NAIZ

Loiolako operazioa zuzenduz etxebizitza publiko gehiagorako aukera dagoela dio EH Bilduk

Loiolako kuartelen erosketarako erdietsitako operazioak etxebizitza publikoen kopurua legeak ezartzen duen gutxieneko %40ra mugatuko dela jakin ostean, EH Bilduk adierazi du egoera «zuzentzeko aukerak» daudela. Bideragarritasun bermatua etekinak txikituz egi daitekeela aipatu du.

Loiolako kuartelen operazioak etxebizitza publikoen gutxieneko kopurua ahalbidetuko luke, Udalaren arabera.
Loiolako kuartelen operazioak etxebizitza publikoen gutxieneko kopurua ahalbidetuko luke, Udalaren arabera. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Udal Gobernu taldeak Loiolako kuartelen erosketak izandako kostu ekonomiko altuak etxebizitza publikoen kopuru txikiago bat ekarriko duela onartu ostean, operazioa zuzentzeko aukerak daudela azaldu du gaur EH Bilduk, eta horretan ari dela lanean gaineratu du.

Juan Karlos Izagirre koalizio subiranistako udal taldeko buruak GARAk eta NAIZek gaur argitaratzen duten informazioa aipatu du, eta horren harira nabarmendu du EH Bildu operazioa zuzentzeko dauden aukeren gainean ari dela lanean.

GARAk eta NAIZek ezagutzera eman dutenez, tentsio handiko eremua izendatzeko Lakuako Gobernuaren aurrean aurkeztu beharreko txostenean, Eneko Goiaren udal gobernuak onartzen du Espainiako Defentsa Ministerioarekin erdietsitako akordioak eragozten duela etxebizitza babestura bideratutako ehunekoa handitzea eta, hortaz, legeak ezarritako gutxienekora (%40) mugatu behar direla lursailetan eraikiko liratekeen etxebizitza publikoak.

Izagirreren esanetan, udal gobernuaren txostenak EH Bilduk behin baino gehiagotan agertutako balorazioa baieztatu du: «Argitaratu da behin eta berriz esan duguna, Loiolako kuartelak erosteko Udaletik egin zen hitzarmena ez dela hain ona Donostiarentzako». «Hala ere, aukerak badaude hau zuzentzeko eta EH Bildu horretan ari da lanean», adierazi du udal ordezkariak.

Aipatutako txostenean, Goiaren Gobernuak onartzen du erosketagatik ordaindu beharreko 73,3 milioiak bere gain hartu zuela Udalak gehiegizko prezioa izan arren. Antza denez, Madrilen planteatu dute babestutako etxebizitzen kopurua igotzea, baina Estatuaren erantzuna izan da hirigintza operazioa errentagarria izateko ezin dela etxebizitza publikoen kopurua handitu.

Etxebizitza publikoa zen helburua

Izagirrek gogorarazi du ahalik eta etxebizitza publiko gehien egitea helburu zuen hitzarmen bat egitean zegoela gakoa, «eta emaitza izatea 74 milioi ordaindu eta etxebizitza publikoren gutxieneko kopurua lortzea, ezin dugu inolaz ere esan emaitza ona denik».

Azaldu du, hala ere, «bideragarritasun ekonomikoa bermatuta ere lortu daitekeela etxebizitza publiko gehiago egitea». «Horrelako proposamen bat egin genuen etxebizitza plana hobetzeko, partzialki onartua izan dena, eta uste dugu bide hau jorratu beharra dagoela. Hori bai, honek ekarriko du eraikitzaileek eta etxe-agentziek etekin ekonomiko txikiago bat izatea», adierazi du.

Izagirreren ustez, «anbizioz eta ausardiaz jokatu» behar da «interes orokorra lehenestea lortzeko», eta berretsi du koalizioa bide horretan ari dela lanean.