2018an argitaratu zuen Katixa Agirrek amatasuna abiapuntu duen ‘Amek ez dute’ nobela. Ama batek bere ume bikiak hilko ditu, eta haurdun dagoen kazetari batek bere buruari galdetuko dio etengabe nola iritsi ote den emakumea ekintza hori burutzera. Sorkuntzaren eta amatasunaren arteko hausnarketa da.
Liburua hainbat hizkuntzetara itzuli dute, eta zinemara ere egin du salto. Mar Coll zuzendari kataluniarra arduratu da zereginaz. Filmaren hasierako oharrak honakoa dio: «Liburuaren egokitzapen librea da honakoa»; Coll-ek beraz ez du 100% moldatu, Valentina Viso-rekin batera, ideia nagusiaz eta kontzeptuaz baliatu da ‘Salve María’ filmaren gidoia osatzeko.
Maria da pelikularen protagonista. 34 urteko idazlea erditu berri da, eta gertakari izugarri batekin obsesionatuta dago: Alice Espanet deituriko emakumeak 10 hilabeteko bikiak hil ditu bainuontzian. Aliceri buruz idaztea izango da Mariarentzat bere amatasuna ulertzeko modu bakarra eta infantizidioaren gaia oso presente egongo da bere bizitzan. Laura Weissmahr aktore hasi berria eta Oriol Pla dira filmeko protagonista nagusiak.
Coll eta Valentina Viso gidoilariaren arteko hirugarren kolaborazioa da. «Elkarrekin hasi genuen prozesua eta geure buruari galdetzen genion ea zer egin genezakeen. Une horretan urtebete baino gutxiagoko haurtxo bat neukan, eta Valentina ama izan zen aspaldi. Beraz, gaia arakatzen hasi ginen», azaldu zuen zuzendariak. «Hausnarketa hori guztia Katixaren nobela irakurri nuen une berean gertatu zen. Zirrara handia eragin zidan, ni prozesu hori zeharkatzen ari nintzelako. Eta ideia ona iruditu zitzaigun moldaketa bati heltzeko, horrek aukera ematen zigun orain arte ez bezalako prozesu bati ekiteko» gehitu du.
Thriller dramatikoaren eta beldurraren kodeez baliatzen den lan honetan, amatasunaren alderik ilunenean murgilduko gara.