NAIZ

2030ean Dbuseko flota %100 elektrikoa izango da, 98 milioi euroko inbertsioarekin

Dbus garraio publikoko konpainia «aro berri» batean sartu dela jakinarazi du, 2030erako autobus guztiak %100 elektrikoak izateko helburuarekin. Horretarako, 98 milioi euroko aurrekontua du.

Dbus-serako ‘Bideberdea’ proiektuaren aurkezpena.
Dbus-serako ‘Bideberdea’ proiektuaren aurkezpena. (DONOSTIAKO UDALA)

Dbusek ekitaldi instituzionala egin du Tabakaleran, ‘Bideberdea: etorkizun %100 elektriko eta jasangarri baterantz’ plana aurkezteko. 2030erako Dbusen autobus-flota % 100 elektrikoa izatea da helburua. Horretarako, 98 milioi euro inbertituko dituzte.

«Gaur ezagutzen eta aurkezten duguna ez da soilik Tranbiaren Konpainiaren apustua. Hiri oso baten apustua da. Hiri garbiagoa eta ke eta zarata gutxiago duen hiria izatearen aldeko apustua. Hiri jasangarriagoa eta bere emisioak arintzen eta murrizten duen hiria izatearen aldeko apustua. Mugikortasun eredua aldatuz hiria eraldatzearen aldeko apustua», azaldu du Eneko Goia alkateak.

Gainera, Goiak gaineratu du hamarkada bat barru donostiarren garraio eta mugikortasun ohiturak «aldatu egingo direla eta, gero, atzera begiratzean, konturatuko garela hartzen ari diren erabakiak norabide egokian doazela».

Igor Gonzalez dBuseko zuzendari gerenteak azaldu duenez, datozen 6 urteetan 2030erako flota erabat elektrikoa lortzeko, Donostiako Tranbiaren Konpainiak bere 138 urteetako eraldaketa handienari ekingo dio, flotari eta bere funtzionamenduari eusten dion azpiegitura osoari eragiten dion zerbitzuaren deskarbonizazioarekin.

Bideberdea hiru ardatzetan egituratuta dago: ibilgailu dieselen ordez ibilgailu elektrikoak erabiltzea, autobus elektriko adimendunaren (EIB) proiektua garatzea 17 linean eta kotxetegietako azpiegitura elektrikoak eguneratzea.

2024ko amaieratik 2025eko lehen seihilekora bitartean, 12 metroko % 100 elektrikoak diren 39 Dbus ibilgailu berri helduko dira. Era berean, aurreikuspenen arabera, aurten 18 metroko lehen 6 ibilgailuak iritsiko dira, eta 2025ean beste 9.