Ehungintza eta oinetakogintza sektoreko langileak kalera atera dira larunbat honetan, greba jardunaldi berri batean barruan, EAEn Estatu mailako lan-hitzarmena ezartzearen aurka.
ELAk deituta, Donostian, Bilbon eta Gasteizen egin dituzte elkarretaratzeak, eta negoziaketen sustatzaileak –tartean Inditex, Mango, Primark eta H&M bezalako multinazionalak– negoziaketa kolektiboa zentralizatzeko ahaleginak egiten ari direla salatu dute. Horrek adostutakoa Estatu osoan aplikatzea ekarriko luke eta, ELAk gaitzetsi duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lan-hitzamenetan adostutakoak baino baldintzak kaskarragoak ezartzea ekarriko luke.
Natalia Ortiz ELAko ordezkariak Bilbon egin den elkarretaratzean zehaztu duenez, sektoreko langileen soldatan eragin eta lanordu gehiago bete behar izatea ekarriko luke, eta baita dendak igandeetan, jaiegunetan eta udan zehar larunbat arratsaldeetan irekitzeko aukera zabaltzea ere.
«Lan-hitzarmen probintzialetan negoziaketak egiteko aukera kenduko litzaiguke», salatu du Ortizek, eta «soldataren izoztea» emango litzatekeela gaztigatu du, «Estatuko gainerako lekuetan baldintza ekonomikoak eta oinarrizko soldatak okerragoak direlako».
Ehungintzako langileek greban astebete inguru daramatela ere ekarri du gogora –hamar egun Gipuzkoan, zortzi Araban eta zazpi Bizkaian– eta mobilizazioetan izaten ari den parte hartzeak hainbat arropa eta oinetako dendaren itxiera ekarri duela nabarmendu du.
Bilboko martxa 12.00etan abiatu da Lopez Harotik eta Moyua Plazatik Plaza Biribilerainoko tartea zeharkatu dute, hain zuzen ere ehungintzako multinazional ugarik dendak dituzten eremua. ‘Borroka da bide bakarra’ edota ‘ARTE, entzun, sektorea borrokan da’ gisako oihuak entzun ahal izan dira.
Gasteizen, Boulevard merkatalgunetik abiatu da manifestazioa eta Donostian, aldiz, Garberatik abiatuta egin dute protesta, auto ilara baten bidez.