Gasteizko Legebiltzarrak ohiko ekitaldia egin du igande honetan ‘Gauerdiko Iparrorratza’ eskulturaren aurrean, Memoria Egunaren harira. Azken urteetan, Parlamentuaren sarreran kokatuta dagoen indarkeriaren biktimen omenezko eskulturan izan da ekitaldia. Lore eskaintza egin dute, eta biktimen oroimenari eskainitako bi minutuko isilunea egin dute zeremonian.
Bakartxo Tejeria Parlamentuko presidentea, Imanol Pardales lehendakaria eta Gobernuko sailburuak izan dira bertan, baita alderdi guztietako parlamentariak, PPkoak eta Voxekoak izan ezik.
Sentsibilitate politiko ezberdinak bildu ditu hitzorduak beste urte batez, baina ez da PPko ezta Voxeko ordezkaririk, indarkeria politikoaren eta Estatuko aparatuen abusuen beste biktima batzuk ere gogoratzearen aurka baitaude.
Legebiltzarreko kanpoko ateak zabalik egongo dira egun osoan zehar, erakundeetako ordezkariek eta herritarrek lore-eskaintzan parte hartu ahal izan dezaten.
Sakabanaketak eragindako biktimak
Euskal presoen senideek elkarretaratzea egin dute Legebiltzarraren aurrean, Etxeratek deituta. Hamarkadetan Estatu espainoleko espetxe politikak ezarritako sakabanaketaren ondorioz trafiko istripuetan hildako 16 lagunak gogoratu eta horiek ere biktimatzat har ditzatela aldarrikatu dute.
Naroa Hernandez bozeramaileak adierazi du «ezinbesteko» urratsa dela «gatazkaren konponbidean aurrera egiten jarraitzeko». Etxeratek azaldu duenez, urte luzeetan egin diren espetxeetako bidaietan hil diren senide eta lagunak gatazkaren biktima dira, eta eragindako mina aitortzea da lehen urratsa erreparatzen hasteko.
Elkarretaratzean, sakabanaketaren testuinguruan izandako trafiko istripuetan hildako lagun eta senideen argazkiak erakutsi dituzte. EH Bilduko parlamentariek lore eskaintza horretan ere hartu dute parte.
Pradales: «Diskriminaziorik eta ahazterik gabea»
Imanol Pradales lehendakariak memoria «osoa» behar dela defendatu du, «diskriminaziorik eta ahazterik gabea», «errebantxismoa» saihestuko duena eta terrorismoaren eta beste indarkeria-mota batzuen (polizia-abusuak, esaterako) inguruko kontakizun «autojustifikatzaileak eta autokonplazentziazkoak» gainditzen lagunduko duena.
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian parte hartu du Pradalesek igande honetan, Gasteizen. Bertan, «beldurrari» aurre egin eta terrorismoaren inguruko «isiltasun espirala» hautsi eta ETAren biktimei babesa eta hurbiltasuna adierazi zieten pertsonak bereziki aldarrikatu dituzte.
Pradalesek poliziaren gehiegikeriak, kale erasoak eta ETAk urteetan zehar egindako bahiketak aipatu ditu hitzaldian, eta memoria «oinarri eta balio etiko eta demokratikoen gainean eraikitzeko» deia egin du.
Lehendakariak azpimarratu du memoria «osoa» eraiki behar dela, «diskriminaziorik eta ahazterik gabea»; «errebantxista» ez izatea eta «kritikoa eta autokritikoa» izatea, «kontakizun autojustifikatzaileak eta autokonplazentziazkoak gainditzeko».
Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak ere hartu du hitza ekitaldian, eta ohartarazi du memoriarik gabeko gizartea «gaixorik, gizagabea, galduta eta elkarbizitza ahalbidetuko duen gutxieneko zoru etikoa eraikitzeko gai ez den gizartea» dela.
Kontakizun partekatu bat eraikitzeko, euskal gizarteak hainbeste borrokatu dituen giza eskubideekiko eta balio demokratikoekiko errespetua jarri du oinarrian, eta memoriaren garrantzia azpimarrtu du, «zorroztasun historikoan oinarritutakoa eta zehaztugabetasunetatik urrun dagoena».