Hiru edizio, zazpi urte, 400 herri batzorde, 8.000 entitate parte hartzaile eta milaka ahobizi eta belarriprest geroago, Euskaraldia jendartean finkatu dela uste dute antolatzaileek. Hala ere, ediziotik ediziora berrikuntzak eskatzen dituen ariketa dela onartu dute, eta, ildo horretan, ostegun honetan Iruñean aurkeztu dute udaberrian, 2025eko maiatzaren 15etik 25era, egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioaren xehetasun eta berrikuntzak.
Asier Kidamen magia trukoen ondoren eta Ilaski Serranoren gidaritzapean, erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkari zein herritarrek Nafarroako Antzerki Eskolan bildu dira gaur, Euskaraldia «ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea» proposatzeko asmoz. Izan ere, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak; horietako asko ohituragatik, segurtasun faltagatik, uste dutelako ez dutela ongi egiten edo dena delakoagatik, hamaika egunetan zehar euskaraz aritzeko zailtasunak gainditu dituztenak.
Hala eta guztiz ere, Euskaraldia «hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa» izatetik «euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu» izatera pasatzea nahi dute antolatzaileek, eta horren ondorioz, reset egitea, Euskaraldia berrabiaraztea da aurtengo xedea.
Berritasunen beharra da, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok azaldu duenez, azken edizioaren ondoren, gizarteko hamarnaka eragile eta herritarrekin batera egindako hausnarketa prozesuaren ondorioetako bat. «Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia» bat nahi dute. Ez dute nahi Euskaraldia egun jakinetara bakarrik mugatzen den ariketa soziala izaterik. «Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika» zabaldu egin nahi dute, denboran eta gizartean.
Ekimenak esfortzu kolektiboa exijitzen du, eta horren harira aukeratu dute aurtengo leloa: ‘Elkar mugituz egingo dugu’.
Horretarako, kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi nahi dituzte. Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea «batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu» nahi dute, antolatzaileen arabera.
Norabide horretan lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak ondutako gida praktiko honek mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako ematen ditu; herritarren aktibaziorako modu berriak proposatzen ditu.
Berritasunekin, baina esentzari eutsiz
Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo dela nabarmendu du Urkijok. Hortaz, partaideek ‘ahobizi’ ala ‘belarriprest’ rola hautatuko dute, izena eman, eta 11 egunez dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa.
Hala ere, lehen aldiz Euskaraldia udaberrian egingo dute. Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak laguntzen du horretan. Horregatik erabaki da maiatzaren 15etik 25era egitea. Logo berria izango da beste nobedade bat, herritarrei protagonismoa ematearekin batera.
Aurreko edizioetan bezala, azpimarra berezia jarriko da Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza portaeretan: hala nola, lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea.
Orokoerrean, ekimenak esfortzu kolektiboa exijitzen du, eta horren harira aukeratu dute aurtengo leloa: ‘Elkar mugituz egingo dugu’. Aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak besteengan duen eraginari erreferentzia egiten dio horrek, Urkijoren arabera. «Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz», azpimarratu du.
Euskaraldian parte hartuko duten herri eta entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen. Herritarren txanda, berriz, martxoan izango da, orduan zabalduko baita belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko.
Euskal Herriko herritar eta erakundeen batasuna
Ez bakarrik ariketan bertan, antolaketan ere oinarrietako bat elkarlana izango da. Hori dela eta, antolatzaileekin batera, ekimenaren Koordinazio Mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian. Iruñeko Txantrea auzoko batzordekide Dabid Dominguezen kasua da. Oholtzan, azaldu du Euskaraldia «jendea erakartzeko mugimendu bat» izan behar dela, «ur-zurrunbilo moduko bat, euskara bera erdigunean dela».
Horrela, gaineratu du Dominguezek, «euskaradunak gure artean konplizitate horrekin harreman atseginagoa izanen dugu, euskaradun bidean direnak haien asmoan sendotuko dira eta erdaldunei zerbait galtzen ari direlako susmoa piztuko zaie».
Gainera, Euskaraldia Euskal Herriko instituzio eta erakundeak batzen duen egitasmoa dela aldarrikatu dute. Ildo horretan, aurkezpenean izan dira Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari Irati Iciar, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo, Lakuako Gobernuko Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behoteguy.
Datu bitxia eman du azken honek; izan ere, Behoteguy euskara ikasten ari da, eta «belarriprest hasiberri gisa» arituko dela azaldu du: «Zuen aitzinean naiz, euskararen aktibazioan parte hartzeko, ikasle eta hautetsi gisa».
Behoteguy euskaraz lasai aritzeko gune eta uneen garrantziaz mintzatu da, eta testuinguru horretan kokatu du Euskaraldia: «Garrantzitsua da presentzia emendatzea eta euskara erabiltzeko tokia zabaltzea, urduritasunik gabe egiteko. Euskaraldia bezalako egitasmoak euskarari gizartean behar lukeen tokia emateko baliotsuak dira».
Ollok, bere aldetik, aipatutako elkarlanari erreparatu nahi izan dio. «Denek parte hartzen dute, auzolan demokratukia. Erakutsi dugu, beraz, dikotomietatik haratago, bata ala bestea baino, biak direla garrantzitsuak. Batez ere, lankidetza horren ondorioz sortzen denak gizarteari bikoitza eskaintzen diolako», azaldu du.
Bengoetxeak, berriz, azken urteetan eragile, herritar eta erakunde publikoen eskutik emandako aurrerapausoak balioan jarri ditu. Halere, «euskararen erabilera sozialean jauzia» ematean jarri du azpimarra. Haren ustez, lanean jarraitu behar dugu, batez ere, lan munduan eta aisialdian euskaraz aritzeko, baita euskararekin loturarik ez dutenak euskarara hurbiltzeko ere, bereziki etorkinak: «Euskarak denok behar gaitu eta Euskaraldia aukera aparta izango da helburu horri bultzada emateko».
Iciarrek, bestalde, esan du euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar dituela, «denok batzen eta mugitzen gaituztenak», baina horrekin batera, euskarak «gizarte mugimendu indartsu bat behar duela». Erronka horri begira dago Euskaltzaleen Topagunea: «Egiteko molde eta antolatzeko modu berri batzuei bide emango dien mugimendu bat nahi dugu. Herrigintzatik eta komunitategintzatik euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzeko moduak berrasmatu nahi ditugu, eta ahalegin horretan kokatzen dugu Euskaraldiaren 4. edizioa», azaldu du Iciarrek.