Prospektiba ariketa batekin ospatu du Iratzar fundazioak bere hamargarren urteurrena. ‘Euskal Herria gero gaurtik, nora goaz?’ lelopean 85 lagun inguru elkartu dira larunbatean. Akademiatik, sindikatu, militante feminista eta ekologista, parlamentariak, zinegotzi, nazioarteko ordezkariak, Txalapartako kideak, EH Bildu, Sortu, Ernai, Bilgune Feminista,... bildu dira.
«Ez da gutxi hamar urte hauetan gertatu dena, eta nola eraldatu den gure herri hau. Azkartasuna eta berehalakotasuna nagusitzen den garaiotan, ikuspegi estrategikoz aritzera tematu gara. Askapenaren aldeko indarrok dugun erronka kolosala bezain beharrezkoa», nabarmendu dute Floren Aoiz fundazioko presidenteak.
Aldaketa garaian sortuak
«Euskal Herria aldaketa garaian bizi zen duela hamar urte eta momentu horretan jaio zen Iratzar fundazioa. Ideia bat zena, egitasmo eraginkor eta sendo bilakatu da. Gogoetak, azterketak, ideiak eta proposamenak zabaldu ditugu. Ideien lehian eragiteko sortu ginen, eta lan oparoa egiten gabiltza ‘Erria’-tik, Iparrorratza bildumekin, sare sozialetatik... Ehunka ekitaldi publiko egin ditugu ikuspegi kritikoa lantzeko Euskal Herriko bazter batetik bestera. Trebakuntza mailan, hamaika ikastaro, saio, hitzaldi: mila lagun baino gehiago pasa dira gure formakuntza zikloetatik. Oroimenaren esparruan gure ondare historikoa bildu, digitalizatu eta ordenatzen ari gara», laburbildu dute.
«Eta batez ere, honetarako, elkarlana hautu estrategikoa izan da, funtsezkoa. Urte hauetan denetik gertatu da: mobilizazioak, erreakzio autoritarioak, hauteskundeak, gerlak, pandemia... Historia bizkortu da gure garaian, eta zaila da luzera pentsatzea, baina, paradoxikoki, gero eta beharrezkoagoa da. Euskal Herriak erronka eta mehatxu handiak ditu bere aurrean. Ez bagara guztiok ez gara gu, eta ez dago gugintza», gaineratu dute.
Bizi dugun zibilizazio krisia aztertu dute larunbateko saioan. Besteak beste, planetaren muga bio-sozialekin egindako talka; munduko potentzien arteko lehia berrosatzen ari dela; munduaren bizkortzean merkantilizazioa, digitalizazio eta adimen artifizialak duten papera; egitura ekonomikoaren gaineko lehia eta desparekotasun sozialak; taupada erreakzionario orokorrak eta estatuaren eta egitura publikoen itzulera aztertu dituzte.
Etorkizunerako erronkak
Etorkizunera begira dituzten erronkei dagokienean zera nabarmendu dute Elena Belokik eta Andoni Olariagak: «Iratzar fundaziotik printzipio edo oinarri batzuk azpimarratzen ditugu, behin eta berriz. Hasieratik pentsatzen dugu, gaurko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko printzipio edo gida baliagarriak direla. Lehenik, borroka ideologikoa edo ideien lehia: errealitatea esanahitzen ez duen mugimenduak porrotera kondenatuta daude. Bigarrrenik, trebakuntza, pentsamendu kritiko hori, ahalduntzean eta transmisioan oinarrituta egon behar da; izan ere, idea, proiektu edo egitasmo politiko batek ez du aurrera egingo, bere kideen ahalduntze kolektiboa eta pentsamendu kritikoa sustatzen ez badu. Hirugarrenik eta azkenik, saregintza, sarea edo artikulazioa. Idea, proiektu edo egitasmo politiko batek ez du biderik egingo beste batzuekin batera egiten ez bada».
«Borroka ideologikoari dagokionez, XX. mendeko errelato handien erorketak taula erabat aldatu digu»
«Borroka ideologikoari dagokionez, XX. mendeko errelato handien erorketak taula erabat aldatu digu. Errelatoek, ideiek eta baloreek gero eta pisu handiagoa duten errealitate batean bizi gara. Ezin dugu aurreko erronka horiei tresna zaharrekin erantzun: horiek egokitu, eta berrietan eragitea ere tokatzen zaigu. Produkzioak eta prospekzioak bezainbeste, ideien lehian eraginak, edo Iratzarren esatea gustuko dugun bezala», gaineratu dute.
«Irradiazioek dute garrantzia»
«Trebakuntza eta transmisioa inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira, atomizazio sozialen garai hauetan. Elkarrekin trebatzen eta pentsamendu kritikoari ateak irekitzen ez dizkion mugimenduak dogmetara eta itxitasunera kondenatuta daudelako. Askapen prozesua azkartzea helburu badugu, Euskal Herria ulertu eta aldatzea, militante formatuagoak, emanzipatuagoak eta ahaldunduak beharko ditu euskal mugimendu demokratikoak. Mugimenduen trebakuntza politikoa lehentasunezko helburua da etorkizunari begira», azaldu dute.
«Saregintza, konplizitateak eraiki, saretu eta gure borroka ezagutzera eman eta besteena gurera ekartzea da gure borroka»
«Saregintza, nazioartean zein Euskal Herrian, konplizitateak eraiki, saretu eta gure borroka ezagutzera ematea eta besteena gurera ekartzea da gure etengabeko borroka. Fundazioak sareak egiteko formula arraroak dira. Egunotan eta gaur askotan errepikatu den bezala, aldaketa eta mamu garaiotan hautu estrategikoa da saretzea eta aliantzak jostea. Erreakzio autoritarioaren aurrean, siglen eta alderdien gainetik, herri bezala eta sektore emantzipatzaile bezala pentsatzeko eta aritzeko hautua berresten dugu hurrengo urteotarako», gaineratu dute.
Utopia gauzatzea
«Gurea utopiaren mugimendua da. Zuok utopikook askatuko dezute Euskal Herria, esan zuen Telesforo Monzonek. Gure ustez, esaldi horrek sakontasun handia zeukan. Batetik, Utopiak ez direla ameskeria, gure errealitatearen ispilu egiten duten ez-lekuak direla, beharrezko ditugunak. Eta hain zuzen, utopiak ameskeria ez izateko, ondoan behar dituela bidearen diseinua eta praktika politikoa, dagoen errealitatea ukatu gabe egiten duena. Alegia, utopikoak garelako gara pragmatikoak; eta berdin alderantziz, pragmatikoak garelako gara utopikoak, eguneroko inertziek irentsi ez eta etengabe aurrera egin nahi dugulako, ezinezkoa posible bilakatuz», amaitu dute.