Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak arlo teknikoa handitu du eta Ruben Perez eta Pablo Urtasun kirol zuzendari izendatu ditu hurrengo denboraldirako. Biak Euskadi Fundaziora itzuliko dira horrela, aurretik txirrindulari profesionalak izan baitziren talde laranjan.
Taldeko arduradunen arabera, Perezek eta Urtasunek beren eskarmentu handia eskainiko dute Jorge Azanzaren gidaritzapean, eta Santi Barrancok osatuko du kirol zuzendarien multzoa 2025 urteko denboraldiari begira. Pello Olaberriak, aldiz, ez du jarraituko kirol zuzendari bezala, eta Euskadi Fundazioak eskertu egin dio bere ardura eta onena opa dio bere etapa profesional berrian.
Bost denboraldi maillotarekin
Jorge Azanza, Ruben Perez eta Pablo Urtasun bost denboraldiz aritu ziren Euskaltel-Euskadiren maillotarekin, 2009 eta 2013 artean. Iñaki Isasi Euskadi Fundazioko presidentea ere izan zen haiekin, lehenik txirrindulari gisa, 2009 eta 2011 artean, eta ondoren zuzendari bezala.
Horrela, Euskaltel-Euskadik bere talde teknikoa zabaldu du eskarmentu handiko bi zuzendarirekin, datorren denboraldiko erronkei aurre egiteko. 21 txirrindulariko multzoa sendotu egin da, proba eta eremu guztietan protagonista izateko, eta taldeak egutegiko lehiaketa egunak gehituko ditu, 2026an Vueltako gonbidapenak jasotzeko aukera ematen duen Nazioarteko Txirrindularitza Batasunaren (UCI) sailkapeneko lehen 30 taldeen artean sailkatzeko asmoz.
Azanza: «Sendotasuna taldeari»
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunaren hitzetan «laranjaz aritu diren bi taldekide ohi dira, lagunak eta, aldi berean, inguruko kirol zuzendari onenetako bi. Uste dut sendotasun handia emango digutela taldeari, eta ekarpen handia egingo dutela. Bi zuzendari prestatuak dira eta taldea oso ondo zuzenduta egongo da non-nahi, eta hori gehigarri garrantzitsua izango da. Pello (Olaberria) galtzea pena da, baina orain oso pozik gaude Ruben eta Pablo gurekin daudelako».
Hain zuzen ere, Ruben Perezek (1981, Zaldibar, Bizkaia) Euskadi Fundazioan egin zuen bere txirrindularitza ibilbide osoa, lehenik Orbea taldean (2005) eta 2006tik 2013ra Euskaltel-Euskadin. Kirol zuzendari gisa, Burgos-BH eta Euskadi Murias taldeetan eta Cafe Baque amateurrean egin du lan. Txirrindulari profesional gisa, Tourreko zazpi edizio eta Vueltako lau egin zituen, eta Vuelta, Suitzako Tourra eta Eneco Tour bezalako lasterketetan garaipena eskuratzetik gertu izan zen.
Perez: «Taldea ahalik eta gorenera eramatea»
Perezek ziurtatu du «oso pozik» dagoela «etxeko taldera» itzuli delako. «Euskadi Fundazioari esker, txirrindulari profesionala izan nintzen duela 20 urte, eta oso eskertuta egongo naiz beti. Aurten Iñaki Isasik deitu zidan eta taldea urtez urte gorenera eraman nahi dutela esan zidan, ilusioz beteriko lan ildoekin, eta ezin izan nion eutsi proiektuaren parte izan nahi izateari», esan du.
Datorren urtean taldera itzultzeko eta txirrindulari eta zuzendari gisa azken urteetan lortutako esperientzia guztia emateko aukera izango duela nabarmendu du. «Hain zuzen, taldea ahalik eta gorenera eramaten saiatzeko. Txirrindulari multzo oso orekatua ikusten dut lehiakorrak izan ahal izateko eremu guztietan, eta horrek aukera ematen digu ozen amets egiteko. Orain gogor lan egin behar dugu eta, urratsez urrats, txirrindulari bakoitzaren onena atera», gaineratu du.
Urtasun: «Euskal taldea, gure zaleen bultzadarekin»
Bestalde, Pablo Urtasun (1980, Urdiain, Nafarroa) Euskaltel-Euskadiko txirrindularia izan zen 2009 eta 2013 artean, eta bere ibilbidean Tourreko eta Vueltako bi ekitaldi eta Giroko ekitaldi bat egin zituen, sei garaipen eskuratzeaz gain. Zuzendari bezala, Kern Pharma taldetik dator eta aurretik Team Ukyo zuzendu zuen.
Azaldu duenez, «etapa berri bat da nire etxea izan zenera itzultzen, Euskaltel-Euskadi taldera. Oso berezia da niretzat, hemen aritu bainintzen profesional bezala. Euskal taldea da, etxeko taldea da, eta gure zaleak ditugu atzean bultzatzen. Gogo asko ditut hasteko, beraz».
Helburua lehenengo 30 taldeen artean sailkatzea izango dela adierazi du, eta horretarako «fitxaketa egokiak» egin direla uste du. «Txirrindulari azkarrak, puntuak ateratzeko, lasterketa handiko gonbidapenak lortu ahal izateko. Denon artean aurrerapauso bat emateko eta erronka hori lortzeko lan egingo dugu», gaineratu du.