NAIZ

EH Bilduren ordezkari gisa 12 urteko zikloa itxiko duela iragarri du Julen Arzuagak

Azken 12 urteotan EH Bilduren Askatasun Demokratikoen idazkari eta legebiltzarkide gisa aritu ostean, aurrerantzean Durangaldeko landa garapenean burubelarri jardungo du Julen Arzuagak, berak jakinarazi duenez.

Julen Arzuaga, EH Bilduren agerraldi batean.
Julen Arzuaga, EH Bilduren agerraldi batean. (Idoia Zabaleta | Foku)

Aurreko hiru legealdietan EH Bilduren ordezkari gisa jardun duen Julen Arzuagak ziklo hau itxiko duela eman du jakitera: «Jatorrira bueltatzen naiz, Berrizko Udalean tokiko garapenerako teknikari lana utzi nuen EH Bilduren abentura zoragarri honetan ontziratzeko eta orain, 12 urteren ostean, Durangaldeko landa garapenean arituko naiz, buru belarri».

 

Hauxe da Arzuagak astearte honetan zabaldu duen mezua:

«Maurizia haundiak abesten zuen moduan, ‘hauxe da despedidea, despedidea honen tristea’.

12 urte beteko dira azaro honetan, EH Bilduren Askatasun Demokratikoen idazkari eta legebiltzarkide izateari ekin niola. Ziklo oso bat nire bizitzan eta baita herri honen bizitzan. Hain justu, ibilbide honetan gatazka politikoa konponbidean jarri da eta bizikidetzaren aldeko urrats esanguratsuak ere eman dira. Preso politikoen auzia, biktimak, poliziaren eredua... Gai delikatuak eta proiekzio mediatiko handikoak hartu ditut nire gain, askotan eragin personal nabarmena izan dutenak. Asko geratzen da egiteko, noski, baina orain dela 12 urte baino dezente hobeto gaude. Nahiko nuke pentsatzea nire ale txikia jarri dudala ibilbide horretan aurrerapausoak egon daitezen.

12 urte ostean, eta EH Bilduren Kongresua begi-bistan, nire ardurak uzteko garaia heldu zela pentsatzen nuen. Dena apur bat aurreratu zait, baina. Hautaketa prozesu publiko bat ireki zen, duela aste batzuk, nire beste pasioa den landa garapenerako Durangaldeko Urkiola Agentzian kudeatzailearen posturako. Izena eman nuen, eta beste 50 hautagaiekin batera lehiatu ondoren dagokien prozesua administratiboan (merituak ebaluatu, elkarrizketak egin...), duela gutxi jakinarazi didate lehendabizikoa geratu naizela eta lanpostua eskaintzen didatela. Aukera hau ez dut pasatzen uztea nahi. Beraz, berriro jatorrira bueltatzen naiz: Berrizko Udalean tokiko garapenerako teknikari lana utzi nuen EH Bilduren abentura zoragarri honetan ontziratzeko eta orain, 12 urteren ostean, Durangaldeko landa garapenean arituko naiz, buru belarri.

Eskerrik asko lana partekatzea egokitu zaidan sektore zabal honen eragile eta persona guztiei. Eskerrik asko horrenbeste pazientzia izan duten lagun eta familiari. Besarkada bana Euskal Herriaren askatasunarekin amesten duzuen bakoitzari. Aurrerantzean ere egia, justizia, memoria eta bizikidetzaren aldeko kausan militante xume gisa jarraituko dut orain arteko determinazio berberarekin. Agurtzen zaituztet guztiok! Ez adiorik!».

EH Bilduko kide ugarik eskertu dute bere lana, mezu honi erantzunez. Eta beste zenbaitek ere, esaterako Egiari Zor Fundazioa.

Agur honen harira ere, biraltasuna lortu du berriz bere garaian Estatu indarkeriaren biktimen alde Arzuagak Legebiltzarrean egin zuen interbentzioa, harmailetan ziren polizikideei zuzenduz.