Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Azken eguna: ‘Euskal noir’ eta baleak

Iritsi gara azken egunera. Sail Ofizialeko film gehienak ikusi ditugu, baina azkenburukoak falta dira oraindik: ‘Exorcismo’ dokumentala alde batetik eta euskal partaidetza nabarmena duen ‘Una Ballena’ bestetik.

Ingrid Garcia-Jonsson ‘Una Ballena’ filmeko une batean.
Ingrid Garcia-Jonsson ‘Una Ballena’ filmeko une batean. (Señor & Señora)

1975. urteko Franco-ren heriotzak ateak ireki zizkion zentsurarik gabeko zinemari. Zentsura bi urtez apurka gutxitzearekin batera, 1977an erabat indargabetu zen eta ‘S’ delako sailkapena sortu zen: ‘Ikuslearen sentsibilitatea mintzen’ zuten filmei jartzen zitzaien. ‘S’ sailkapena edukia bereziki bortitza, sexuala edo politikoa zenean ematen zen, eta horrek, mota guztietako film sailkaezinak sartzen ziren kutxa nahasi bat sorrarazi zuen. 1978tik 1983ra arte indarrean egon zen sailkapen hau eta lau hamarkadatan diktadura jasan zuen gizartearentzat eduki oso erakargarrian bihurtu zen.

‘Exorcismo’ garai hartako film, zinemagile, aktore zein teknikariei buruzko dokumentala da. Hainbat elkarrizketen bidez, lan honek mugimendu zinematografiko jakin bat aldarrikatzen du. Mugimendu horrek eragin sakona izan zuen estatu espainiarreko gizartean eta zinemaren historian, baita munduko gainerako generoko zineman ere.

‘Euskal noir’ eta baleak

Jaialdiari itxiera emateko Pablo Hernando gasteiztarraren ‘Una Ballena’ film luzea emango dute. Señor & Señora eta Sayaka Producciones euskal ekoiztetxeak elkarlanean sortutako pelikula da, Leire Apellaniz eta Nahikari Ipiña buru direla, eta lantaldean hainbat euskal izen ere ageri dira: Pablo Hernando zuzendaria bera, Kepa Errasti, Iñake Irastorza eta Ramon Barea aktoreak, Xanti Salvador soinu teknikaria edota Izaskun Gonzalez (Rrucculla) musika konposatzailea besteak beste.

Sei astez, Bilbon eta inguruetan grabatu dute eta zuzendari eta gidoilariak nabarmendu duenez, «Euskal Herriko klima euritsua ezin hobeto egokitzen da filmean bilatzen den tonu eta atmosferara».

Fantasiazko eta misteriozko ‘euskal-noir’ honetan, Ingrid Garcia-Jonssonek soldatapeko hiltzaile baten rola jokatuko. Infiltratu eta arrastorik utzi gabe desagertzeko duen gaitasunak hiltzaile gupidagabe batean bihurtu dute. Gainera, naturaz gaindiko trebetasunak ditu. Argumentuak bi ‘munduren’ arteko ertzean dagoen pertsonaia baten barne gatazkekin jolastuko du.

Pertsonaia misteriotsu horren prestakuntza prozesuari buruz galdetuz, honakoa aipatu du Ingrid Garcia-Jonssonek, «soldatapeko hiltzaileei buruzko film asko ikusi ditugu, baina beste kopia batzuen kopiak dira. Beste pertsonaietan ikusitako gauza bera errepikatzeak ñabardurak galtzea zekarren, beraz pertsonaia nire barnetik sortu dut».

Filmean zehar hainbat erreferentzia zinematografiko antzeman daitezke, argiena akaso ‘Le Samouraï’ (1967 ) izan liteke. Film horren zuzendaria Jean-Pierre Melville da;  ‘Una Ballena’ filmean Ramon Barearen pertsonaiak duen ezizen berbera, Melville. Gainera, zinema zuzendariaren benetako izena Jean Pierre Grumbach da, baina Jean-Pierre Melville ezizena aukeratu zuen Moby-Dicken egilearen omenez (Herman Melville). Hor bigarren lotura: imajinatu dezakezuen moduan, ‘Una Ballena’ pelikulan balearen figura oso garrantzitsua baita. Ekoizleen hitzetan, «Nicolas Winding Refnek zuzendutako ‘Le samurai’ baten itxura du».

Film indartsua osatu du Hernando-k, nortasun handikoa eta oso berezia.  Sortu duen atmosfera itogarri horri buruz galdetuz, «Sara Gallego argazki zuzendariaren eta Izaskun Gonzalez konpositorearen laguntza ezinbestekoa izan da. Sarari gidoia bidali eta filma nola irudikatzen zuen galdetu genionean haren erantzuna guztiz bat zetorren nire begiradarekin», erantzun du.

Hainbat jaialditatik igaro ostean, ‘Una Ballena’ 2025eko lehen hiruhilekoan estreinatuko dela aipatu du Leire Apellaniz ekoizleak prentsaurrekoan.

Bitxikeria moduan, estatu espainiarrean ‘Green Film’ ziurtagiria lortzen duen fikziozko lehen film luzea da; filmaketa jasangarria burutu duten eta ingurumenarekin konprometitua dauden izenburuei ematen zaien Europako zigilu berdea da.