NAIZ

Astelehenetako azoka, egun batez jai haundi bihurtuta Gernikan

Gernikan astelehenero egiten den azoka jai haundi bihurtuko da, beste urte batez, urriko lehen astelehen honetan. Nekazarien postuak kalera irtengo dira eta jai giroa herri guztian zehar barreiatuko da. Aurten 241 postu jarriko dira eta gazta lehiaketak ere ez du hutsik egingo.

Urriko Azken Asteleheneko azokan Busturialdeko eta Euskal Herri osoko nekazariek eta artisauek ekarritako produkturik onenak jarriko dira salgai.
Urriko Azken Asteleheneko azokan Busturialdeko eta Euskal Herri osoko nekazariek eta artisauek ekarritako produkturik onenak jarriko dira salgai. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ordizia eta Aguraingoekin batera, Gernikako azoka Euskal Herriko zaharrenetarikoa dela esan daiteke, 650 urte baino gehiagoko historia baitu (lehen agiriak 1366 urtekoak dira).

Sei menderen ondoren, ordea, ekitaldiak bizirik jarraitzen du eta aurten indarberrituta itzuliko da. Bertan, Busturialdeko eta Euskal Herri osoko nekazariek eta artisauek ekarritako produkturik onenak jarriko dira salgai.

Iñaki Gorroño zinegotziak eta Leire Zaratek, BBKko ingurumen eta jasangarritasun arloko arduradunak, pasa den ostiralean adierazi zutenez, Urriko Azken Astelehenko azokak 241 postu izango ditu eta gehienak Artekale eta Pasealekua kalean jarriko dira.

Leire Zarateren hitzetan, «BBKn argi daukagu azokek balio handia dutela lehen sektorearentzat, bai zuzeneko salmenta bultzatzeko, bai produktuak ezagutarazteko, bai garapen iraunkorraren alde lan egiteko. Harro gaude tradizioari lotutako ekimen horiek bizirik mantentzen laguntzeagatik, gure etorkizuna iraunkortasun-irizpideekin eraikiz eta ingurumena zainduz», adierazi zuen.

Aurtengo postuen banakteari buruz, hauexek izango dira arlo bakoitzean aurkituko direnak: 54 artisautza-postu, 36 gazta, 20 ogi eta pastel eta 18 hainbat jarduerako postu. Eztiarenak 13 postu egongo dira eta beste hainbeste txakolinarenak, 12 barazki, 6 kontserba, 6 makineria, 7 pate, 5 erroskillak, 5 sagardo eta landare-postu bat.

Lehiaketei dagokionez, barazki, fruitu, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta sailetan lehiaketak egingo dira. Horrez gain, aurten zortzi txosna jarriko dira Foru plazan, Pasealekuan, Saraspen, Adolfo Uriosten eta Ciutat de Bergan.

Gazta lehiaketari dagokionez, sektorean espezializatutako teknikariz osatutako epaimahaia izango du, Bizkaimendi, Diputazio eta Jatorrizko Izendapenaren ordezkariekin, besteak beste. Gainera, euskal sukaldari ezagunek ere parte hartuko dute: José Miguel Olazabalaga (Kanala Beach jatetxea), Daniel García (Zortziko), Sergio Ortiz de Zarate (Zarate), Zigor Iturrieta (Txoriene), Alex Duque (Alakrana), Joseba Uribarri “Paquete”, Javier García (Boroa) eta Neskutz Aranzabal (Zallo Barri).

Sari banaketa

Eguerdiko 13.00etan sari-banaketa egingo da Merkurio iturriaren aurrean jarritako oholtzan. Iazko edizioan, barazkien sailkapenean Arrietako Bihortzatxu baserria izan zen garaile; fruituetan Igorreko Uxarbeiti baserriko Urtza Sarrionaindia; lore eta landareetan Iurretako Ortuberri; eztietan, Markina-Xemeingo Gure Eztia (milalorea) eta Zornotzako Urikoa (txilarra); eta txakolinetan, Zamudioko Magalarte (zuria) eta Lezamako Erdikoetxe (gorria eta beltza).

Gazta txapelketan, Olaberriako Aizpea gaztandegiko Eli Arrillagak jaso zuen lehen saria eta bere gazta erdiagatik 1.000 euro ordaindu zituen Juan Jose Diegok. Jasotako dirua Gernikako La Calzada adinekoen egoitzari bideratuko zaio. Bigarren saria Arabako Agiñiga gaztandegiarentzat izan zen, eta hirugarrena Elgoibarko Mausitxarentzat.

Arratsaldean, ohikoa den bezala, zesta punta partida profesionalak izango dira Gernika Jai Alai pilotalekuan. Bertan, Winter Series txapelektako hasierako partidak jokatuko dira. Lehenbizi Goitia eta Del Rio Urreisti eta Gorkaren aurka lehiatuko dira, eta partidu estelarrean, Erkiaga eta Ibarluzea (iazko txapeldunak) Johan eta Lekerikaren aurka. Jaialdia 18.00etan hasiko da, baina pilotalekuko ateak ordu erdi lehenago irekiko dira. Dagoeneko sarrera guztiak salduta daude, beraz, aurten ere giro bikaina espero da Jai Alai pilotalekuan.

Segurtasun eta larrialdi plan berezia

Aurtengo azokak segurtasun eta larrialdi plan berezia izango du, herrian bilduko diren milaka lagunek eguna lasaitasun osoz igaro dezaten. Plan honetan parte hartu dute, besteak beste, suhiltzaile zerbitzuek, Gurutze Gorriak, Osakidetzak, Udaltzaintzak eta Ertzaintzak.

Planak istripuetarako jarduera protokoloa ezartzen du, honako arrisku hauek kontuan izanda:
• Txosnetako suteak: Postuek autobabeserako neurriak dituzte, 5 kg-ko bi su-itzalgailu barne. Etxolek egitura metalikoa dute, eta ez dute sukaldeko ekipamendurik edo beroa sortzeko gailurik.
• Su-itzalgailuen banaketa: 6 kg-ko su-itzalgailuak egongo dira kokapen estrategikoetan, esparruan dauden anbulantziak barne.
• Lesioak eta larrialdiak:  Planak gertatu litezkeen istripuak aurreikusten ditu, hala nola erorikoak, ebakiak, kolpeak edo lipotimiak, baita azoka eremutik gertu dauden taberna edo etxebizitzetako suteak ere.

Anbulantziak gune estrategikoetan egongo dira. Gainera, aginte-postu aurreratu bat eta larrialdietako talde bat ezarriko dira. Hauek osatuko dute taldea: Gurutze Gorriko 11 boluntario, Ertzaintzako 22 agente, 17 udaltzain, 15 udal-langile eta suhiltzaileetako langileak.

Garraio gomendioak ere zabaldu ditu Gernikako Udalak. Horrela, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da; hala ere, aparkaldi seinaleztatuak egongo dira norberaren ibilgailua aukeratzen dutenentzat.