Arnaitz Gorriti

Tadas Sedekerskis eta Sander Raieste taldekideekin entrenatzen hasi dira

Zuntz haustura baten erruz hegaleko lituaniarra urriaren 15etik hona ezin izan du jokatu. Raiestek, berriz, pubiseko arazo bat izan du eta Pablo Lasok ez du erabili urriaren 5az geroztik. Ostiralean Bartzelonaren aurka jokatzeko aukera gehiago ditu Sedekerskisek eskolta letoniarrak baino.

Tadas Sedekerskis eta Sander Raieste, astearteko entrenamendu saioan.
Tadas Sedekerskis eta Sander Raieste, astearteko entrenamendu saioan. (@SASKI BASKONIA)

Saski Baskoniak astearte honetan burutu du asteko aurreneko entrenamendu saioa, astelehenez, igandean Kanaria Handian galdu eta gero, etxera itzuli eta atseden hartu ostean. Kanaria Handiaren partida osteko prentsaurrekoan azaldu zuen Pablo Laso entrenatzaileak gauzak ondo, Tadas Sedekerskis kapitaina taldekideekin entrenatzen hasiko zela asteartetik aurrera. Aldiz, gauzak ez zeuzkan horren argi Sander Raieste eskolta letoniarrari zegokionez. Bada, asteartea iritsi da eta biak ala biak taldekideekin aritu dira entrenatzen.

Urriaren erdialdetik hona ez batak ez besteak ezin izan du jokatu. Sedekerskis hegaleko lituaniarrak urriaren 15ean Real Madrilen aurka jokatu zuen azkenekoz, eta ordutik hona zuntz haustura bat sendatzeko lanetan aritu da, bakarka ere entrenatzen aritu den bitartean.

Kapitainak hegaleko zein hegal-pibot posturako lan eskerga egiten du eta bera gabe tarteka emaitza onak lortuta ere –dela ACB Ligan Palau Blaugranan irabaztea, dela Euroligan Armani Milano edo Alba Berlinen aurka nagusitzea–, errebotean eta defentsa lanetan ematen duen errendimendua faltan bota du Baskoniak hiru aste luze hauetan. ACB Ligan 12 puntu, 7,3 errebote eta 3,3 asistentzia lortzen ditu Sedekerskisek batez beste, eta Euroligan 10 puntu, 5,3 errebote eta 2,3 asistentzia pilatzen ditu.

Zalantzarik gabe, Sander Raiesteren garrantzia askoz eskasagoa da gasteiztarren artean. Urriaren 5ean Morabanc Andorraren aurka jokatu zuenetik, ez da gehiago kantxetara azaldu Letonian jaiotako eskolta. Ez da ez duela jokatu, baizik eta ez dela deialdietan sartu ere egin. Pubisean lesio bat izan du eta Saski Baskoniak nahiago izan du «tratamendu kontserbadorea» eraman eta kostata bada ere, halakoren baten emaitzarik ematen hasi dela dirudi. Letoniarrak ez du aurtengo Euroligan partidarik jokatu orain arte eta ACB Ligan jokatu dituen bi norgehiagoketan batez beste 1,5 puntu eta errebote 1 pilatu ditu.

Nolanahi, oraindik goiz da jakiteko ostiralean Palau Blaugranan Euroligako partida jokatzeko moduan izango ote diren, nahiz eta albiste ona den biak ala biak taldekideekin entrenatzen ikustea. ACB Ligako ditxosozko «formazio kupoak» osatzeko askoz buruhauste gutxiago izango ditu orain Baskoniak, Sedekerskis eta Raieste gabe, Hrabar txekiarra eta Joseba Kerejetak osatu baitute azken aldian Pablo Lasoren deialdia. Igandean Hiopos Lleida igo berriaren aurka, adibidez, abagune egokia izan liteke.

Georgiako pasaportea

Bestalde, badirudi Kamar Baldwinek Georgiako pasaportea izango duela hurrengo asteetatik aurrera, Gasteizko zenbait hedabidek aurreratu dutenez. Orain arte Pablo Lasok Trent Forrest edo Kamar Baldwin, bietatik bat, deialditik at laga behar izan du ACB Ligako neurketan jokatu aurretik. Izan ere, ACB Ligako legediak gehienez bi «extrakumunitario» onartzen ditu eta Markus Howardekin batera, hiru ditu uneotan talde gasteiztarrak. Georgia herrialde «komunitarioa» delarik, Baldwin, Forrest eta Howardek elkarrekin jokatzeko aukera izango lukete, baita ACB Ligan ere, uneotan Euroligan elkarrekin aritzeko ez baitute inolako arazorik.

Alabaina, pasaportea lortzeko Kamar Baldwinek Georgiako selekzioarekin jokatu beharko du. Hilaren 20tik 24ra bitartean FIBAren «Leiho» horietako bat irekiko da. Hori dela-eta, ez da asteburu horretan ACB Ligako jardunaldirik izango; bai ordea Euroligakoa –Olympiacosen etxean hilaren 21ean dauka hitzordua Saski Baskoniak–, baina tarte horretan Georgiako selekzioarekin aritu beharko du Kamar Baldwinek bertoko pasaportea jasoko badu.