CELTA 66 - IDK EUSKOTREN 60
Galtzea amorragarria baldin bada, 12 puntuko aldea alperrik galdu eta gero galtzea ez da gozoagoa. Eta tartean Delicia Washington bezalako jokalari garrantzitsu batek orkatilan min hartzen badu, are gehiago. Gozoa egongo da Azu Muguruza IDK Euskotren taldeko entrenatzailea! Lau jardunaldiren ostean garaipen bakarrarekin jarraitzen du talde donostiarrak eta ez da ahaztu behar Domu Santu egunez Valentzia Basket ahalguztidunaren etxean jokatu behar duela.
Celtak nahi gabe ez, baina ezustean irabazi du denboraldi honetako bere aurreneko partidan. Ostiral gauean Arrosadia pabiloian Ardoi talde nafarrari bisita egingo dio Vigoko taldeak eta ordurako garaipen bat poltsikoan edukitzea pozik egoteko modukoa da Cristina Canterok zuzentzen duen taldearentzat.
Benetan gaizki pasa dute galiziarrek, bereziki bigarren laurdenean eta hirugarren laurdenaren lehenengo minutuetan, IDK Euskotrenek errebotean erakutsi duen nagusitasunak ia arnasarik gabe laga dituelako. Baina nekea eta faltak pilatu zaizkio talde donostiarrari, eta etxekoen artean Cooper eta Haidara pibot bien lana azpimarragarria izan da neurketari buelta emateko azken laurdenean 26-12ko partziala erdietsita.
Partida baten lehen notak
Celta erasoan errazegi hasi da, Matea Tadic antolatzaile kroaziarraren bitartez batik bat. Galiziarren aurreneko zazpi puntuak Tadicek berak sartu ditu. Lara Gonzalez Ibatea Basketeko kapitainak gogotik sufritu du kroaziarraren oldarraldiei eusteko, baina erasoan donostiarrak jarri direlarik, odolkiak ordainetan ematea lortu du Gonzalezek.
Hala, maila oso txukula eskaini dute talde biek aurreneko laurdenean; galiziarrak beti aurretik, 20-19 laurdenaren amaieran, baina gipuzkoarrak beti bertan direla saskira begira eraginkor hasi direlako. Hasiera baten hirukoen bitartez lortu dituzte puntuak Azu Muguruzarenek eta azken aldera, berriz, uztaipean, Lola Pendande pibot andaluziarraren indarra baliatuz.
Donostiarrek defentsa gogortu dute bigarren laurdena hasi berritan. Nyah Becker eta Alba Prietoren eskutik, joko askoz eraginkorragoa burutu dute eta 20-26 aurreratu dira 0-7ko partziala erdietsi ostean. Celtak erreboteak ixteko egundoko buruko minak izan ditu minutu horietan, baina tamalez, errebote horietako baten borrokan Delicia Washington donostiarren eskolta titularrak orkatilan min hartu du.
Jokalari estatubatuarra galdu arren –ez ahaztu Iris Mbulito ere orkatila bihurrituta jokatu ezinik dabilela–, IDK Euskotrenek ez du bururik galdu. Hirukoetan fin jaurtitzen jarraitu du eta atsedenaldira iritsi aurreko erasoaldietan, Lara Gonzalez eta Becky Massey azaldu dira gipuzkoarren abantaila handitzeko: 30-38 aldageletara bidean.
Pasatzen utzitako aukera
Nyah Becker eta Lola Pendanderen bitartez oso gogor eta kontzentraturik ekin dio neurketako bigarren erdiari IDK Euskotrenek. Washingtonek gehiago ez zuela jokatuko jakinean, ahalik eta alderik handiena ireki eta azken minutuetan nekeari eustea izan da Azu Muguruza eta bere taldearen xedea. Ez da ahaztu behar ostegunean Atenasen Women Eurocupeko partida jokatzen ari zirela gipuzkoarrak.
Beckerrek 36-48 jarri du markagailua hiruko bati esker eta une horretan partidak erabakita egoteko traza hartu du. Baina Celtak ezer baldin badu, Cantero entrenatzailearen izaerari jarriki, sekula ez duela besorik jaisten da. Pasa den asteburuan La Seu d'Urgellen irabaztear izan ziren eta igande eguerdian etxekoen aurrean ez dute etsi. Hala, Azken laurdenera 40-48 iritsi dira eta azken hamar minutu horietan 47-52raino hurbildu dira hasiera baten.
Pendanderen lekuan Lou Halvarsson kantxaratu du Azu Muguruzak; ez da ideia txarra, pibot suediarrak andaluziarrak baino talentu gehiago duelako, baina errebotean Pendandek eman dion sendotasuna galdu du IDK Euskotrenek, are gehiago Becky Masseyren faltak iritsi direnean.
Haidara Celtak diharduen Maliko pibotak ez du punturik sartu azken laurdenera arte, eta azken hamar minutu horietan 10 puntu sartu ditu. Horrez gain, Samantha Cooper izarrak ere ez du kale egin eta hala, 63-60 aurretik ikusi du bere burua talde galiziarrak, indarrez husturik geratu den IDK Euskotrenen aurrean.
Saiatu dira Azu Muguruzarenak urruneko jaurtiketaren bat asmatzen partidan berriro sartzeko, baina punteria eta indarrak bidean geratu dira eta Emakumeen Endesa Liga honetan bigarren garaipena lortzeko aukera garbi askoa hatzen artetik ihesean joan zaie.
FITXA TEKNIKOA
CELTA: Tadic (12), Samson (9), Cooper (20), Pujol eta Ejiodor –hasierako bostekoa–, Haidara (10), Maxwell (11), Moya (4), Sila eta Gutierrez.
IDK EUSKOTREN: Delicia Washington (6), Roso Buch (2), Becky Massey (4), Lou Halvarsson (7) eta Lara Gonzalez (11) –hasierako bostekoa–, Alba Prieto (5), Nyah Becker (13), Lola Pendande (12) eta Nastja Claessens.
Partzialak: 20-19, 10-19, 10-10, 26-12.
Epaileak: De Lucas, Marqueta eta Lopez. Haidara etxeko jokalaria egotzi dute bost falta eginda.
Gorabeherak: Partida hasi aurretik minutuko isilunea gorde da Galiziako Xuntako kirol zuzendari ohi baten heriotza dela-eta. Delicia Washingtonek orkatilan min hartu du bigarren laurdenean.