Jokin Altunak urrats handia eman du Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietara bederatzigarren urtez jarraian sailkatu ahal izateko. Amezketarrak aise menderatu du Erik Jaka Gasteizko Ogeta pilotalekuan, 22-9, eta oraindik matematikoki ez bada ere, ederki bideratu du hurrengo fasea jokatzeko txartela.
Ligaxkan eman litezkeen aukerak laburtzea ez da erraza, izan ere oraindik multzoko lau pilotariak aukerekin daude. Altunak nahikoa izango du Zubizarretari tanto batzuk egitea txartela eskuratzeko; ostiralean min hartu zuen Artolak azken jardunaldian ez jokatzea erabakiko balu, Jakak ere ia ziurtatuta izango luke sailkapena; Artola jokatzeko moduan bada aukerak asko irekitzen dira partida horretako emaitzaren arabera.
Gasteizko neurketak ez du historia handirik izan. Jokin Altuna goitik behera nagusitu da, hasieratik abantaila handia hartuz markagailuan. Eta horrelakoetan gertatu ohi dena gertatu da: irabazleak dena oso ongi egin du eta galtzaileari dena gaizki atera zaio.
Txapa gorri erori da eta lehen saketik Altuna jaun eta jabe izan da. Aurkaria ezker-eskubi ongi mugituz eta hanketara jokatuz, Jaka erabat deskonektatuta mantendu du amezketarrak eta tantoak bata bestearen atzetik erortzen joan dira bere alde.
Gainera, lizartzarra ez du batere asmatu ez defentsa lanean eta ezta sakea eskuratu duen uneetan ere. Defentsan oso bigun aritu da, pilota ez bereziki zailak errazegi galduz. Eta sakea hartu duenean ere ez du asmatu bere erremate azkar horiei zukua ateratzen. Lehen atsedenaldi luzean emaitza 12-3koa zen.
Jakak bere jokoaren printza gutxi batzuk partidaren bigarren erdian utzi ditu, 17-8ra hurbilduz. Tarte horretan hiru erremate ikusgarri sinatu ditu, bi txokoan eta horma-biko bat, baina Altunaren erantzuna ere halakoa izan da: zabaletik zabalera jotako pilotakada luze batekin moztu du aurkariaren erreakzio posiblea.
Bi tanto ikusgarrirekin ipini dio amaiera Altunak 43 minutu eskaseko demari, txapela janzteko bere hautagaitza erakutsiz. Hori bai, ez da bere ohiko apaltasunetik metro bat ere mugitu.
«Oso pozik nago, bitik bi irabazita, bat 11an eta bestea 9an, baina hala ere ez nago sailkatuta», gogoratu du amezketarrak zuhur. «Ongi aurkitu naiz, bizi. Sakatu ongi egin dut, lehen erdian agian hobeto, eta agintzea ere lortu dut une askotan. Ematen du ezetz, baina kaiolan ere indarrak badu bere garrantzia», gaineratu du.
Jaka, aldiz, «haserre» agertu da bere buruarekin, «dezepzionatuta» ez duelako bere maila eman. «Berak berea egin du, ia beti egiten duen moduan, baina nik ez dut nire maila eman. Oraintxe bertan ez dut analisi bat egiteko gorputzaldia, baina hausnartu beharra dago ea zergatik ez dudan nire maila eman».
FITXA
Pilotakadak: 223. Partidaren iraupena: 43 minutu. Markagailua: 5-0, 5-1, 6-1, 6-2, 8-2, 8-3, 12-3, 12-4, 15-4, 15-6, 17-6, 17-8, 20-8, 20-9 eta 22-9. Sakez: 4 Altuna III.ak. Jokoan eginak: 12 Altuna III.ak eta 5 Jakak. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak eta 6 Jakak. Gertaerak: Gasteizko Ogeta pilotalekua. Gorka lehengusua izan zen Altunaren botileroa eta Aitor Aranguren pilotaria Jakarena. Lehen sakea, gorri.
Azken jardunaldiko kokalekuak
Enpresek jakinarazi dituzte final-laurdenetako ligaxken azken jardunaldiko partidak noiz eta non jokatuko diren. Laso eta Elordiren arteko neurketa erabakigarria larunbatean jokatuko da Labriten. Altuna eta Zubizarretaren artekoa, igandean Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Eta Peio Etxeberria eta Peñaren artekoa, jokoan jada ezer ez dagoela, Arrasaten ostiralean.