Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Beñat Gaztelumendi gailendu da Errenteriako final-laurdenean

Igande arratsalde honetan jokatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laudeneko saioa Errenteriako Lekuona Fabrikan. Beñat Gaztelumendik irabazi du saioa eta finalerdietarako txartela zuzenean eskuratu du 493 punturekin.

Beñat Gaztelumendi, Errenteriako saioko garailea.
Beñat Gaztelumendi, Errenteriako saioko garailea. (Jon URBE | FOKU)

Lan egiteko lekua izaten da fabrika, baina fabrikak ez dira ezagunak hitzarekin lan egiteagatik. Hala tokatu da ordea igande arratsalde honetan Errenteriako Lekuona Fabrikan. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final- laurdena jokatu da, eta bertsolariei erruz lan egitea egokitu zaie, izan ofiziotan zein bakarka. Beñat Gaztelumendi gailendu da, 493 puntu eskuratuta, eta bigarren Iñigo Gorostarzuk egin du 38 puntu gutxiagorekin, 455 rekin. Lehen bi sailkatuez gain, Beñat Iguaran, Unai Gaztelumendi, Oihana Arana eta Aitor Salegi izan dira kantuan.

Zortziko nagusian B.Gaztelumendik eta U.Gaztelumendik saio txukuna osatu dute, Aizpea Garmendia gai jartzaileak bikote batean azalean jarri ditu, haur baten esperoan dagoen bikote baten esperoan hain zuzen ere; B. Gaztelumendik ingurukoei berehala esan nahi die, U.Gaztelumendik nahiago du pixka bat itxaron. Lehen bertsoan B.Gaztelumendik haurdun dagoenaren gorputzetik esan ezean «gainezka" egingo duela azaldu du, eta fin erantzun dio parekoak: «...gerta liteke aurreratu ta/ bi albiste eman beharra/ lehendabiziko albiste ona/ ta gero albiste txarra». Eta berriro erantzuna: «...ba nik gogoa daukat lehenbailehen/ albistea kontatzeko/ ona izanda ospatzeko ta/ txarra bada goxatzeko».

Iguaran eta Gorostarzuk herriko plazan egin dute topo hamarreko txikiko lanean, Gorostarzu jubilatu berria eta Iguaran guraso izan berria. Iguaranek jada aspertu dela kontatu eta garbi esan dio Gorostarzuk: «Hartu zenezake/ orain hamasei aste/ titi eta parke/ baina lanera bueltan/ joango zerate/ ta umea ez dezu/ izango aparte/ ez da etxetik joango/ hogehitabost arte».

Zortziko txikian Salegi eta Arana elkarrekin aritu dira kantuan. Salegi banku pintatu berri batean eseri da, eta eseri eta berehala iritsi da Arana "ez eseri" kartela eskuan zuela. Aranak fin deskribatu du bere lana: «Bankua pintatu dut/ hain lgtb/ kolore guztiekin/ marratxoka trebe/ ta orain kamiseta/ erdi urdin berde/ joe Aitor usaina/ ez hartzea ere». Salegiren erantzuna: «Azkenik usaintzera/ heldu gera biak/ bateko kolore ta/ besteko zubiak/ asko gustatu zaizkit/ zure irudiak/  gaizki ematen al du/ nire ipurdiak?».

Esperoan

«Denbora asko egin duzu zain, badator», gai zuzena bezain zabala izan dute ganbarako lanean bakarka hiru bertso sortzeko. Arana ahizparen zain egon da ordu erdiz ospitaleko atean aita hil ostean, ordu erdia hilabete iruditu eta luze egin zaiola kontatu du baina behin elkartutakoan poza sentitu du: «...guk partekatu dugu hainbeste/ bizitza hau ez da merke /ta elkarrekin egotea bera /izango da aski suerte/ ez gaude ondo baina batera /gaudela ospatu daiteke». Gordin bezain eder kontatu du heriotza eta haren osteko instanteak, elkarrekin aurrera egitea aldarrikatuz.
 
B.Gaztelumendik istorio ederra osatu du, eta istorioak narratzeko duen abileziarekin txukun osatu du aita eskolara bila hamar minutu berandu heldu zaion haurraren paperetik lana. Lehen bertsoan bera ikusi dugu eskolako atean zain, galtza motz eta motxila gorriarekin, eta hirugarrenean etxera buelta kontatu du: «Ta halaxe prestatu dit / autoan neretzat sila / txupa txups bat bere barka / eske umil ta isila/ ni urduri nago baina/ aita ez dago trankila/ etxeraino eraman nau/ ta eman dit kamamila / gero ohean eman dit / muxu bat umil-umila/ lehen ez baina orain bai/ sentitzen baitut hurbila/ bihar ere eskolako/ garaia heldu dadila/ baina behar den orduan/ etor zaitez nere bila».

Sailkapena:

Beñat Gaztelumendi 493 puntu

Iñigo Gorostarzu 455 puntu

Beñat Iguaran 451,5 puntu

Unai Gaztelumendi 444 puntu

Oihana Arana 440 puntu

Aitor Salegi 427 puntu