NAIZ

3.000 lagundik gora 64 herritan, salbuespen legeen «korapilo berriak» askatzeko gogoz

Urriko azken ostiralak mobilizazio berriak ekarri ditu, euskal presoen eskubideen defentsan. 7/2014 legearen erreformak bidea markatzen duela nabarmendu dute, baina oraindik «korapilo handiak askatzeko daudela».

Gazteek egin diote ekarpena urriko mobilizazioari Errenterian.
Gazteek egin diote ekarpena urriko mobilizazioari Errenterian. (OreretaErrenteriaSaretzen)

Euskal Herriaren luze zabalean 3.015 lagun elkartu dira urriko azken ostiral honetan, 64 elkarretaratzeetan, Sarek eta Etxeratek deituta.

 

Testinguru berezian egin dute oraingoa. Izan ere, «7/2014 legearen erreformarekin zigorren luzaketarekin amaitzea lortuko dugu, hainbat eta hainbat euskal presok Frantzian zein beste herrialderen batean beteriko zigorrak kontuan hartuko baitira espainiar Estatuan betetzen ari diren zigorraren baturan, orain arte ez bezala», eta honek «arnas pixkat ematen digu». Hamarkada osoa eman dute hori salbuespen legedia zela salatuz.

«Pausu handia da noski, hainbeste urteren ondoren arnas pixka bat ematen diguna. Handia da lege honen erreformarekin askatuko dugun korapiloa. Korapiloetako bat asakatzea lortu bada ere, argi dugu oraindik korapilo handiak ditugula askatzeko.
Salbuespenezko Entzutegi Nazionala da oraindik ere euskal preso, iheslari eta deportatuen auzien ardura duena, eta 7/2003 legeak indarrean jarraitzen du», oroitarazi dute. Euskal presoei 40 urteko espetxealdia ezartzen die Aznar Gobernuaren garaiko arau honek.

«Oraindik lana dugula argi izanda, datozen hilabeteetan, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearekin batera gatazkaren konponbideari ateak irekitzeko garaia dela aldarrikatzen jarraituko dugu», aurreratu dute, Gabonen bueltan Bilbon egitekoa den ‘Behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza’ mobilizazioari aipamena eginez.

 

Gaur larunbatean Sarek burutuko duen jardunaldiari ere erreparatu diote. Zenbait aditu elkartuko ditu Kursaal Jauregian bakeaz, konponbideaz eta elkarbizitzaz mintzatzeko: Martina Anderson irlandarra, Jon Mirena Landa, Laura Pego, Jaime Tapia... Streaming bidez jarraitzeko aukera izango dela aipatu dute, horretarako animatuz: 10etatik aurrera izango da emanaldia.