NAIZ

Batzarra egin dute Hernanin Itxaso Zalduarekin elkartasunez, 110 urteko zigorraren ostean

Hernanin epaiaren berri eman eta elkartasuna adierazi zaio Zalduari.
Hernanin epaiaren berri eman eta elkartasuna adierazi zaio Zalduari. (@HaimarAltuna)

Batzar informatiboa egin dute Hernanin larunbat honetan, Itxaso Zaldua herrikideari Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorraren berri eman eta elkartasuna adierazteko asmoz.

Sortuko arduradun den Haimar Ijurkok sare sozialetan adierazi duenez, «eraso hau ez da onargarria eta hiru ideia azpimarratu beharrean gaude: Batetik, Euskal Herrian bada bide bat preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko etorkizun hurbil bat eraikitzeko eta horretara goaz. Bestetik, aipatutako bidea oztopatu nahi du sakoneko Estatuak, espetxeak hustu beharrean bete eta sufrimendu berriak eraginez. Baina argi izan dezatela ez dutela lortuko, euskal jendarteak ez bai du onartuko. Behin betiko konponbidearen garaia da», aldarrikatu du.

Itxaso Zalduak hamabost urte pasa ditu jada bi estatuen espetxeetan. 2005etik 2017ra frantziar kartzeletan izan zuten preso, oso urruti beti (Roannetik atera zen aske kondena osorik beteta, etxetik 850 kilometrotara).

2020. urtean berriro kartzelaratu zuten, oraingo honetan Madrilen zigortzeko asmoz, inputazio berriak bilatuz. Hernanin manifestazio baten bidez salatu zen jazarpen berri hau eta Beasaingo CAFeko langileek ordubeteko lan uztea egin zuten.

Hiru urteko behin behineko espetxealdiaren ostean aske utzi zuten iaz berriz, Aragoiko PPko buru zen Manuel Gimenez Abad hiltzeko akusaziopean epaitu ostean: Itxaso Zaldua errugabea zela onartu zuen Auzitegi Nazionala.

Bigarren atentatu bat egotzi diote, ordea: Zaragozako Corte Inglesen aurka buruturikoa, 2002. urtean. Eta oso kondena gogorra ezarri berri diote, ostiral honetan ezagutzera eman den epaian: 110 urtekoa.

Auzi honetan zegoen bigarren akusatua, Mikel Karrera Sarobe presoa, errugabe deklaratu du espainiar epaitegi bereziak, baina iaz epaitutakoan erruduntzat jo zuen eta 30 urteko zigorra ezarri zioten.