Andoni Arabaolaza

Urrezko Pioletak, hiru jarduera alpino saritzeaz gain, emakumezko bati aipamen berezia eman dio

Tirish Mir, Jannu eta Flat Top mendietan iaz egin ziren eskalada bikainak dira protagonistak. Nives Meroik, berriz, aitortza jasoko du abenduan San Martino di Castrozzan egingo den ekitaldian.

Jannuko iparraldeko murruan eginiko eskalada bikaina saritu dute.
Jannuko iparraldeko murruan eginiko eskalada bikaina saritu dute. (Marvell/Rousseau/Cornell)

Estatu frantsesean antolatzen diren Urrezko Pioleten sariek galdera-ikur guztiak argitu dituzte. Big List edo Zerrenda Handia, ibilbidearen saria, ekitaldia egingo den lekua… Horren guztiaren berri antolatzaileek tantaka eman digute. Baina ohi den legez, iazko jarduera alpino onenak zeintzuk izango ote ziren orain arte isilean gorde dute. Azkenean, ohar baten bitartez, ekimen horren arduradunek itxaronaldia argitu dute.

Gogora dezagun aurtengo sari banaketa ekitaldia San Martino di Castrozzan (Italia) egingo dela. Horrekin antolatzaileek Dolomitei keinu egin nahi izan diete. Aldatu egin ez dena Urrezko Pioleten izpiritua izan da. Aldaketa batzuk izan dira, baina mamian ezer gutxi. 1992. urtean sortu zituzten nazioarteko eskalada alpino onenak saritzeko, eta ez alpinistak. 2009an, berriz, indarrean zuten formulak eboluzionatu zuen: jarduera bakar bat aitortu ordez, bi edo hiru saritzen hasi ziren. Baina berriro diogu, irizpideak eta etika aldatu gabe.

Besteak beste, hasieratik Urrezko Pioleten Gutun Nagusiak honako oinarriak izan ditu: dotoretasuna, esplorazioaren izpiritua, maila tekniko handia, konpromisoa, autonomia… Bada irizpide horiei beste batzuk gehitu dizkiete: «Eskalada horiek mezu etikoak bultzatu behar dituzte. Ingurumenari begirunea izatea ezinbestekoa da. Hortaz gain, bisitatzen diren inguruetako herritarrak, mendiko langileak… errespetatu behar dira».

Zerrenda luzean garbiketa sakona egin ondoren, epaimahaikideek iazko hiru eskalada azpimarratu dituzte. Lise Billon, Ales Cesen, Toni Gutsch, Genki Narumi, Enricco Rosso, Jack Tackle eta Mikel Zabalza epaimahaikideen arabera, Tirich Mir, Jannu eta Flat Top mendietan eginiko jarduerek saria jasoko dute Dolomitetan.

Nives Meroi

Tirich Mir-eko (7.708 m) alpinistak Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima izan ziren. Hots, iragan udaran K2 edo Chogori mendian zendu ziren japoniarrak. Bi alpinistok Hindu Kush-eko mendi garaienean jardun zuten. Hain zuzen ere, iparraldeko murruan ‘The secret line’ sortu ondoren, ipar-mendebaldeko ibilbide klasikotik jaitsi ziren. Sei eguneko jarduera izan zen. Epaimahaiak dio abentura luzea, zorrotza eta oso konprometitua izan zela: «Informazio gutxirekin, zeharkaldi ederra egin zuten garaiera handiko mendi batean. 200 metroko soka finkoa erabili zuten; zoritxarrez, mendian utzitakoa. Halere, horrek ez du arrakasta hori zikintzen».

Matt Cornell, Jackson Marvel eta Alan Rousseauk Jannu-ko (7.710 m, Himalaia) iparraldeko hormatzar ikusgarrian ‘Round trip ticket’ bidea (M7, AI5+, A0, 2.700 m) bost eguneko lan gogorrean zabaldu zuten. Eskalada horrek nazioartean oihartzun handia izan zuen, eta epaimahaiak ere ez du beste alde batera begiratu eta aho batez jarduera hori aitortu du: «Zazpimilako batean egin den igoera aparta izan da; teknikoki oso zaila eta estilo alpinoan. Hortaz gain, estrategia oso ona indarrean jarri zuten. Gaitasun tekniko eta eskarmentu itzela, tresneriaren eboluzioa… Zalantzarik gabe, hirukote horrek Himalaiako igoeren historian atal berri bat idatzi du».

Bi zazpimilako horietan eginiko eskaladek seimilako batean egin zen beste bati lekukoa eman diote. Mendia: Flat Top (6.100 m, Indiako Himalaia). Protagonistak: Hugo Beguin, Matthias Gribi eta Nathan Monard suitzarrak. Bada, hiru gazte horiek ukitu gabe zegoen seimilakoaren mendebaldeko horma igotzeko eta jaisteko bost egun behar izan zituzten. “Tomorrow is another day” (ED, 5c, A2, WI4, M6, 1.400 m) sortu zuten.

Epaimahaiak uste du irekitako bidea oso dotorea eta teknikoki zaila dela. Gainera, mendi oso estetiko batean zabalduta: «Inguru horrek azken 40 urteotan bisita gutxi izan ditu. Gazte horiek estilo alpino perfektuan eskalada bikaina egin zuten».

Amaitzeko, Urrezko Pioleten ekimenak emakumezko alpinista bati aipamen berezia egin dio. Aski ezaguna den Nives Meroi dugu. Aitortza hori jasoko du Romano Benet, Peter Hamor eta Bojan Janekin Kabru Sar mendian (7.318 m, Himalaia) irekitako ‘Diamonds on the soles of the shoes’ bidearengatik.

Antolatzaileek aurreratu zuten nesken alpinismoa sustatzeko izaera horretako aitortzak emango zituela, eta, irakurtzen den bezala, Meroi italiarra aurtengo ekitaldian protagonista bihurtu da.