Gerraren eta faxismoaren aurkako aldarrikapena kalera atera dute Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) eta Ikasle Abertzaleak-en kideek larunbat honetan. Asteburu honetan Altsasuk hartu duen Gazte Topagune Sozialistaren baitan manifestazioa egin dute.
Antolatzaileen hitzetan, «eztabaidarako eta komunitatea eraikitzeko» diren egun hauetan milaka gazte elkartu dira Altsasun euskarazko literaturaz, Euskal Herriko gazte- eta ikasle-mugimenduaren historiaz, gaurkotasun politikoari nola heldu, emakumeen laneko prekaritateaz eta mugimendu bezala etorkizunera begira dituzte erronkez eztabaidatu eta hausnartzeko.
«Gazteok ere kapitalismoari, gerrari eta austeritateari aurre egingo dion alternatiba sozialistaren aldeko borrokara batu behar gara», adierazi zuten, Topagunearen asmoa zentzu horretan ekarpena egitea dela zehaztuz.
Larunbat honetan egindako manifestazioaz gain, Palestinako eta Libanoko herritarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten. «Israelgo Estatu terroristak Ekialde Hurbilean hedatzen ari den izu eta heriotzaren aurrean mobilizatzen eta konplizeak seinalatzen jarraitu behar dugu», aldarrikatu zuten.
Palestinako eta Libanoko herri langileei elkartasuna adierazteko tartea izan dugu #TPGNSozialista |n.
— Gazte Koordinadora Sozialista (@GKSozialista) November 1, 2024
Israelgo estatu terrorista Ekialde Hurbilean hedatzen ari den izu eta heriotzaren aurrean mobilizatzen eta konplizeak seinalatzen jarraitu behar dugu. pic.twitter.com/Ownl95bElV
Hitzaldi, solasaldi eta mahai-inguruez gain, kiroleko ekintzak ere egon dira, besteak beste, kirol-ikuskizun bat, futbito txapelketa, boxeo belada bat eta pilota ikuskizuna. Antton Telleria eta Asier K. umoregileen emanaldia, suhiltzaile erakustaldia, Iago magoaren ikuskizuna eta Belarrijana podcastaren zuzeneko saioa izan dira Altsasun.
Musikak ere leku garrantzitsua hartu du hiru eguneko egitarauan. Ostegunetik zenbait kontzertu izan dira gauetan, esate baterako, Sara Zozaya, Mirua, Eñaut Elorrieta, Ibil Bedi artistenak. Larunbat honetan, Topagunea ixteko, honako hauen txanda izango da: Gozzue, Nakar, Bris, Calié, Mateo, Zikuta eta lagunak, TOC, Jaloner, Kaparrak, Tatxers, Kalipotxo, J Martina eta Malakias MX3.