IZAR GORRIA 78 - IDK EUSKOTREN 80
Ez du eskapada makala egin IDK Euskotrenek Belgradeko Izar Gorriaren kantxan! Aurreneko laurdenean 32! puntu jaso dituzte Azu Muguruzarenek eta 27-14 galtzen izan dira. Ostean, orkatilatik hobeto dagoen Delicia Washington eta partidako heroi bihurtu den Lola Pendanderen –18 puntu eta 9 errebote– artean berdindu dute norgehiagoka, eta azken laurdenean murgilduta, Halvarsson eta Prieto ere joko bolada onean zirela, 66-76 aurreratu dira donostiarrak.
Alabaina, 10-0ko partziala sartu du talde serbiarrak eta azken segundoetara markagailua berdinean iritsi da partida. Massey eta Prietok 0-3ko partziala lortu dute, baina Washingtionek opari eman duen baloi baten ostean Izar Gorriko Madison Williamsek –27 puntu– 78-79 jarri du markagailua.
Pendandek azken segundo horietan jaurtiketa libre bakarra sartu du, baina defentsan direnak eta ez direnak emanda, salbatu dute garaipena donostiarrek. Eta hori gutxi ez eta, hurrengo kanporaketarako leku bat bermatu dute, ligaxka amaitzeko bi jardunaldiren faltan.
Okerra zuzendu behar
Ez dira gauzak, inondik ere, donostiarrek nahi bezala hasi. Vigon orkatilan min hartu arren Delicia Washington berreskuratu du Ibaeta Basketek eta bere eskutik etorri dira donostiarren aurreneko bi saskiratzeak, baina defentsan oso kamuts hasi dira osterantzean Azu Muguruzarenak, eta Madison Williamsen ekina ezin izan dute inola ere geratu. Hala, Azu Muguruza berak hutsartea eskatzerako, Izar Gorriak 17-6 hanka egin du markagailuan.
Tristea da hiru egun aurretik oinez egin ezinik zebilen hura izatea aurreneko laurdeneko jokalaririk bizi eta eta zorrotzena donostiarren artean. Serbiarren abantaila 27-14raino luzatu da. Une batez partida bertan hautsi behar zela ere pasa da FMP Hall Zeleznik pabiloira azaldu direnen burutik.
Izan ere, Izar Gorriak askoz biziago ekin dio jokoari eta Azu Muguruzari kosta zaio erritmo horretan jokatzeko prestaturiko bostekoa aurkitzea. Zentzu horretan, pozgarria izan da Lola Pendande kantxaratu den unea. Pibot andaluziarra kemen handiko emakumea da –Ejidon 2000. urteko martxoan sortua, etorkin afrikarren alaba da eta bere familian aurrenekoa unibertsitate ikasketak burutu dituena, AEBetan, kasu honetan– eta lanari eta uztaipeko borrokari ez dio inolako beldurrik, beste munduko talenturik ez badauka ere.
Pendande eta Washingtonen artean ekin diote serbiarren abantaila murrizteko lanari eta gainerako taldekideak jokalari hauen bien indarrari lotzen hasi dira. Horrez gain, Izar Gorriak errotazio eskasagoa duela ere erakutsi du, aulkitik atera diren jokalarien artean Ivana Katanic antolatzailea bakarrik bereizi delako.
Etxeko taldeak ere erritmo apur bat galdu du eta erreboteetan Ibaeta basket gehiago izaten hasi da. Ondorioz, apurka bada ere, talde bien arteko aldea murriztuz joan da atsedenaldira 47-43 heldu arte. Ikusitakoak ikusita, gaitzerdi gipuzkoarrentzat. Eta hori, hirukorik ez duela sartu aintzat hartuta.
Azken orduko larritasuna
Atzetik aurrerako lana bere horretan jarraitu du IDK Euskotrenek aldageletatik bueltan. Pendande, halvarsson eta Washington izan dira talde donostiarra markagailuan aurretik jarri dutenak, 2-9ko partziala lortu eta gero.
