Josune Arriaga Martinez euskal presoa baldintzapeko askatasunean geratu da, 14 urteko espetxealdiaren ostean, Etxeratek jakinarazi duenez. Ebazpena Espetxe Zaintzako epaileak eman du eta, horrenbestez, 2024ko abuztutik 3. graduan zegoen Arriagak ez du Iruñeko kartzelara itzuli beharko.
Iruindarra 2007ko azaroan atxilotu zuten Bidarrain, lanera zihoala. Hiru aste beranduago kontrol judizialpean utzi zuten aske. Handik hiru urtera frantziar agintariek estraditatu egin zuten, espainar Auzitegi Nazionalaren eskaera onartuta. ETAri laguntza ematearen akusaziopean epaitu eta zigortu zuten.
Hamalau urte hauetan sakabanaketa politikaren krudelkeria jasan du Arriagak, beste ehunka presok bezala. Salamancako Topaseko espetxean zegoela, bere amaren osasun egoera kaskarra medio Iruñeko kartzelara lekualdatu zuten. Hamar urte ziren ama ikusten ez zuela, eta baimen berezia eman zioten 2013an. Iruñetik ez aldentzeko eskaerak –Arartekoarengana ere jo zuten– eta protestak egin ziren arren, aurrena Zaballara eta handik Valladolidera urrundu zuten nafarra, gero Topasera itzultzeko.
Arriagari ez zioten bere ama bizirik zegoen bitartean agurtzen utzi, nahiz eta eskaera garaiz egina zuten. Hileta elizkizunerako eraman zuten Iruñera, baina errausketan egoten ere ez zioten utzi eta atzera Topaseko kartzelara eraman zuten, senideekin baimendua zuen vis a vis-a izan baino lehen.