Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Kate motzean lotu du Laboral Kutxak Ostolaza: 2027ko sasoira arte berritu du kontratua

Zarauztarrak beste bi urtez luzatu du kontratua Laboral Kutxarekin, Silvestrik (2026) eta Amondarainek (2025) egin bezala. Ostolaza pozik dago «etxeko taldearekin» berritu duelako: «Etxean sentitzen naiz, baloratua alor guztietan, eta horri garrantzia ematen diot errendimendua lortzeko garaian».

Usoa Ostolaza Espainiako txapeldunaren maillota soinean, Italiako Giroan.
Usoa Ostolaza Espainiako txapeldunaren maillota soinean, Italiako Giroan. (Sprint Cycling)

Laboral Kutxak motzean lotu du denboraldi honetan distira gehien egin duen etxeko txirrindularia. Usoa Ostolazak 2027ko denboraldira arte jantziko du maillot morea. Txirrindulari zarauztarrak datorren denboraldira arte zuen kontratua, 2025eko sasoira arte, alegia, eta beste bi urtez luzatu du taldearekin. «Etxean sentitzen naiz, baloratua arlo guztietan, eta horri garrantzia ematen diot errendimendua lortzeko garaian», adierazi du zarauztarrak kontratua luzatu berritan.

Triatloian aritu ondoren, Ostolaza orain dela lau urte batu zen Laboral Kutxara. Taldeak aurrea egin duen bezala, zarauztarrak ere pauso sendo bezain handiak eman ditu. Denboraldi honetan egin du eztanda. Bi etapa garaipen eskuratu ditu -errepideko Espainiako Txapelketan, Pirinioetako Tourreko Aubisqueko etapan-, eta Pirinioetako Tourreko garailea izan zen. Horrez gain, Yurani Blanco taldekidearen atzetik, bigarren geratu zen Eibarko Hiri Sari Nagusian, bosgarren Andaluziako Itzulian, eta 11. Ardecheko Tourrean -bigarren etapa batean-.

Gipuzkoarrak nabarmen eman du aurrerapausoa tropelean. Nazioarteko egutegiko proba onenetan izan duen erregulartasunari esker, munduko sailkapeneko 75 txirrindulari onenen artean dago.



Taldearekin batera, txirrindulari zarauztarrak ere estreinakoz korritu ditu Giroa eta Tourra. Italiako lasterketan 16. postuan geratuta, eta Frantziakoan, berriz, 24.ean. Europako eta Munduko Txapelketetan ere lehiatu da. Zarauztarraren hitzetan, denboraldia «oso berezia» izan da ez bakarrik erreparatuta estreinakoz korritu dituen lasterketei, baita lortu dituen lehen garaipenei ere: «Asko gozatu dut urteaz, baita asko ikasi ere. Nahiz eta denboraldia orain dela gutxi amaitu dugun, ilusioarekin eta gogoarekin nago aurten ikasitako guztia datorren urtean praktikan jartzeko».

Datorrenera begira, Ostolazak adierazi du errendimendua «hobetu» nahi duela, eta emaitzei begira, «zerbait hobea» egin nahi duela: «Talde hau urtez urte aurrerapauso handiak ematena ari da, eta gogotsu nago ikusteko datorren urtean zein aurrerapauso emango ditugun batera maila igotzeko, eta emaitza politak eskuratzeko».

Naia Amondarain, 2025era arte

Joan den asteazkenean iritsi zen Naia Amondarainen albistea. Ibartarrak beste urte batez luzatu du kontratua Laboral Kutxarekin. Denboraldi honetan amaitzen zitzaion, eta ikusteko zegoen zer erabaki hartuko zuen taldeak. Azkenerako, Amondarainek 2025eko denboraldira arte maillot morea jantziko du.

Ez da denboraldi erraza izan Amondarainentzat. Joan den urtean ez zuen batere lehiatu, aldakan izan zuen lesio bat tarteko, eta sasoi honetan ere, lanak izan ditu ondo jartzeko. Azkenerako, baina, argia ikusi du tunelaren amaieran, eta ia urte eta erdiz lehiatu gabe egon ostean, Kataluniako Itzulian aritu zen aurrenekoz.



Ibartarraren esanetan, azken urteak «nahiko zailak» izan arren, «atzean» utzi du dena, eta datorrenari begira, «motibatuta» eta «ilusioz gainezka» dago: «Aurten pixka bat motz geratu naiz lehiaketa egunei dagokienez. Bestalde, berriz, pozik amaitu dut berriz zenbakia jarrita lehiatzen hasi naizelako».

Datorren denboraldiari begira, Amondarainek adierazi du «ilusioa» duela, taldeak denboraldi «oso ona», eta «polita» egin duelako: «Taldekideek maila izugarria eman dute, beste aurrerapauso bat eman dugu, eta horrek guztiak erakarri gaitu lanean jarraitzeko, eta gauzak ahalik ondoen egiten saiatzeko». Bereari dagokionez, ibartarrak nabarmendu du lehiaketako erritmoa hartu nahi duela, eta maila «polita» eskaini.

Horrela, Debora Silvestriren ostean, Amondarainek eta Ostolazak kontratua berritu dute. Gainontzean, Idoia Eraso, Ane Santesteban, Catalina Soto, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo dira 2025erako kontratua duten zortzi txirrindulariak.

Nadia Quagliotto, badoa

Atzo jakinarazi zuen sare sozialen bitartez Nadia Quagliotto italiarrak Laboral Kutxa utziko zuela, abentura berri bati ekiteko. «Bi urte zoragarri izan dira. Ez da beti erraza izan. Gorabeherak, negarrak, eta barreak egon dira, baina beti egon naiz pertsona ezin hobeez, eta betirako nirekin eraman ditudan oroitzapenez inguratuta. Eskerrik asko neskak eta talde teknikoa».