Madison Williamsek bere azken hitza ez du artean esan eta IDK Euskotren estuasunetan sartu du eskolta estatubatuarrak. Urrutiko jaurtiketetan zein barneraldien bitartez, 11-1eko partziala lortu du Williamsek Izar Gorriarentzat, markagailua 51-57tik 62-58ra pasatuz.
Hala ere, Roso Buch eta Halvarssonen eskarmentuak markagailua laurdena amaitzerako iraultzeko balio izan dio Azu Muguruzaren taldeari. Bide batez, talde serbiarrak nekea ere antzeman du halakoren baten: 64-65.
Azken laurdenarekin batera hasi dira sartzen donostiarren hirukoak. Lehenengo, Roso Buchen bitartez eta Alba Prietok gero. Sevillako antolatzailea oso makal hasi da, baina partidak aurrera egin ahala, askoz maila hobea eman du. Horrez gain, uztaipean Pendande eta Becker nagusi direla, 66-76raino alde egin dute Azu Muguruzarenek.
Baina Izar Gorriak pare bat hiruko kateatu dituzte eta partidaren azken txanpa berpiztu dute. Atzean, berriz, 2-3 zonakako defentsa jarri dute serbiarrek eta IDK Euskotrenen zalantzak «elikatu» dituzte, urrutitik nahi beste ez dutelako asmatu ordura arte. Hala, Delicia Washigntoni eskutik ihes egin dion baloi bat baliatuz, Ivana Katanicen 76na berdindu du neurketa amaitzeko bi minuturen faltan. Ezinbestean, Azu Muguruzak hutsartea eskatu behar izan du.
Becky Masseyk ez du partida onik egin, baina saskiratze bikaina lortu du hurrengo jokaldian. Are, Nemanja Planojevic Izar Gorriko entrenatzaileari falta teknikoa adierazi diote eta Alba Prietok ez du barkatu. Alabaina, ia irabazita zegoen dema ia kareletik bota dute donostiarrek, Washingtonek azken orduan galdu duen baloi bat tarteko, Williamsek markagailua estutu baitu. Pendandek, jaurtiketa libreen marratik, ez du partida erabat itxi, eta azken jokaldian Ivana Katanic eta Nedeljkoven artean hiru aukera izan ditu Izar Gorriak. Zorionez, Roso Buchek txapela jarrita amaitu da partida, eta lanak behar bezala eginda, gero arte esan ahal izango dio IDK Euskotrenek Women Eurocup honi, azaroaren 20ra arte.
Valentzia-IDK
Bestalde, Espainiako Saskibaloi Federazioak –FEB– ostiralean IDK Euskotrenek Valentziako Fuente de San Luis pabiloian Valentzia Basket Emakumeen Endesa Ligako liderraren aurka jokatu beharreko dema bertan behera laga du, ‘Dana’ tanta hotzak eragindako kalteen ondorioz –tartean 70 hildako behin behinean–.
Juan Roig Mercadona supermerkatu katearen burua presidente duen klubak –uholdea zetorrela jakin arren, supermerkatuko langileek egunerokoa derrogor bete behar izan zuten–, «kaltetuekin elkartasuna erakutsi nahian» adostu du erabaki hau FEBekin eta ‘Danak’ utzi dituen biktimen senitartekoei klubaren izenean dolumina iritsi arazi nahi izan du.
Hurrengo egunetan zehaztuko dute zein egunetan jokatuko dute talde hauek biek Emakumeen Endesa Ligako hitzordua.
FITXA TEKNIKOA:
IZAR GORRIA: Aleksandra Katanic (2), Emily Potter (10), Nedeljkov (9), Radic (12) eta Madison Williams (27) –hasierako bostekoa–, Ivana Katanic (14), Kovacecic (2), Aksam (2) eta Dragicevic.
IDK: Alba Prieto (12), Delicia Washington (16), Nastja Claessens (2), Becky Massey (4) eta Lou Halvalrsson (12) –hasierako bostekoa–, Roso Buch (7), Nyah Becker (7), Lola Pendande (18) eta Lara Gonzalez (2).
Partzialak: 32-22, 15-21, 17-22, 14-15.
Epaileak: Gajdosz, Georgiev eta Mincheva. Falta teknikoa adierazi diote etxeko entrenatzaileari. Egotzitakorik gabe.