Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Aurreikuspenak harrika bota ditu Laboral Kutxak

2019an Laboral Kutxa eratu zenetik, denboraldirik onena osatu du taldeak. Sei etapa garaipen erdietsi dituzte, eta 78 postu lehen hamar sailkatuen artean. Ane Santestebanen ezinaren aurrean, aurpegia eman dute Usoa Ostolazak eta Yurani Blancok. Tourrean eta Giroan estreinakoz aritu dira.

Laboral Kutxako txirrindulariak, Frantziako Tourrean
Laboral Kutxako txirrindulariak, Frantziako Tourrean (Sprint Cycling)

Denboraldiko aurreikuspenak harrika bota ditu Laboral Kutxak, nahiz eta ez duen lortu World Tourrean lehiatzeko txartela ematen zuen bi gonbidapenetako bat. Hirugarren geratu dira Kontinental mailako taldeen artean –lehenengo bi sailkatuentzat dira gonbidapenak–. Helburua txartela lortzea zen arren, eta hala nabarmendu dute behin baino gehiagotan bai zuzendariek bai txirrindulariek, ez da batere erronka makala, eta balioa eman behar zaio lortu dutenari, World Tourraren atarian geratu baitira. Sei etapa garaipen lortu dituzte, eta 78 postu lehen hamar sailkatuen artean. Jarraian, denboraldiko zertzelada nagusiak.

ARRATEN HASI ZEN DENA
Yurani Blancok ireki zuen bidea

Yurani Blancok ireki zuen garaipenerako bidea, Eibarko Hiria Sari Nagusia irabazita. Denboraldia otsailean Mallorcan hasi bazuten ere, maiatz amaierara arte Laboral Kutxako txirrindulariek ez zuten besorik altxatu helmugan. Itzulia eta Durango-Durango etxeko lasterketak korritu ostean, Arrate bezalako mendate historiko batean irabazteak hauspo handia eman zion taldeari, ez bakarrik Blancoren garaipenagatik, baita Usoa Ostolazak bigarren eta Ane Santestebanek bederatzigarren egin zutelako ere. Blancorentzat profesional mailan lortzen zuen lehen garaipena izan zen. Arnasa hartu zuen taldeak Eibarren, 350 UCI puntu poltsikoratu baitzituen.

USOA OSTOLAZAREN EZTANDA
Ekainean uzta oparoa

Taldeko txirrindulari bat nabarmentzekotan, Ostolaza da hizki larriz idatzi beharreko izena. Ostolazak Laboral Kutxaren etorkizuna marraztu behar bazuen ere, jada oraina marrazten hasi da. Zarauztarrak ziklista on baten zantzuak zituen arren –kontuan hartu behar da triatloitik datorrela, eta 4 urte besterik ez daramatzala txirrindularitzan–, lehertzea falta zitzaion, eta ekainean egin zuen. Pirinioetako Tourrean Aubisqueko etapa irabazteaz gain, sailkapen nagusiko maillot horia ere jantzi zuen. Zarauztarraren eskutik, Laboral Kutxak lehen aldiz irabazi zuen itzuli bat. Ostolazak ez ezik, Blancok ere beste behin distira egin zuen. Hirugarren geratu zen Aubisquen, baita Pirinioetako Tourreko sailkapen orokorrean ere.

Ezustekorik handiena errepideko Espainiako Txapelketan iritsi zen. Ostolazak atzetik aurrera egin eta behin baino gehiagotan Espainiako txapeldun izan den Mavi Garcia gainditu zuen azken 500 metroetan. Sinetsi ezinik, negar malkoetan ospatu zuen garaipena zarauztarrak, ziurrenik, orain arteko bere lorpenik handiena dena. Blanco taldekideak bigarren egin zuen, beste behin ere bere izaera erasokor eta nekaezina erakutsita. Izan ere, 26 kilometroren faltan erasoa jo zuen, lasterketa buruan egon zen Mavi Garciak harrapatu zuen arte

Ostolazaren eta Blancoren itzalean geratu zen Eneritz Vadilloren garaipena 23 urtez azpiko errepideko Espainiako Txapelketan. Erlojupekoan, berriz, bigarren egin zuen. Horrez gain, Munduko Txapelketan ere seigarren egin zuen 23 urtez azpiko lasterketan. Gorlizko txirrindulari gazteak 19 urte ditu, eta Laboral Kutxako harribitxietako bat da etorkizunera begira. Horren adibiderik garbiena da Etorkizuneko Tourrean hirugarren geratu zela.

