NAIZ

Ikerketa sustatzeko programa ondu dute Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriko unibertsitateek

Euskal Herrian dauden zazpi unibertsitateek ikerketa sustatu eta laguntzeko programa berria aurkeztu dute Eusko Ikaskuntzarekin batera. 2.000 euroko hiru laguntza emango dira doktoregai, master eta graduetako 4. eta 5. mailako ikasleek aurkeztutako lanei ikasturte honetan.

Javier Arrieta programaren koordinatzailea eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria astearte honetan egindako aurkezpenean.
Javier Arrieta programaren koordinatzailea eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria astearte honetan egindako aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Ikerketa sustatu eta etorkizuneko azter-ildoak irekitze asmoz, programa sortu du Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko zazpi unibertsitateekin batera. Helburua etorkizuneko ikergaien hasierako azterketa sustatzea, lehen hilabeteetako lana bultzatzea eta etorkizuneko ikerketa-ildoen «artearen egoera»-ren lanketa erraztea da.

Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak, Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalak (UNED), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak parte hartu dute.

Donostiako Eusko Ikaskuntzaren egoitza nagusian aurkeztu dute astearte honetan. Bertan azaldu dutenez, hiru laguntza eskainiko dira 2024-2024 ikasturtean, bakoitza 2.000 eurokoa. Doktoregaiak, masterreko ikasleak edo graduetako laugarren eta bosgarren mailako ikasleak aurkeztu ahal izango dira, bai banaka bai eta taldeka ere.

Ana Urkiza Eusko Ikaskunztako lehendakariak azaldu duenez «2021ean Euskal Herriko unibertsitateekin sinatutako hitzarmen markoaren baitan kokatzen da lehenengo deialdi hau, lankidetza eta gure esparruko ikergaiak bultzatu eta ikertzeko».

Urriaren hasieran erakundeak abiatu zuen XIX. Kongresuaren ostean aurkeztu da programa. Izan ere, «Eusko Ikaskuntzak aurrerantzean -Kongresuan- definitutako baliabide-orriari erantzuteko elkarlanak duen garrantziaren erakusle argia da, indarrak batzeko, aliantzak sendotzeko eta bidea elkarrekin egiten jarraitzeko», adierazi du Urkizak.

Bestalde, Javier Arrieta programaren koordinatzaileak zehaztu duenez, «deialdia irekia da gaiei dagokionez, baina lehentasunezko hamairu ikerketa-gai finkatu dira, eremu anitzekoak». Era berean, proposamenak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez egin ahal izango dira, baina euskarak izango du lehentasuna», gaineratu du.