Espero zen bezala, Iker Vicentek nagusitasun osoz irabazi du gaur Gasteizen jokatu den Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren finala –federazioak antolatzen duen lehiaketa ofiziala–. Otsagabiakoak lehen kolpetik ireki du tartea aurkariekiko, eta erlojuaren aurka egin du Iradier Arenako saio osoa: 45, 60 eta 72 ontzako launa enbor moztu behar zituzten aizkolariek, hamabi guztira.
Vicentek 35 minutu eta 39 segundoko denborarekin lortu du bere hirugarren txapela –kontuan izan behar da zenbait urtez ez zuela parte hartu–, aipatutako hamabi enborreko lan ofizial horretan inoiz lortu duen denbora onena markatuz. Badu meritua inork estutu gabe horren denbora ona lortzeak, iaz ia sei minutu gehiago behar izan baitzituen.
Emozioa beste postuetako borrokan egon da. Hodei Ezpeleta ‘Bihurri’ izan da Vicenteren atzetik bigarren postuan ibili dena lehen enborretan, baina atzetik etorrita zortzigarren enborrean harrapatu egin du Jokin Urretabizkaia "Basozabal"-ek. Azken txanpan, ordea, txakalaldia izan du donostiarrak, eta Ezpeleta eibartarra izan da bigarren postua eskuratu duena, Vicenterengandik lau minutu eta erdira. Urretabizkaiari 53 segundo atera dizkio azkenean.
Etxeberria laugarren izan da (42:00), Andoni Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’ bosgarren (46:54) eta Julen Gabirondo seigarren (49:49).
«Ez dut uste iaz baino sei minutu hobea naizenik. Hemen enborrek zer esan handia izaten dute eta gaurko egurrak politak ziren. Eta nik ere lan polita egin dudala esango nuke», adierazi du txapeldunak amaieran.
Federazioarekin izandako haustura konpontzeko bidean
Kontuan izan behar da 2019an garaiko aizkolari onenek Euskadiko Federazioaren txapelketetan parte ez hartzea erabaki zutela eta beste lehiaketa bat antolatzea. Haustura horren ostean, eta hainbat tira-biraren ondoren, Iker Vicentek federazioaren lehiaketetara itzultzea erabaki zuen, baina Lehen Mailara itzultzeko lehenik Hirugarren eta Bigarren mailatik igaro behar izan zuen. Noski, maila horietako txapelketak nagusitasun osoz irabaziz.
Gerora, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia’ edota Eneko Otaño izan dira bide bera jarraitu dutenak. Larrañaga eta Alberdi jada Bigarren Mailako finalean daude eta ondo bidean datorren urtean Lehen Mailako finalean ikusiko ditugu, Iker Vicenteri garaipenak askoz garestiago jartzen.