TOURREAN DEBUTA
Itzuli eta Klasiko handietan, estreinakoa

Dena ez dira garaipenak, ezta gutxiago ere. Aurten beste mugarri bat ezarri du Laboral Kutxak: hiru itzuli handietako gonbidapena jaso duela. Giroan, Tourrean eta Vueltan parte hartzeko aukera izan dute txirrindulariek. Italiakoan eta Frantziakoan aurrenekoz aritu dira. Vueltako parte hartzea oso baldintzatuta egon zen, azken unean Ostolazak eta Santestebanek ez zutelako korritzetik izan, gaixotasun bat medio. Giroan eta Tourrean garaipena lortzea gaur-gaurkoz ia ezinezkoa da Laboral Kutxarentzat, eta helburu nagusia maillot morea Italiako zein Frantziako errepideetan ikusaraztea izan zen. Tourrean handia egin zuten. Cristina Tonettik mendiko maillota lortu zuen lehen etapan, eta hirugarrenera arte eraman zuen.

Giroan, berriz, bosgarren talderik onena izan ziren. Datorren denboraldira begira, Giro bat eta Tour bat daramate zakuan. Itzuli handietan ez ezik, klasiko entzutetsuenetan ere debuta egin zuten, besteak beste, Fleche Wallonen eta Lieja-Bastogne-Liejan.

BORROKAN, AMAIERARA ARTE
Pionera Race eta Japoniako Txapelketan

Denboraldiko azken garaipena Pionera Race proban lortu zuen Debora Silvestri txirrindulari italiarrak –berriki luzatu du kontratua taldearekin, 2026ko denboraldira arte–. Japoniako Txapelketa izan da korritu duten azkena. Chongming Islandeko Tourrean Laura Tomasik zazpigarren egin zuen lehen etapan, eta laugarren Alba Teruelek bigarrenean. Guangxiko Tourrean, berriz, Nadia Quagliottok bederatzigarren amaitu zuen. World Tour mailan 18. postuan bukatu du Laboral Kutxak, iaz baino 2.000 UCI puntu gehiago erdietsita. Joan den urtean 28. postuan sailkatu ziren.

ARGI-ILUNAK
Ane Santestebanen arnasa gaixotasuna

Denboraldiak ere izan ditu bere argi-ilunak, eta hori Santestebanen arnasa gaixotasuna izan da, zalantzarik gabe. Errenteriako ziklista etxera itzuli da aurten, Laboral Kutxa gorenera igotzeko asmoz, eta ezin izan du askorik lagundu zeregin horretan. Sasoi hasieran izan zuen arnasa gaixotasun bat tarteko, ezin izan du bere mailarik onena eman. Vuelta ez zuen korritu horregatik, eta geroztik arrastaka ibili da gaixotasunaren eraginez. Urrun geratu dira iaz lortu zituen emaitzak Tourrean (8), eta Giroan (10). Aurten 45. postuan amaitu du Frantziako Tourrean eta 21. Giroan. Santestebanek aitortu zuen urte «oso zaila» izaten ari zela, «gozatzen uzten ez dion giharretako minaren eraginez». Errenteriarrak datorren sasoian azken urteetan eman duen maila ematen badu, Laboral Kutxa gertu egongo da bere helburu handia lortzetik.

Naia Amondarainek, berriz, denboraldi hasiera nahiko beltza izan zuen arren, amaieran behingoz ikusi du argia. Ekainean korritu zuen aurrenekoz ia urte batez lehiatu gabe egon ondoren, eta Japoniako Txapelketan ere aritu da. Aurten bukatuko zaio kontratua eta ikusteko dago taldeak zer erabaki hartuko duen ibartarrarekin. Baita Lourdes Oyarbiderekin ere. Gainerako euskal txirrindulariek kontratua dute taldearekin, datorren urtera arte. Hain zuzen ere, Ane Santestebanek, Usoa Ostolazak, Eneritz Vadillok eta Idoia Erasok.