NAIZ

Gizon bat kondenatu dute bost urteko bilobari sexu eraso jarraituak egiteagatik

Tuterako merindadean 72 urteko gizon bati espetxe zigorra ezarri diote 5 urteko bilobari sexu eraso jarraituak egiteagatik. Fiskaltzarekin akordioa sinatuta, erasotzailea ez da kartzelan sartuko; horren ordez, 5 urtez espainiar Estatuan egoteko debekua ezarri diote.

Aurtengo martxoaren 8an Donostian egindako manifestazioaren artxiboko irudia.
Aurtengo martxoaren 8an Donostian egindako manifestazioaren artxiboko irudia. (Jon URBE | FOKU)

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak bost urteko kartzela-zigorra ezarri dio Tuterako merindadeko herri batean bilobari hainbat aldiz sexu erasoak egin zizkion gizon bati. Epaiak frogatutzat jo du delitua 16 urtetik beherakoen aurkako sexu eraso jarraitua dela eta fiskaltzak eta defentsak akordioa hitzartu dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

72 urteko gizona ezin izango da biktimarekin komunikatu ezta 300 metro baino gutxiagora gerturatu sei urtez eta zaintzapeko askatasuna bete beharko du espetxe zigorra agortu osteko bost urteetan.

Fiskaltzak eta defentsak sinatutako akordioari jarraiki, kondenatua ez da kartzelan sartuko; horren ordez, espainiar Estatutik kanporatuko dute bost urtez, gizona atzerritarra baita. Estatura lehenago itzuliz gero, baliteke espetxera sartzea.

Epaiaren arabera, erasotzailea biktimarekin, haren neba batekin eta umeen gurasoekin bizi zen, eta 2023ko urtarrila eta ekaina bitartean «behin bano gehiagotan» egin zion eraso, haurra «bere logelan sartzen zela aprobetxatuz».

Hori dela eta, kondenatua 2023ko ekainaren 14tik 16ra atxilotuta izan zuten eta behin-behineko espetxealdian uztailaren 4ra bitartean.