‘Bodegón con fantasmas’ Serbia eta Estatu espainiar eta frantziarraren arteko koprodukzioa da. Enrique Buleoren lehen lana da, eta umore beltzez eta kostunbrismoz betea dago. Bost zatitan banatua dagoen filma da eta herri txiki bateko biztanleen istorioa azaltzen du; gizakiak eta mamuak elkarrekin bizi diren tragikomedia da. Bizirik daudenek eguneroko zailtasunei aurre egin beharko diete, eta hildakoek, berriz, heriotzaren atsekabeei. Erritu paranormalak, hildako senideen agerraldiak eta federik gabeko apaizak ikusiko ditugu bertan.
Oso film berezia eta nahiko sailkaezina da. Zuzendariaren hitzetan, «berezia da onerako eta txarrerako. Alde batetik oso lan berezia eta originala egin dugula uste dut, baina hain arriskutsua den proiektu baten alde arraun egitea ez da batere erraza izan; toki askotan zalantzan jarri dute filmari babesa eman ala ez. Ikusle zabal bati eskaintzen ez zaion produktu bat egiten duzunean, jendea oso kontserbadorea dela ohartu gara. Oraingoz, zorionez, harrera oso ona izaten ari da».
Filma orain estreinatu bada ere, aspaldi hasi zen gidoia idazten: «Konfinamenduan hasi nintzen istorio hau idazten. Mamuei buruzko hainbat istorio nituen buruan, eta iruditu zitzaidan horien artean film luze bat egon zitekeela. Txikitan ikusten nituen pelikula eta liburuei omenaldia egin nahi nien eta pelikula hau egitea erabaki nuen», azaldu du Enrique Buleok.
Gau Beltza: saio bikoitza
Saio bikoitzaren aurretik, Victoria Eugenia Antzokian, Gaztea eta Primeran-n eskutik ‘Wreck’ (2022) telesaila aurrestreinatuko da. ‘Sacramentum’ izeneko gurutzaontziko bidaiariak festa egarriz dauden gazteak dira. Haietako bat bere arrebaren suizidioa argitu nahian igoko da ontzira, eta bertan itzalean jarduten duen erakunde baten joko makabroak ezagutuko ditu. Mehatxu nagusia ahate itxurako psikopata bat da. Beldurrezko komedia beltz honetan, itsas giroko slasherra eta beldur klasikoa uztartzen dira.
60 urteko denbora tartean, Ingalaterra Berrian kokatzen den etxe madarikatu bateko hiru pertsonak sotoan sorgin bat bizi dela deskubrituko dute. Hori da ‘Beezel’ filmaren premisa eta 82 minutuetan kronologikoki bananduak dauden hiru segmentu aurkeztuko dizkigu: 1966an hasten da, 1978an jarraitu eta 2003-2013 bitarte amaitzen da.
Gaur egun efektu digitalak baztertzea eta praktikoen aldeko apustua egitea txalogarria iruditzen zait, eta hori da film honek egiten duena; une beldurgarri guztiak ukigarriak eta oso fisikoak dira.
Gidoia, ordea, erdipurdikoa iruditu zait. Adibidez: ez du Beezel pertsonaiaren jatorria arakatzeko tarterik hartzen, eta nahiko garrantzitsua iruditzen zait. Ez dakigu nola iritsi zen horra, zergatik dagoen sotoan harrapatuta edo familiakoekin ze harreman duen. Informazio asko –eta garrantzitsua– falta da pertsonaien arku dramatiko guztia behar bezala garatzeko.
Gau bereziari itxiera emateko ‘Operation Undead’, Sitgesen Midnight X-Treme sailean programatu zuten filma (eta hau asko esatea da); sail horretan muturreko proposamenak programatzen dituzte. Beldurrezko eta akziozko filma da, zonbien generoa, ikuspegi militarra eta zientzia-fikziozko elementuekin uztartzen dituena. Generoaren espektatibak betetzen dituen proposamena da.