagula exijentzia maila oso altua gure buruarekiko eta hori fruituak ematen ari dela. Taldea hazten doa, kontzeptuak barneratzen, hobetzen, eta, orain, emaitzek ematen duten konfiantzarekin.

Orduan zein da talde honen errealitatea? Zein da borroka, helburua?

Irabazten jarraitu nahi dugu, exijenteak gara eta hobetzen jarraitu nahi dugu. Eta horrela jarraituz gero, emaitzak helduko dira. Pixkanaka joan behar gara, ia gauza guztiak ondo irteten diren eta ahalik eta goren amaitu.

Bartzelona, Real Madril eta bihar bisitatuko duzuen Atletico goragoko mailan daude. Eta, atzetik, klase ertaina gero eta zabalagoa eta berdinduagoa ikusten da.

Partida guzti-guztiak dira zailak. Gero eta maila altuagoa dago, analisten lana gero eta hobea da, nabaritzen da zein ondo aztertzen diren aurkariak... Hiru horiek beste maila batean daude eta gero Levante, Athletic... Gure helburua da horra gerturatzea, beti gora begiratu eta horiengandik gertu egotea.

Txapelketa motzak ez al dira egingarriagoak? Aurten, gainera, Superkopa jokatuko duzue eta Kopako azken finaleko arantzatxoa ere hor egongo da.

Baliteke. Egia da nire ametsa Realarekin titulu bat irabaztea dela eta finalekoa... Partida ez zen atera nahi genuen bezala, baina gero, nik behintzat, begiratzen nuen harmailara eta esaten nuen ‘uf, generatu dugun guztia kristorena izan da, sekulako jendetza mugitu da guri animatzeko’...

Ez dakit aldi berean zure unerik onena eta txarrena izan den Realarekin.

Nik partida oso gaizki bizi izan nuen. Jende gehiegi, tentsio handia, akatsak egiten... 20 urte ditut eta burua ez neukan eduki behar nuen bezala. Partida sufritu nuen, baina gero, negar eta malkoen artean, poztasuna ere bazegoen, familia eta lagun guztiak han animatzen ikusita... Atleticoren kontra jokatutako finalerdiarekin geratuko nintzateke, hala ere, hori konpletoa izan baitzen. Tentsioa ere nabaritzen nuen; lehen partida zen Anoetan, normalean baino jende gehiago, asko jokoan... Baina hor bai disfrutatu nuela, partida txukuna irten zitzaidala uste dut; gainera, euskarrian jokatu nuen, urduritasun handiagoa nuela... Azkenean 2-1ekoa, bukaeran hilda baina dena emanda, talde osoa elkar animatzen, eta gero ospatzera.

Aste gutxi barru jokatuko duzue berriro Anoetan, Athleticen kontra.

Bi aldiz berezia. Iaz ez zen irten nahi bezala, baina Athletic gorago zegoen, agian ez zen partida klabea postu aldetik... Aurten desberdina izango dela uste dut, nahiko parekatuta egon gaitezkeelako. Ea garaipena lortzen dugun.