Osakidetzako biltegietako langileen ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Osasun Sailak erakunde publikoaren biltegi-sare osoa «pribatizatzeko egin nahi duen planaren» berri eman eta salatzeko. Gaur egun, lan arlo ezberdinetako 180 profesionalek baino gehiagok osatzen dute Osakidetzako biltegien langilegoa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden 42 biltegietatik ospitale, anbulategi, egoitza edota presondegien sare osoa hornitzen dutenek materiala eskatu, jaso, biltegiratu eta banatzen dute.
Azaldu zutenez, «hainbat urtez inbertsio eta hobekuntzarik egin gabe egon ondoren», aurreko zuzendaritzak Osakidetzaren Plataforma Logistiko Berria izeneko plana osatu eta onartu zuen, «eragile eta profesionalen inolako parte-hartzerik gabe».
2023ko apirilaren 3an Osasun Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenaren ondoren, biltegi zentralizatu hauek EITBk Iurretan erabiltzen zituen instalakuntza zaharretan kokatu nahi dituzte, guztia zentralizatuz.
Plataforma berria eraiki ondorengo zortzi urteetan, dauden biltegi guztiak pixkanaka ordezkatu eta itxiko dira, eta langileek salatu dutenez, «modu horretan 180 lanpostu publiko baino gehiago airean utziz eta zentro eta lurralde bakoitzari benetako autonomia eta autosufizientzia ukatuz».
«Guzti hau garraio pribatu bidez egingo litzateke eta, kasu batzuetan gainera, enpresa pribatu kudeatzaile hau izango da Iurretatik bidalitako materiala ospitaleetan bertan unitate edo kokapen zehatzetaraino eramatearen arduraduna. Sistema berria eraiki, hornitu eta martxan jartzea enpresa pribatuen ardura izango da oso-osorik. Modu honetan aurretik dagoen enplegu publikoaren kalterako izango den egitura pribatu berria sortuz eta zergadunengandik 128 milioi euro baino gehiago poltsikoratuz», salatu dute langileek.
Aldaketak bai, baina ez hauek
Langileek onartu dute gaur egungo sistemak aldaketak behar dituela, baina ez dute onartzen Osasun Sailaren plana. «Inork ez du zalantzan jartzen hainbat urteetako utzikeriaren ondoren, osasunarekin lotutako materiala bezalako aspektu estrategiko batean inbertitzea beharrezkoa dela. Ez du zentzurik, gaur egun gertatzen den bezala, egitura berekoak izanik, Osakidetza osatzen duten zentro ezberdinek, modu bateratuan ordez, leku bakoitzean zenbateko desberdinak negoziatu eta ordaintzea hornitzaile berdin baten materiala beragatik. Ezta ere Osakidetzaren barruan material berdin batek nomenklatura edo kodifikazio desberdinak izatea. Baina horretarako eta planteatzen diren bestelako hobekuntzak aurrera eramateko ez da beharrezkoa hedatu nahi den proiektua garatu edo zentralizatzea», azaldu dute.
Horretaz gain, langileek informazio falta salatu dute: «Urte eta erdi baino gehiagoko ziurgabetasunaren ondoren, langileok zehaztasunik gabeko eta kontraesanez beteriko informazioa baino ez dugu lortu arduradunen aldetik». Horregatik, oraingo proiektua «berehala gelditzea, biltegiratze beharrak modu komunean aztertzea, eta eragileekin adostutako plan berri bat garatzea» eskatu dute.
«Osasun sistema publikoari emandako kolpe zuzen bat da hau. Ez da gure borroka, herritar guztiona baizik. Belaunaldiz belaunaldi ahalegin handiz lortu eta kudeatu diren funtsezko baliabideak eremu publikoan mantentzearen erronka da hau. Herritar gisan modu berdinean eragiten gaituen erronka alegia», aldarrikatu dute.
Hau guztiagatik, EAEko biltegi guztiek dinamika bateratu bati ekin diote proiektu geldiarazten saiatzeko. Osakidetzako langile guztiei, gizarte eragile eta herritarrei urriaren 30etik aurrera 11.00etan ospitale gehienetan asteazkenero egingo dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin dute.