Bizilagunekin plataformak deituta, «Arriskuan gaude. Desazkunde turistikoa orain!» lelopean manifestazioa egingo dute urriaren 27an, igandearekin, Donostian. 12.00etan aterako da Alderdi Ederretik.
Hiriko 50 elkarte, talde eta antolakundek baino gehiagok egin dute bat mobilizazioarekin. Plataformak gogora ekarri duenez, iragan den uda honetan ere bisitarien sarrerek, gaualdiek eta eguneko batez besteko prezioek gora egin dute. «Beste uda bat errekorra hausten, industria turistikoak ospatzen duen hazkunde etengabean. Donostiarrok, ordea, ezer gutxi daukagu ospatzeko. Gutxi batzuentzat urrezko arrautzen oiloa den turismoa, gehiengoarentzat ito egiten gaituen eredu ekonomikoa da», deitoratu dute.
Salatu dutenez, auzo turistikoenetan «kaleak masifikatuta, zarata, zaborra, merkataritzaren gainbehera eta bizi ezina begi-bistakoak» dira. Baina hortik haratago, «hiri osora iristen dira turistifikazioaren ondorioak; begi-bistaz ikusten direnak baino sakonagoak, eta maila estrukturalean Donostia eta bertako bizilagunen bizitzak arriskuan jartzen dituztenak».
Adibide gisa aipatu dute «etxebizitza larrialdia: donostiarrak hiritik kanporatuak izaten ari gara». Gainera, lan baldintza prekarioak eskaintzen dituen sektore ekonomikoa «beste jarduera guztiak jaten ari da, ekonomia eredua desorekatuz».
Beste ondorio bat da «kulturaren merkantilizazioa, inbertsioak eta turismoa erakartzeko elementu soil bezala tratatzen delako»; eta «euskararen eta euskaldunon bazterketa areagotu» egiten da «kanpotik heldutako turistei eta hizkuntzei lehentasuna ematen zaienean».
Espazio publikoari dagokionez, «kontsumoa sustatzeko helburuz diseinatzen eta moldatzen» dela salatu dute, eta mugikortasun eredua «autoetan, hegaldietan eta azpiegitura txikitzaile erraldoietan» oinarritua dagoela.
Horretaz gain, Donostian «balio ekologiko neurtezina duten landa ingurune naturalak artifizializatzen dira», ondare historiko eta arkitektonikoaren «suntsipena etengabea» da, eta.
«tokiko merkataritzaren kaltetzen da, kate handi eta multinazionalak hobetsiz».
Bizilagunekin plataformaren arabera, Donostian luxuzko turismoaren eragina pairatzen da, eta agintariak azken hamarkadetan «turistifikazioaren azeleragailua sakatzen» aritu dira, «espekulatzaileei eta esplotatzaileei mesedeak eta erraztasunak bata bestearen atzetik eskaintzen». Orain, aldiz, «itxurakeriaren unera heldu gara» eta «zentzudun plantak egiten dituzte negozio pribatuen mesedetan gobernatzen dutenek». Ordea, bisita gidatuen tamaina, tasa turistikoa edo «antzeko huskeriak ez dira nahikoa».
«Hiri eredua eraldatu behar dugu, desazkunde turistikoaren bidetik, herritarren bizi baldintzak erdigunean jartzeko», aldarrikatu du.
Plataformaren iritziz, eredu turistiko honen hazkundeak «muga guztiak gainditu ditu» eta horren aurrean «desazkunde turistikoaren aldeko neurriak hartzea ezinbestekoa» da eta «turistifikazioarekin aberasten eta donostiarrongan kalteak eragiten ari direnei muga jartzeko unea heldu da». Horregatik, deia egin diete bizilagunei «aktibatzeko, antolatzeko eta borrokan jarraitzeko gure bizitzen eta gure hiriaren defentsan».