Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Euskal eskalatzaileek urre bat eta bi brontze lortu dituzte Zailtasuneko Espainiako Kopan

Amaitu berri den erregulartasunaren zirkuituan 18 urtez azpikoen mailan Maddi Agirrek irabazi du eta Elur Arteaga hirugarrena izan da. Lur Guenetxea, berriz, 14 urtez azpikoen kategorian podiumaren hirugarren kutxara igo da.

Maddi Agirre, podiumean. Euskal urrezko domina bakarra lortu du Zaitasuneko Espainiako Kopan.
Maddi Agirre, podiumean. Euskal urrezko domina bakarra lortu du Zaitasuneko Espainiako Kopan. (EMF)

Joan den asteburuan, Mendi eta Eskalada Kirolen Espainiako Federazioak (Fedme) antolatuko Zailtasuneko Kopak hirugarren eta azken hitzordua izan zuen. Arroyomolinos, Sant Marti de Tous eta Vilanova i la Geltru izan dira hiru geltokiak. Azken horretan, behin betiko sailkapenak argitu ziren. Euskal ordezkarien emaitzei dagokienez, hiru lehiakidek ohorezko postuak erdietsi dituzte. Hirurak ala hirurak, gainera, gazte maila ezberdinetan sinatu dituzte; seniorretan ez da podiumik egon. 18 urtez azpikoen kategorian, Maddi Agirrek urrea eskuratu du eta Elur Arteagak brontzea. Brontzea ere baina 14 urtez azpikoen mailan sinatu du Lur Guenetxeak.

Vilanova i la Geltrun jokatu den azken proba erabakigarrian, nagusien mailan, euskal interesentzat egoera kezkagarria bizi izan zen. Mutiletan, adibidez, soilik euskal ordezkari batek parte hartu zuen: Martzel Vicariok. Ez bagaude oker, horrelako egoerarik ez da izan Espainiako Kopa jokatzen denetik. Eta dagoeneko, hamarraldi batzuk igaro dira. Emakumezkoetan ere antzeko irudia ikusi zen. Hiru ordezkari lehiatu ziren: Maria Feo, Agirre eta Arteaga. Baina aurreratu behar dugu 18 urtez azpikoen mailakoak diren arren, azken biek seniorretan lehiatzeko aukera dutela. Vicario finalera igaro eta zortzigarren postuan sailkatu zen. Agirre laugarrena izan zen, Ainhoa Uskola seigarrena eta Feo zortzigarrena.

18 urtez azpikoen kategorian, Agirre gailendu zen, Arteagak bosgarren postua sinatu zuen eta Uskolak seigarrena. 16 urtez azpikoetan, Udane Mujika seigarrena izan zen. Eta maila txikienean, 14 urtez azpikoetan, Lur Guenetxeak bigarren postua erdietsi zuen eta Aiora Perezek zortzigarrena.

Agirreren urrea

Hiru hitzorduak jokatu eta puntu guztiak banatu eta gero, Zailtasuneko Espainiako Koparen sailkapen nagusia argitu zen. Eta zalantzarik gabe, postu onena lortu duen euskal eskalatzailea Agirre izan da. 18 urtez azpikoen mailan, ordiziarrak ia erabateko nagusitasuna erakutsi du; izan ere, bi proba irabazi ditu eta bestean bigarrena izan da. Hortaz gain, seniorretan, goi-mailako bosgarren postua eskuratu du. Mutiletan, Vicario lehen euskal lehiakidea izan da; zortzigarren postua lortu du.

18 urtez azpikoen kategoriara itzuliko gara, besteak beste, Arteagak brontzea irabazi duelako. Maila horretan bi euskal domina egon dira. Zortzigarren postuarekin, Manex Iñurrategi erregularrena izan da mutiletan.

16 urtez azpikoetan, Mujikak gertu izan du sailkapen orokorreko podiuma, baina elduaindarrak laugarren postuarekin konformatu behar izan du. Eta, azkenik, 14 urtez azpikoetan, hirugarren eta azken ohorezko postua lortu da. Hain zuzen ere, Guenetxeak brontzea sinatu du.