NAIZ

217 dira jada DANAk hildako pertsonak eta desagertuen kopururik ez dute eman oraindik

Aste honetako tanta hotzak 217 lagun hil ditu dagoeneko, 213 Valentzian, hiru Gaztela-Mantxan eta bat Malagan. Momentuz, ez dute desagertutako pertsonen zifra ofizialik eman. Asteazkenetik larunbat gauera 188 gorpu atera zituzten Valentzian. 183ri egin diete autopsia eta 68 identifikatu dituzte.

Jendea lokatz eta hondakin artean, Valentziako Benetusser herrian.
Jendea lokatz eta hondakin artean, Valentziako Benetusser herrian. (Lorena SOPÊNA | EUROPA PRESS)

Azken datuen arabera, 217 hildako eragin ditu DANAk, gehien-gehienak (213) Valentzian, hiru Gaztela-Mantxan eta bat Malagan. Gaztela-Mantxako herri kaltetuenean, Albaceteko Leturren, desagertutako bost pertsonetako baten gorpua aurkitu dute igande goiz honetan.

Pedralba 3.000 biztanleko herri valentziarrean hiru bizilagunen gorpuak identifikatu dituzte. Bikote ingeles bat eta gizon espainiar bat dira, asteartetik bilatzen zituztenak, Andoni Leon alkateak EFE agentziari erran dionez. Herriko bitartekoekin topatu dituzte gorpuok eta badakite bertze pertsona bat edo gehiago egon daitezkeela desagertuta.

«Probintziako boluntario pila baten laguntza izan dugu, eta ura eta janaria erruz heldu zaizkigu Espainia osotik», adierazi du Leonek. Ia argindar zerbitzu osoa berreskuratu dute, baina ez dute ur edangarririk oraindik. «Hornidura hori berrezartzeko hilabeteak beharko dira, hoditeria nagusiak uholdeak eraman baitzituen», zehaztu du alkateak. Telefono estaldura bai, badute, eta boluntarioei esker etxeak eta kaleak garbitu dituzte.

183 gorpuri egin diete autopsia

Oraindik ez dute ofizialki Valentzian desagertuta dauden lagunen kopurua zehaztu. Baina 210 dira jada bertan baieztatutako heriotzak, Generalitateko Larrialdietako Koordinazio Zentroak jakinarazi duenez.

Agertu dutenez, mediku forentseek 188 gorpu atera zituzten Valentzian asteazkenetik larunbat gaueko bederatziak arte. Horietako 183ri egin diete autopsia, eta momentuz 67 identifikatu dituzte. Hala jasotzen da Datuen Zentro Bateratuaren (CID) estatistiketan. Larrialdi honi aurre egiteko sortu da zentro hori, mediku forentseen eta zientzia-poliziaren jardueraren protokoloaren barnean.

Autopsia egin dieten hildako guztiak Valentziako Ciudad de la Justicia-tik Feria Valencia-ko gorputegira eraman ditu Larrialdietako Unitate Militarrak (UME). Ciudad de la Justicia-ko sotoetan ari dira gorpuak hartzen.

Odontologoak eta DNA probak

Azaldu dutenez, hiru odontologo forentse batu dira Medikuntza Legaleko Institutuaren lantaldera, hildako pertsonak identifikatzeko eta proba osagarriak egiteko, zenbait kasutan ez delako erraza oinatz digitalak identifikatzea, heriotzatik igarotako denboragatik. CID zentroak emandako datuen arabera, DNA analisien bidez identifikatutako lehendabiziko bi gorpuen berri eman zuten larunbatean.

Bestalde, Valentziako Medikuntza Legaleko Institutuak bi telefono linea jarri ditu ehorztetxeen esku, erakunde judizialekin harremanetan jar daitezen, beharrezko izapideak egiteko.

Aemet estatuko meteorologia agentziak asteazkenean erran bezala, mende honetan Valentzia kolpatu duen tanta hotz bortitzena izan da DANA hau, 2019ko irailekoa baino handiagoa eta 1980ko hamarkadako bi eurite handien parekoa.