Biodibertsitateari buruzko Nazio Batuen Konferentziak (COP16) herri indigenek, afrikarren ondorengoek eta tokiko komunitateek biodibertsitatea zaintzeko egin duten ekarpena aitortu du larunbat goizalde honetan, adostasunez.
Adierazpena Calin ospatzen ari den COP16aren negoziazioen luzapenean onartu da, eta Kolonbiako Kantzelaritzaren arabera, Kunming-Montreal Biodibertsitate Esparru Globalaren «8J artikuluko organo subsidiario berri bat sortzea» dakar.
Goi-bileraren buru izan den Susana Muhamad Kolonbiako Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko ministroak «historikotzat» jo du 8J artikuluaren inguruko akordioa adostasunez lortzea, eta hiru «lorpen handi» zerrendatu ditu: «8J artikuluko organo subsidiarioa sortzea herri indigenentzat eta tokiko komunitateentzat; hitzarmenean afrikarren ondorengo herriak biodibertsitatearen zaindaritzat hartzea eta komunitate horientzako 2030era arteko lan programa ezartzea».
«Gertakari honekin herri indigenen, afroondorengoen eta tokiko komunitateen jakintza tradizionalen balioa aitortzen da eta 26 urteko Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenean zor historikoa kitatzen da», nabarmendu du ministroak.
Kolonbiako Atzerri ministro Luis Gilberto Murillok «munduarentzat lorpen» bat dela berretsi du, eta bereziki bere herrialdearentzat, «Latinoamerikarentzat eta Karibearentzat, aintzatespen horrek garrantzi berezia» duela adierazi du.
«Gure lurraldeak, planetaren aberastasun naturalaren zati handi bat hartzen dutenak, komunitate eta herri afrikarren ondorengo eta indigenen bizileku ere izan dira, eta haien praktika iraunkorrak funtsezkoak dira gaur egun mundu mailan ditugun ingurumen erronkei aurre egiteko», esan du Murillok.
Calin diren herri indigenetako ordezkariek pozarren ospatu dute jasotako aitortza. Ukabila altxata eta jantzi tradizionalez jantzita, nabarmendu dute «aurrekaririk gabeko unea» dela «ingurumenari buruzko alde anitzeko akordioen historian», Camila Romero Txileko indigenen ordezkariak esan duenez.
Negoziazio konplexuak
COP16 gailurraren negoziazioak urriaren 21ean hasi ziren Calin, Kolonbiako Valle del Cauca departamenduko hiriburuan, eta atzo, azaroak 1, amaitu behar zuten, baina adostasun faltak azken saioa larunbatera arte luzatzera behartu ditu 190 herrialdeetako ordezkariak.
Herri indigenentzako eta tokiko komunitateentzako 8J Artikuluaren organo subsidiarioaren onarpena zen COP16aren oztopoetako bat, Errusia eta Indonesia bezalako herrialdeak aurka zeudelako, baina Kolonbiako presidentetzak azken orduan beharrezko adostasuna lortu du.
8J artikuluak herrialdeei eskatzen die indigenen eta tokiko komunitateen ezagutza tradizionalak errespetatzeko, zaintzeko eta mantentzeko, bai eta ezagutza horien erabilera zabala sustatzeko ere, ezagutza horiek dituztenen parte-hartzearekin, eta ezagutza horien erabileraren ondoriozko onura partekatua sustatzen du.
Kolonbiako presidenteorde Francia Marquezek aitortza hori ospatu du. «Brasilen eta Kolonbiaren lidergoari esker, munduak afrikarren ondorengoen ekintzak eta ekarpenak aitortzea lortu dugu, Aniztasun Biologikoaren Hitzarmenaren (CDB) esparruan. Hau gertaera historiko bat da, justizia etniko-arrazialeko ekintza», ospatu du Marquezek bere X kontuan.
Era berean, presidenteordeak «aurrekaririk gabeko gertakaritzat» jo du «herri indigenen eta tokiko komunitateen organo subsidiarioaren onarpena».
Azken orduan, COP16k dokumentu bat ere onartu du, «itsasoko eta kostaldeko biodibertsitatearen eta uharteetako biodibertsitatearen kontserbazioari eta erabilera jasangarriari buruzkoa».
«Porrota» Greenpeaceren ustez
Bilerako beste gai gatazkatsu batzuk, azken txanpan, hauek ziren: 2030erako 200.000 milioi dolar lortzeko ekintza plan bat ezartzea biodibertsitatea kontserbatzeko eta baliabide horiek nola bideratu jakiteko, eta ekintza plan nazionalak aurkeztea, 196 herrialdetatik 44k baino egin ez dutena.
Eztabaida hauek uste baino gehiago luzatu dute gailurra, baina azkenean akordiorik ez zela lortuko iritzita, bukaera jarri diote quorum faltagatik, ordurako jada batzarkide askok itzultzeko bidaiari ekin diotelako.
Gauzak honela, «porrota» gertatu dela adierazi du Greenpeacek. WWF, aldiz, «kezka» hitza aukeratu du gailurra baloratzeko.
Finantziatzioaren aferari berriz heldu beharko diotela uste dute batzuek eta besteek. Baliteke Tailandiako Bangkoken iragarria den hurrengo bileran gertatzea, 2025ean, Armenian 2026an ospatuko dute COP17aren aurretik.
6.