NAIZ

Fiskalak Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko 9 auzipetuen aurkako karguak kendu ditu

Sastraka Gaztetxeko 9 auzipetuen defentsaren tesiekin bat eginez, fiskalak karguak kendu ditu auzia preskribatuta egon zitekeelakoan okupaziotik lau urte pasa ondoren. Epaileak bertan behera utzi du epaiketa, eta auzia artxibatzen duen ala ez zehaztuko du hurrengo asteetan.

Sastraka Gaztetxeko 9 auzipetuei babesa emateko manifestazioa Portugaleten.
Sastraka Gaztetxeko 9 auzipetuei babesa emateko manifestazioa Portugaleten. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bertan behera geratu da astelehen honetan Barakaldoko epaitegietan egin behar zen Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko 9 kideen aurkako epaiketaren ahozko saioa, kasua preskribatuta egon daitekeelakoan. Bi edo hiru aste barru, auzia artxibatzen duen ala ez argitzeko autoa emango du epaileak.

2020ko udan okupatu zuten hainbat urtez abandonatuta egon zen Nuestra Señora del Carmen ikastetxea. Lau urte hauetan, hainbat proiektu eraman dituzte aurrera, Portugaleteri erabilera kolektiboko espazio bat eskainiz. Baina eraikinaren jabeak bederatzi gazteren kontrako salaketa jarri zuen eta Barakaldoko epaitegietan izan da lehenengo auzia astearte honetan.

Sastraka Gaztetxetik NAIZi azaldu diotenez, lau akusatuei egozten zitzaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du defentsak, okupazioa gertatu zenetik lau urte baino gehiago igaro direlakoan. Eta Fiskaltzak bat egin du tesi horrekin eta aurkeztutako karguak erretiratu ditu.

Hala, epaileak ahozko ikustaldia etetea erabaki du, eta bi edo hiru asteko epean, ziurrenik, autoa kaleratuko du auzia artxibatzeari buruz. Auzia artxibatu ezean, epaiketa 4 edo 5 hilabeteren buruan egingo litzateke.

Baina auzipetuen abokatuak zein Sastraka Gaztetxetik baikor agertu dira, eta auzia artxibatuko dela uste dute.

Abokatuak ‘Tele7’ katean azaldu duenez, kasua artxibatuko balitz, jabeak beste zigor prozedura bati ekin ahal izango lioke, baina beste pertsona batzuen aurkakoa izan beharko luke. Bestalde, kaleratze prozesu zibil bat ere aukera lezake jabetza berreskuratzeko.

Sastraka Gaztetxeak eskerrak eman nahi izan dizkie Portugaleteko herritarrei aste hauetan emandako babesagatik eta euren jarduerarekin jarraituko dutela adierazi dute.