NAIZ

Eskuin muturraren diskurtsoa «labainkorra» dela irudikatu dute Donostian

Eskuin muturrak erabiltzen duen diskurtsoa «labainkorra» dela eta bertan ez erortzeko kontuz ibili behar dela irudikatu du Donostiako Zero Pobrezia plataformak Kontxako pasealekuan egin dun ekintza baten bidez.

Eskuin muturraren diskurtsoa «labainkorra» dela salatu dute Donostian.
Eskuin muturraren diskurtsoa «labainkorra» dela salatu dute Donostian. (ZERO POBREZIA)

Donostiako Kontxako pasealekuko zati bat ‘zoru labainkorra’ bezala seinalizatu du Zero Pobrezia plataformak, «herritarrek eskuin muturrak sortzen duen gorroto diskurtsoan erortzeko duen arriskuaz ohartarazteko». Kale ekintza hau gaur, hilak 22, izendatu den Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren karira burutu dute.

«Metro batzuetan zehar, oinezkoek sentitu dute zein gertu ditugun horrelako mezuak, baita horiei aurre egiteko kontuz ibiltzeko beharra ere, hain zuzen ere, giza eskubide gehiagorekin eta aniztasuna, errespetua, bizikidetza eta gizarte kohesioa bezalako balioen bidez», azaldu du Zero Pobreziak.

«Eskuin muturra hedatzen ari da, eta hori apurka gertatzeak ez du esan nahi kezkagarria ez denik», gaineratu dute. Europako Parlamenturako hauteskundeetan aukeratu ziren lau diputatutik bat eskuin muturrekoa dela gogoratu dute. Argentinan, Brasilen edo AEBetan ere ultraeskuineko liderrak nabarmendu direla erantsi dute.

«Eskuin muturreko taldeek ezaugarri komun hau dute: populismoa, nazionalismoa, xenofobia, kontserbadurismoa, autoritarismoa eta pluralismoaren gaitzespenaren nahasketa. Gainera, defendatzen dituzten politikek urratu egiten dituzte hamarkada askoan giza eskubideetan, justizian eta elkartasunean lortutako gizarte eta ingurumen aurrerapenak», gaineratu dute.

Halaber, gogoratu dute haien politika errepresiboek eta etnia, erlijio edo genero gutxiengoen kontrako gorroto diskurtsoek, baita sexu aniztasunaren aurkakoek ere, besteak beste, intolerantzia eta indarkeria giroa sustatzen dutela, eta giza eskubideak sistematikoki urratzen dituztela.

Gezurretan oinarriturik

«Gainera, eskuin muturraren argudioak gezurretan eta faltsukerietan oinarritzen dira normalean, eta tentsioak sortzen dituzte gizartean, baita herritarrak polarizatu ere. Jokabide horrek demokrazia arriskuan jartzen du, eta oso kaltegarria da gizarte kohesiorako», ohartarazi dute.

Kolektibo honek gogoratu du ultraeskuinaren gorakadak eragin negatiboak dituela pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokan. «Hori dela eta, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, ezin dugu ahaztu eskuin muturreko alderdiek sustatutako politikek austeritatea, pribatizazioak eta gizarte zerbitzuen murrizketak bultzatzen dituztela, eta horiek guztiak kaltegarriak direla gizarte sektore ahulenentzat, eta aberatsen eta pobreen arteko arrakala handitzen dutela. Halaber, etnia eta arraza aniztasuna arbuiatzen dute, eta migratzaile edo errefuxiatuekiko mesfidantzan oinarritzen dira, horiei gizatasuna kentzen diete, eta gizarteko gaitz guztien errua egozten diete. Konponbide errazak proposatzen dituzte arazo konplexuetarako, kausak aintzat hartu gabe eta sakondu gabe», ohartarazi dute. Azken finean, Zero Pobreziaren ustez, «eskuin muturreko gorakada mehatxu garrantzitsu bat da ekitatearentzat, justiziarentzat eta giza eskubideentzat munduan, eta askatasuna eta demokrazia arriskuan jartzen ditu», ohartarazi dute.