NAIZ

Bi urakanek jipoitutako Kubaren alde elkartasun ekonomikoa pilatzeko kanpaina abiatu dute

Euskadi-Cuba adiskidetasun elkarteak eta Euskal Herriko emigrazio kubatar elkarteek premiazko deialdia egin dute uharterako dohaintza ekonomikoak jasotzeko, bi urakan indartsuk irla gogor kolpatu ondoren.

Kuba argindarrik gabe dago, urakan berri batek gogor kolpatu eta gero.
Kuba argindarrik gabe dago, urakan berri batek gogor kolpatu eta gero. (Nick KAISER | EUROPA PRESS)

Rafael urakanak ondorio lazgarriak utzi ditu Kuban, Oscar urakanarenak oraindik bizi-bizi zeudenean. Horren aurrean, Euskal Herriko hainbat elkartek kanpaina berezia abiatu dute elkartasun ekonomikoa pilatzeko.

Euskadi-Cuba adiskidetasun elkarteak eta Euskal Herriko emigrazio kubatar patriotikoaren Sierra Maestra-Euskadi eta Desembarco del Granma elkarteek elkartasuna helarazi diote Kubari, Rafael urakana igaro ondoren, eta «eredugarritzat» jo dute Kubako Defentsa Zibileko Sistema.

«Orain arte, ez da inor hil. Hala ere, kalteak handiak dira, ehunka etxebizitza erorita, nekazaritzan eta azpiegituretan kalteak eta sistema elektrikoaren kolapsoa», nabarmendu dute. Defentsa Nazionaleko Kontseiluaren lehen balantze baten arabera, Habanan bakarrik 461 eraikin erori direla zenbatu dira, erabateko eroriak eta partzialak, etxebizitzetan, eskoletan eta ospitaleetan.

Rafael oso epe laburreko bigarren urakana da. Duela bi aste, Oscar urakanak Guantanamoko probintzia astindu zuen. Bbeste ezeren gainetik, kubatarren kezka nagusia Sistema Elektriko Nazionala (SEN) berreskuratzea da. Izan ere, asteazken honetan deskonexio osoa jasan zuen, ustez haize bortitzengatik. Hiru aste baino gutxiagoan Kubak erabateko itzalaldia izan duen bigarren aldia da.

«Kubako Defentsa Zibileko Sistema eredu bat da munduarentzat giza bizitzak babesteko. Kasu honetan, 250 mila pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte herrialdean», nabarmendu dute laguntza pilatu nahi duten elkarteek.

Kontu korrontea

«Kubak AEBko Gobernuaren blokeo ekonomiko, finantzario eta komertzial kriminal baten pean egiten du hori guztia. Blokeo hori 32 aldiz kondenatu da, Nazio Batuen Batzar Nagusian, azkena duela astebete eskas, 187 botorekin biren aurka (AEB eta Israel), Washingtonek Nazioarteko Komunitatearen borondatea errespetatu gabe», ekarri dute gogora.

Honela, elkartasuna biltzearekin batera, «politika genozida horren aurka borrokatzeko» eskatu dute, eta «euskal herritarrak animatzen ditugu laguntza humanitarioa bidaltzeko funtsak biltzen laguntzera, gure banku kontuaren bidez».

Horretarako Laboral Kutxako kontu korronte bat jarri dute herritarron eskura: ES35 3035 0134 43 1340059271. «"Kontzeptua” espazioan, posible bada, dohaintza egiten duen Izena eta "Urakana" hitza idazteko eskatzen dizuegu», adierazi dute.