Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Epilogorik gabe’, desilusioaren eta erresistentziaren poetika Elena Sanchezen poesian

Elena Sanchezek irabazi zuen 2023ko Blas de Otero eta Angela Figuera poesia lehiaketa, eta Erein argitaletxeak argitaratu du ostiral honetan liburua. Bidaia bat egiten du irakurleak ‘Epilogorik ez’ liburuan, ezkotasunetik erresistentziara.

Elena Sanchezek ‘Epilogorik gabe’ poesia liburua aurkeztu du ostiral honetan.
Elena Sanchezek ‘Epilogorik gabe’ poesia liburua aurkeztu du ostiral honetan. (Jagoba Manterola | FOKU)

Elena Sanchezek zalantza du poesia azaldu behar ote den. «Obsesio handia dago askotan dena ulertzeko, dena azaltzeko eta poesia, ezeren gainetik, gozatu egin behar da». Ostiral goiz honetan, ordea, azalpenak ematea egokitu zaio, Erein argitaletxearekin ‘Epilogorik gabe’ poema liburua aurkeztu baitu, Blas de Otero-Angela Figuera nazioaretko XVI. Poesia lehiaketa irabazi ostean.

Inazio Mujika editoreak azaldu du bi zati dituela poesia liburuak, lehenengoa «pesimista» eta bigarrena «optimistagoa». Erreferentzia kultural asko jasotzen direla nabarmendu du, batez ere literarioak eta musikalak. «Estilo poetiko erakargarria du, irudi biziak sortzen ditu eta irakurketa atmosfera ezberdinetara eramaten du», adierazi du.

Denbora gutxian idatziriko liburua izan dela aitortu du Sanchezek, bederatzi edo hamar hilabetean hain zuzen ere: «Lehenengo poema 2022ko martxoan sortua da. Pandemia batetik ateratzen ari ginen Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka gordindu zenean. Horri larrialdi klimatikoa, krisi migratorioa... gehitzen zitzaizkion, eta gizarte sasi-anestesiatua», kontatu du.

Testuinguru horretan sentitutako bulkada batetik sortu zituen poemak, «desiluzio batetik», esan du, «etorkizuna hitza lausotzen hasten zaidan une batean sortzen da poema liburu hau», zehaztu du. Eta horregatik, lehen atalari ‘No future’ jarri zion izena. Lehen ataleko poemak tristeak direla azpimarratu du editoreak: bataila galduak, noraeza, larrialdi klimatikoa, krisi migratorioa eta migratzaileen tragedia, prekaritatea…

Baina ezkortasun horretan murgildu zenean, etorkizunik ez ikusteak beldurra eragin zion idazleari, eta aurre egin behar ziola erabaki zuen. Aurkezpenean, Audre Lorde poeta afroamerikarraren aipu bati bueltaka hasi zela aitortu du, «Beldurra ezagutzeak, askeak izaten laguntzen gaitu» zihoen poemak, eta bertatik abiatuta idatzi zuen bigarren atala, ‘Beldurraren tiraniaren aurka’.

Beldurrari aurre egin

Ikuspegia aldatzea lortu zuen bigarren atal hau idazterakoan: «Nire beldurrak identifikatzen banituen errazago eutsi ahal nien, errazago aurre egin ahal nien. Erresistentzia agertzen da hemen. Bizitzea merezi du. Desesperantzatik ihes egitea erabaki nuen une batean».

Begirada erresilientea nagusitzen da libururaren bigarren zatian, eta erresistentzia eredu xumeak nabarmentzen dituela azaldu du: «Borrokatu eta iraun duten emakume idazleak, esaterako, pertsonaia literarioak». Eta ondoriztatu du, minari aurre egitea lortzen duela atal horretan.

«Tranpa txiki bat» egiteko lizentzia ere hartu du Sanchezek, izan ere, izenburuan epilogorik ez dagoela esaten du, baina hirugarren atal labur bat gehitu dio liburuari: Epilogoa. «Poema liburuari epilogoa oparitu nahi izan nion, desilusioari ilusioa piztuz, desesperantzari esperantza izpi bat emanez».

Donostian egindako aurkezpenean irakurleari dei egin dio «epilogoa norberak idazteko». Eta aitortu du, berari poesiak laguntzen diola ikuspegi baikorrago edo erresilienteago bat lortzen.