Francisco Javier Urgoiti Saiteceko bazkide sortzaile eta zuzendari exekutiboa 2023ko Euskal Enpresaririk Onena izendatu du Euskal Enpresaren Gauak, bere XXXIII. edizioan, Gizarte eta Euskal Enpresa Fundazioak antolatuta, Kutxabanken babes nagusiarekin, Dinof eta Inbisa enpresen laguntzarekin eta hedabide laguntzaile-lanetan Coperen parte-hartzearekin.
Sarien epaimahaiak, halaber, Made in Euskadi sariarekin aitortu du JMA Alejandro Altunak egindako lana, haren proiektuak nazioartean izan duen eraginagatik; eta Jema Energyk Enpresa Berrikuntza saria jaso du, potentzia eletronikaren alorrean abangoardia teknologikoan egindako ibilbide luzeagatik. Euskal Makila Mexikoko Grupo Industrial Saltillok (GIS) jaso du, duela bederatzi urte Fuchosa balazta-urkilen fabrikatzaile bizkaitarra Draxton automobilgintza atalean integratu ondoren. Gaur egun, Draxton Atxondo da taldeko ingeniaritza globaleko burua.
Ohikoa den moduan, aurreko edizioko irabazleek banatu dituzte sariak. Horrela, Leire Alberdik, Alberdi Taldeko zuzendari exekutiboak, Francisco Javier Urgoitiri Euskal Enpresaririk Onena saria aitortzen dion plaka eman dio. Javier Loroñok, Lointekeko zuzendari exekutiboak, Made in Euskadi saria eman dio Jose Antonio Altuna Gallastegiri, eta Silvia Sotok, VIVEbiotecheko Langileen Arloko zuzendariak, Enpresa Berrikuntza sariaren lekukoa utzi dio Jose María Del Ríori, Jema Energyko zuzendari nagusiari.
Guggenheimen egindako ekitaldiari hasiera emateko, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak agurra egin die bertaratutakoei; ondoren, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko kontseilari ordezkariak hartu du hitza, eta, ekitaldia amaitzeko, Euskal Makila saria eman diote Mexikoko Grupo Saltillo Industrial (GIS) multinazionalari. Draxton Europa & Asia eta Ingeniería Globaleko zuzendari nagusi Alberto Hernandez Tellezek ordezkatu du taldea, eta Mikel Jauregi Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eman dio saria, eta berak eman dio amaiera ekitaldiari.