Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Ufologia zaletasunetik abiatuta, Mikel Pagadik bere lehen eleberria den ‘Bisita’ aurkeztu du

Ufologia zaletasunetik abiatuta eta betiko umorearekin, Mikel Pagadik ‘Bisita’ eleberria idatzi du, bere lehen liburua. Astelehen honetan aurkeztu du prentsaurreko batean, xehetasun guztiak aditzera emateko.

Mikel Pagadik 'Bisita' eleberria aurkeztu du astelehen honetan Donostian.
Mikel Pagadik 'Bisita' eleberria aurkeztu du astelehen honetan Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Mikel Pagadi aktorea, aurkezlea eta, orain ere bai, idazleak ‘Bisita’ (Elkar, 2024) eleberria aurkeztu du astelehen honetan. Idazleak ufologia, fantasia eta umorea nahasi ditu bere lehen liburua dena idazteko.

Esti Vivanco hitzaurre egileak eta Xabier Mendiguren editoreak lagunduta, Pagadik ‘Bisita’ aurkeztu du Elkarrek Donostiako Fermin Kalbeton kalean daukan dendan. Prentsaurreko honetan, Pagadik eleberriaren xehetasunak jakinarazi ditu, hala nola non bururatu zitzaion istorioa edo zein liburutan inspiratu zen.

‘Herri txiki, infernu handi’ EiTBko programa aurkezteagatik ezaguna, Pagadik azaldu du ‘Bisita’ idazteko ideia sortu zitzaiola, hain zuzen ere, AEBetan saio bat grabatzen ari zirenean, duela bi urte. «Ufologian betidanik» izan duen obsesioagatik, Pagadik «lata» eman zien bere lankideei 51 Eremura joateko, Las Vegas hiritik hiru ordura kotxez eta «basamortuaren erdian» kokatuta.

Ideia horretatik jaio zen ‘Bisita’, «nik irakurri nahiko nuen liburua: zientzia fikzioa, fantasia eta umorea nahasten dituena», azaldu du Pagadik. Hain zuzen, beste era batean ezin izan zitekeenez, umoreak ere paper garrantzitsua dauka nobela honetan. Zentzu honetan, aipatu du txisteek laguntzen dutela «irakurketa lasaia» lortzen, beti «bere neurrian».

‘Bisita’ idazteko, Pagadik azaldu du Max Brooks idazle estatubatuarrak idatzitako ‘World War Z’ liburuan inspiratu zela. Handik atera zuen «istorio kalidoskopikoa» sortzeko ideia, literaturaren gai klasiko bat garatzeko pertsonaia-sorta zabal batetik abiatuta.

Istorioa Euskal Herrian kokatzeari dagokionez, Pagadik nahi izan du kasu honetan plater hegalari bat Anoeta herriko Soroeta baserriaren pareko artasorora heltzea: «Normalean estralurtarren istorioak AEBetan gertatzen dira, eta, pandemia ostean, nahi nuen horretaz hitz egin, zein jokabide hartuko genituzkeen horrelako gauza bat gertatuz gero». Gertakari honek harremanetan ipiniko ditu Etxe Zuria eta Lakuako Gobernua.

Era berean, Vivancok azpimarratu duenez, Pagadik «kritika soziala» eta «satira politikoa» ere sartu du ‘Bisita’ eleberrian. Nahiz eta «izen gutxi» sartu, baieztatu du «irakurleak jakingo duela» nortzuk diren.