Iazko hutsunearen ostean, indarrez itzuli da Unai Laso Lau eta Erdiko finalerdietara, partida erabakigarrian Aitor Elordiri bere botikatik goilarakada on bat emanda. Txapelketako sakatzailerik onena bezala agertu da mallabitarra gaurko kanporaketa itxurako partidara, baina epailearen txapa alde izanagatik, Unai Lasok bere armarik eraginkorrena kendu dio bizkaitarrari eta harekin argitu du finalerdietarako bidea. Gauzak normal, Jokin Altunak behar luke erroibartarraren aurkaria, baina horretarako amezketarrak 13 tanto egin beharko dizkio Zubizarretari igandean Donostian.
Duela bi urte, egungo kaiolako txapelduna izan zen Elordi kanpoan utzi zuena, orduan ere saketik mina eginda, baina gaurkoan are erabakigarriagoa izan da lehen pilotakada. Hasteko, errestoan bikain aritu delako Baikoko aurrelaria. Zitala izan da Elordiren partidako lehen pilotakada, baina Lasoren erantzuna are hobea izan da, ez dio sake-errematean sartzeko aukerarik utzi, tantoa landu eta sakearen jabe eginda, berehala hautsi du partida aurrelari nafarrak.
Pentsa, 30 pilotakada nahikoak izan ditu Bizkarreta-Gerendiaingoak 9-0 aurreratzeko, hauetariko sei tanto sakez eskuratutakoak izan direlarik eta beste bat sake-errematean. Gutxigatik ihes egin dion beste sake-erremate batek eman eten du Unai Lasoren takada, baina Aitor Elordi ez da kolpea itzultzeko gai izan, hein handi batean, Unai Laso errestoan ere askoz egokiago aritu delako. Lortu ditu mallabitarrak hiru tanto sake-errematean, baina orain arte aurkariei horrenbeste min egindako lehen pilotakadarekin ez du alerik batu eta horrek asko zaildu du bere jarduna.
Saketik falta
Arriskuak hartuz, baina pilotari abiadura eta norabidea emanda, Lasok berean jarraitu eta 15-5 aurreratu denean 8 tanto zituen sakez lortuak eta beste bi sake-errematean. Hor, ordea, sakez falta bat egin du luzeegi jota –Elordi lehen aldiz airez sartzen saiatu da baina pasatzen utzi eta asmatu du– eta hortxe konfiantza apur bat galdu du Lasok horrenbeste eman dion jokaldiarekin.
Hala ere, sakean ez ezik, jokoan ere nabarmen hobea izan da Baikoko pilotaria, ideiak oso argi izan dituelako. Eskuinez fresko dago erroibartarra, Elordiri ezkerrez botera jokatu araziz ere min handia egin dio eta aukerak sortu dituenean, ezker gantxoak ere bikain erantzun dio.
Gauzak horrela, Aitor Elordik kontra egiteko aukera urriak izan ditu eta Baikok bere bigarren pilotaria ziurtatu du finalerdietan, Zubizarretak egin dezakeenaren zain.
FITXA TEKNIKOA
Elordi: 10
Laso: 22
Pilotakadak: 147. Iraupena: 43 minutu. Markagailua: 0-9, 4-9, 4-11, 5-11, 5-15, 8-15,8-19, 9-19, 9-20, 10-20, 10-22. Sakeak: 9 (2 falta) Lasok. Egindakoak: 5 Elordik eta 11 Lasok. Galdutakoak: 2 Elordik eta 3 Lasok. Gorabeherak: Sarrera ia guztiak salduak Iruñeko Labriten. Garikoitz Txakartegi aritu da Elordi ilobaren botilero lanetan eta Jon Mariezkurrena egon da Unai Lasorekin. Lehen sakea gorri